Miranda Ebroko langileei elkartasuna Asteasutik

Tolosaldeko Ataria 2018ko ots. 15a, 16:50

Gaur eguerdian elkarretaratzea egin dute Asteasuko Echesa lantegi atarian eta Miranda Ebroko langileei "babesik irmoena" helarazi diete, haien lanpostuen defentsan egiten ari diren borrokan.

Siemens Gamesaren Miranda Ebroko lantegiaren itxiera idatzita jaso dute egunotan bertako langileek. Multinazionala egiten ari den lantaldearen murrizketa plan zabalaren barrukoa da erabakia. 134 langileri eragiten dio eta horren aurka protesta egiteko Zamudioko plantaren atarian elkartu dira gaur eguerdian. Sindikatuek deitu dute elkarretaratzea eta euren "haserrea eta ezinegona" adierazi dute Miranda Ebroko lantegiaren itxieragatik. Zuzendaritzari eskatu diote lantegia berregituratu eta enplegua mantentzeko. Miranda Eborko langileek adierazi dute badutela gaitasuna "berrasmatzeko" eta taldeko beste edozein produktu ekoizteko.

LABek bere aldetik elkarretaratzea burutu du Asteasuko Echesa lantegiaren atarian, Gamesa-Miranda ixteko asmoa salatu eta bertako langileekiko elkartasuna adierazteko. Aspalditik dabil sindikatu abertzalea enpresaren jokabidea salatzen: "Siemensek erosketa egin zuenetik lanpostuen suntsiketari ekin dio eta horrekin batera Gamesa eta bertako langileen ziurgabetasuna areagotu".

Lanpostuen eta lan baldintza duinen defentsa irmo eta sendoa emateko garaia dela uste du LABek eta enplegua erregulatzeko espediente baten bidez 235 lanpostu suntsitu nahi direla, "ELA, CCOO eta UGTren oniritzia eta gero". Enpresa talde osoarentzat industria plan serioa eskatu dute Asteasuko langileek, baita lanpostu guztien erabateko defentsa egitea.

Borrokarako tresna izaten jarraitu nahi du LABek eta Gamesak etorkizun duin bat izan dezan, "orain arte bezala jarrera irmo eta koherentea" mantenduko duela aipatu du. "Gamesan ez dago inor soberan, ez Miranda Ebron ez beste inon", esan dute Echesako langileek.

2020ra bitarteko estrategia

Gaur 2018-2020 epealdiko plan estrategikoaren berri eman du konpainiak Madrilen. 2.000 miloi euroan murriztu nahi ditu kostuak eta sinergien helburua azkartu nahi du. Irabazi garbien %25a dibidenduetara bideratu nahi ditu Siemens Gamesak 2020rako.

Egunotan jakinarazi du multinazionalak munduko offshore parke eolikorik handienaren hornitzaile bakarra izango dela. Ingalaterrako ekialdeko kostaldetik 90 bat kilometrora eraikitzen ari dira itsasoan. Siemens Gamesak hornituko du parkea haize errotekin.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!