Pello Errota gogoan hartuta bertso jarrien afaria egingo dute Asteasun

Jon Miranda Labaien 2018ko otsailaren 15a

Otsailaren 23an izango da bertso afaria Asteasuko Iturri-Ondo jatetxean eta sarrerak dagoeneko eskuragarri daude

Harituz Tolosaldeko Bertsozale Taldeak azken urteetan urtero antolatu izan du bertso jarrien afaria. Normalean abenduaren hasieran izaten da, baina 2017a Bertsolari Txapelketa Nagusiaren urtea izanik, data aldaketarekin dator aurtengoa.

Pello Errota bertsolariaren heriotzaren mendeurrena izango da 2019an eta Asteasuko Udalak bi urtez hainbat ekintza programatu ditu Harituzen laguntzaz. Ekintza sorta horri hasiera emango dio bertso jarrien afariak.

Asteasuko Iturri-Ondo jatetxean izango da aurtengoa. Afalondoan herriko zein eskualdeko bertsolarien bertso jarriak abesteko aukera izango da Tomax Lizardi gitar jotzailearen eta Asteasuko zenbait musikariren laguntzaz.

SARRERAK ESKURAGARRI

Afaritarako txartelak Iturri-Ondon bertan eta Zizurkilgo Iriarte jatetxean eskuratu daitezke aurrez. Horrez gain, leku horietara bertaratu ezin direnek txartela gorde dezakete 695 75 14 50 telefono zenbakira WhatsApp mezu bat bidalita.

Bertso egileek ere aukera dute parte hartzeko, horretarako Harituz bertsozale taldekoekin harremanetan jar daitezke honako helbide elektroniko honetan: harituz.bzt@gmail.com.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!