Hirugarrenez, elkartasuna banatu dute, Asteasutik El Salvadorrera

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko urt. 7a, 15:18

Gaur goizean, III. Elkartasun Krosa ospatu dute Asteasun; bertan, lasterketa ezberdinak egiteko aukera izan da, adin ezberdinetako jendearentzat, eta tartean, elkartasun itzulia ere egin dute batzuk.

Bertako antolatzaileen elkartasunaren adierazle, aurten ere, lasterketan lortu duten dirua, El Salvadorreko Segundo Montes komunitatera bideratua izan da. Hain justu, bertako gazteen ikasketak bideratzeko erabiliko dituzte Asteasuko elkartasun kroseko irabaziak. Lizardi Etxeak, Atzapar Pilota Elkarteak, Matxintxulo Gazte Asanbladak eta Asteasuko Udalak antolatu dute aurtengo lasterketa.

Antton Elizegi antolatzaileak adierazi duenez, "atzoko eguraldi txarra eta elurtea ikusita, ez genuen hainbeste jende etortzea espero, eta gaur goizera arte behintzat, zer egin ez genekiela geunden. Ondorioz, oso gustura gaude emaitzarekin, kopuru polita biltzea lortu dugulako". Aurreko bi edizioetako bakoitzean 1.000 euro inguru bildu zituzten, eta aurten, zifra hori gainditzea izango dute helburu. Diru kantitateari dagokionez ere, balorazio ona egin du Elizegik: "Aurreko urteen kopuru berdinetan edo antzekoetan aritzea aurreikusten dugu, agian zerbait gutxiago, iaz 100 pertsona irten baziren, aurten 70 bat atera direlako".

11:30ean irten dira lehen korrikalariak, 2008tik aurrera jaiotakoak; 500 metrotako ibilbidea zuten aurretik, 10 urtez azpiko neska-mutilek. Batzuek, gurasoen laguntzarekin burutu dute ibilbidea eta Irai Calvo eta Sara Iruretagoiena izan dira azkarrenak. Gero, 2007 eta 2004 urteak bitartean jaiotako haurren txanda izan da. Hauek 2 kilometroko ibilbidea zuten aurretik. Alebinetan, helmugara heltzen lehenak, Intza Urkola eta Beñat Fernandez izan dira, eta infantiletan, aldiz, Snizhana Shevchenko eta Endika Maioz izan dira.

12:00ak jo baino lehen, gaztetxo nahiz helduak lasterka hasi aurretik, elkartasun itzuliak hartu du irteera. Aurten ere, jendea biltzea lortu dute, norberak nahi bezala, izan oinez, izan saltoka edota korrika, 2 kilometrotako ibilbidea osatzeko. Segidan, kadeteak, jubenilak eta seniorrak elkarrekin atera dira, baina lehenengoen ibilbidea laburragoa izan da, 4 kilometrotakoa. Beste bi kategorietako lasterkariek, bi kilometro gehiago egin behar izan dituzte. Kadeteetan, Lander Aizpuruk irabazi du; jubeniletan Iker Elizegi eta Malen Aranbururentzat izan dira lehen postuak; eta helduen kategorian, Iñaki Sarasuak eta Aritz Zubillagak gizonezkoetan, eta Aitziber Ibarbiak emakumezkoetan, gainontzeko lasterkarien aurretik helmugaratzea lortu dute.

Lasterketak, Lege Zaharreko enparantzatik hasi, eta bertan amaitu dira. Guztiak amaitutakoan, herriko plazan hamaiketakoa egin dute, baita sari banaketa ekitaldia eta hainbat opariren zozketak ere. Beraz, III. Elkartasun Krosarekin, amaitutzat eman dituzte, Asteasuko Gabonetako kultur eta kirol ekintzak. Hemen dituzue ikusgai, gaurko lasterketetako azken emaitzak:

Sailkapenak:

Haurrak (mutilak):

1) Irai Calvo

2) Alex Fernandez

3) Aratz Agirrezabal

Haurrak (neskak):

1) Sara Iruretagoiena

2) Maddi Zubillegi

3) Irene Zubeldia

Infantilak (mutilak):

1) Endika Maioz (8'06")

2) Andoni Zumeta (8'20")

3) Ugaitz Usabiaga (9'02")

Infantilak (neskak):

1) Snizhana Sevchenko (9'43")

2) Alaia Santano (10'04")

3) Maialen Velazquez (11'15")

Alebinak (mutilak):

1) Beñat Fernandez (8'08")

2) Julen Zabalegi (8'27")

3) Ibai Izagirre (10'17")

Alebinak (neskak):

1) Intza Urkola (10'34")

2) Diana Sevchenko (10'35")

3) Uxue Aranburu (10'38")

Kadeteak (mutilak):

1) Lander Aizpuru (15'44")

2) Oñatz Otegi (17'29")

3) Ibai Omeñaka (18'31")

Jubenilak:

1) Iker Elizegi (28'42")

1) Malen Aranburu (37'10")

Helduak (gizonezkoak):

1) Iñaki Sarasua (22'01")

1) Aritz Zubillaga (22'01")

2) Zugaitz Aiuso (22'27")

3) Axier Aburuza (23'05")

Helduak (emakumezkoak):

1) Aitziber Ibarbia (25'45")

2) Amagoia Fernandez (27'11")

3) Ana Intxausti (28'29")

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!