III. Elkartasun Krosa izango da igandean Asteasun

Asier Imaz 2018ko urt. 4a, 16:17

El Salvadorreko Segundo Montes komunitatearen alde antolatu dute lasterketa. Aurreko edizioetan 1.000 euro inguru bildu dituzte.

Igandean III. Elkartasun Krosa izango da Asteasun. Lasterketa desberdinak egingo dituzte, adin desberdinetara egokituta. Tartean, elkartasun itzulia ere egongo da, nahi den moduan egiteko: korrika, oinez, kalejiran... hau da, bakoitza bere martxan. Eta noski, ez da lasterketa izango. Krosean lortzen den diru guztia El Salvadorreko Segundo Montes komunitatera bideratuko dute. Hain justu, bertako gazteen ikasketak bideratzeko erabiliko dituzte Asteasuko irabaziak. Lizardi Etxea, Atzapar Pilota Elkartea, Matxintxulo Gazte Asanblada eta Asteasuko Udala dira krosaren antolatzaileak. Aurreko bi edizioetako bakoitzean 1.000 euro inguru bildu zituzten, eta aurten, zifra hori gainditzea izango dute helburu.

Krosaren irteera Lege Zaharreko enparantzan egongo da. Lasterketa amaitutakoan herriko plazan hamaiketakoa egongo da, eta sari banaketa ekitaldiaren ondoren, hainbat zozketa egingo dira. III. Elkartasun Krosarekin amaituko dira Asteasuko Gabonetako kultur eta kirol ekintzak.

Izen-ematea eta ordutegiak

11:30ean irtengo dira lehen korrikalariak, 2008tik aurrera jaiotakoak. 500 metroko ibilbidea izango dute hauek. 11:40an 2007 eta 2004 urte bitarteko haurren txanda izango da. Hauek 2 kilometroko ibilbidea izango dute. 12:00etan lasterketa nagusiak hartuko du irteera. Kadeteak eta seniorrak elkarrekin aterako dira, baina lehenengoen ibilbidea laburragoa izango da, 4 kilometrokoa. Helduenek bi kilometro gehiago egin beharko dituzte. Irabazleek euren sariak izango dituzte.

Izen-ematea 11:30ean irekiko dute eta haurrek euro bat ordaindu beharko dute krosean parte hartzeko. Helduen kasuan, inskripzioa 5 euro izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!