Jende asko espero zen Asteasuko frontoian, eta herri-kirol zaleek ez dute huts egin. Gainera, saio ederra eta bizia ikusteko aukera izan dute bertaratu diren guztiek. Bertan, Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa jokatu da. Azken urteetan bezala, momentuko kirolaririk onenak ikusteko aukera izan da. Guztira, sei izan dira harriak jasotzen aritu direnak: Aimar Galarraga, Aimar Irigoien, Imanol Illarramendi, Jokin Eizmendi, Jon Unanue Goenatxo III.a eta Xabier Aranburu Guzta. Baja bat ere izan da tartean. Izan ere, Iban Ugartemendia hernialdetarrak, besoko arazoak medio, ezin izan baitu Asteasun aritu.
Azken emaitza jakin aurretik, honako lan hauek burutu behar izan dituzte seiek, hiru minutuko lau saioetan: 200 kiloko errektangularra, 175 kiloko zilindroa, 150eko kubikoa eta 125eko bola. Aimar Irigoien zen faborito nagusia, eta iazko txapeldunak, emaitza errepikatzea lortu du, beste behin. Guztira, 8.225 kilo jasotzea lortu du Irigoienek. Eizmendi izan da bigarren, 7.125 kiloko azken emaitzarekin. Hauen atzetik, Xabier Aranburu Guzta sailkatu da, 5.100 kilorekin, laugarrenari, soilik 25 kilotako aldea aterata.
Podiumetik kanpo geratu dira, hurrenez hurren, Unanue (5.075 kg), Galarraga (5.025 kg) eta Ilarramendi (4.850 kg). Azken honek, ez du hasierarik onena izan, 200 kiloko harriari 4 altxaldi eman dizkiolako. Gainontzekoek 5 edo gehiago eman dizkiote, eta hortxe geratu da atzean. Lehen biek, behetik gorako saioa egin dute. Harriak geroz eta pisu gutxiago zutenean, orduan eta indar gehiago erakutsi dute indartsuenek. Baina, lehen bi postuak ziurtatuta zeudela eta, hirugarren posturako egon den lehiak, baliogabetutako altxaldiak, neke eta sufrimendu aurpegiak, eta sustoren bat edo beste ere utzi ditu.
Altxaldiak kontuan hartuta, lehen harriari, hau da, errektangularrari, lehen biek 7na aldiz altxa dute, Aranburuk 6 aldiz, 5na eman dizkiote Galarraga eta Unanuek, eta Ilarramendik, 4. Ondoren, Irigoienek 15 aldiz altxa du zilindroa, 11 aldiz Eizmendik eta gainontzekoek, 7na aldiz. Jarraian, kubikoaren txanda izan da. 13 eta 12 aldiz altxa dute harri hori, hurrenez hurren, lehen eta bigarren sailkatuek; 9 aldiz Unanuek, 8 alditan Ilarramendik, eta beste biek, berriz, 7na aldiz. Azkena, bola izan da. Hemen, berriro ere, Irigoien nagusitu da, 18 altxaldirekin. Haren atzetik, Eizmendik (16), Galarragak (14), Aranburuk eta Ilarramendik (13) eta Unanuek (12) egin dituzte jasoaldi gehien.
Ikuskizun polita eskaini dute harri-jasotzaile guztiek, eta nabari zen, batzuk beste batzuk baino gehiago prestatu dutela gaurko saioa. Lehen eta bigarren postuetarako lehia txikia bazen ere, ondoren sailkatu diren hiru kirolarien arteko borroka azken altxaldira arte luzatu da. Ordu t'erdi inguruko iraupena izan du jaialdiak, eta ondoren, Euskal Herriko 18 urtez azpikoen Aizkolari Txapelketako kanporaketa jokatu da. Hodei Ezpeletak eta Xuban Kañamaresek neurtu dituzte indarrak, 45 ontzako lau enbor eta bi kanaerdiko ebaki behar izan dituztelarik.
Honakoa izan da azken sailkapena:
Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa (Asteasu):
1) Aimar Irigoien: 8.225 KG
1) Jokin Eizmendi: 7.125 KG
1) Xabier Aranburu: 5.100 KG
1) Jon Unanue: 5.075 KG
1) Aimar Galarraga: 5.025 KG
6) Imanol Ilarramendi: 4.850 KG