Rosalia alpina, alpetar kakalardo adarluzea da, zeranbizidoen familiako intsektua eta 15 eta 38 milimetro artean neurtzen dituena. Arren kasuan, antenek gorputzaren bikoitza neurtu diezaieke eta gorputza bezainbeste emeen kasuan. Orban beltz batzuk ditu eta urdin grisaxka kolorekoa da. Kamuflatzen laguntzen dio horrek, batez ere pagondoetan, hori baitu ohiko bizilekua.
Edo hori uste zuten behintzat entomologoek orain arte. Aranzadi zientzia elkarteko kidea da Alberto Castro Gil eta kakalardo espezie hau ikertu izan du: «Europako beste leku batzuetan arbola klase ezberdinetan topatu izan da, baina hemen Euskal Herrian, nagusiki, pagoan deskribatu izan da». Rosalia alpina espezieko banako helduak aktiboak dira udan, ekainetik irailera bitartean. Estaltzearen ondoren, emeek arrautzak jartzen dituzte hildako zuhaitzetan, edo bizirik egon arren, parte handi batean hildako egurra dutenetan. Larbak bertatik elikatzen dira. «Banako helduak arbola batean ikusteak ez du esan nahi bertan ugaltzen direnik. Orain arte, beti pagoan ikusi ditugu larbak. Munduan lehen aldiz gereziondo batean ugaltzen dela ikusi dugu Asteasun. Aurkikuntza esanguratsua da», esan du Castro Gilek.
PRUNUS AVIUM
Aranzadi zientzia elkarteko entomologia departamenduko kidea eta biologoa den Leticia Martinez de Murgia Fernandezek Asteasuko Errekaballaran duen lur sailean egin dute aurkikuntza. Iazko udan ikusi zituen Martinez de Murgiak banako helduak lorategiko gereziondoan. Castro Gil kideari deitu eta zehaztasunez aztertu ahal izan zuten arbola. Gereziondoa erabat ihartu zela eta, adarrik altuenak kimatu zituzten Juan Angel Alvarez arbolazainaren laguntzaz. «Orduan larba bat topatu genuen adar artean, nahikoa hazita zegoena. Horrek erakusten du, prunus avium edo gereziondo batean ere ugaldu daitekeela kakalardo klase hau», azaldu du Castro Gilek.
Beste berezitasun bat ere nabarmendu dute Aranzadiko entomologoek. Orain arte, Rosalia alpina espeziea pagoetan topatu dutenez, eta pagoa, gehienetan mendialdean egoten denez, esanguratsua da oraingo honetan Errekaballaran aurkitzea kakalardoa, erreka ondoan dagoen haran batean. Orain arte, Hernion, Aizkorrin eta Aralarren deskribatu izan dute. Castro Gilen esanetan, «Gipuzkoan zehar ondo banatuta dagoela ikusi dugu, baina populazio txikia da, dentsitate gutxikoa. Banako gutxi daude Europako beste lurraldeekin alderatuta».
ZAURGARRIA DEN ESPEZIEA
Hala ere, Rosalia alpina kakalardo mota atzera egiten ari da, oro har, Europa osoan. Horregatik da babestutako espeziea; zaurgarrien artean dute gaian aditu direnek. «Bakantzen ari da», dio Castro Gilek, «bizirik egon arren, hildako egur nahikoa duten zuhaitz handi eta zaharrak falta ditugu. Euskal Herrian basoek jasan duten ustiapen intentsiboak urritu egin ditu bertako baso autoktonoak. Gaur egun, ez daukagu baso birjinik, baina are gutxiago heldua den basorik. Hortaz, habitat loturak falta zaizkio Rosalia alpina espezieari gure ingurunean».
Asteasun egindako aurkikuntzaren berri emanez, First record of Rosalia alpina in Prunus avium artikulua kaleratu dute Alberto Castro Gilek, Leticia Martinez de Murgia Fernandezek eta Francisco Molino Olmedok. Graellsia aldizkari zientifikoan atera dute. 1943. urtetik argitaratzen da, eta gaur egun, zoologia gaiak orokorrean lantzen dituen arren, entomologian espezializatutako argitalpena da. Sarean doan eskuratu daiteke.