Kaleratzeen plangintzatik kanpo geratu da Echesa

Tolosaldeko Ataria 2017ko aza. 16a, 11:34

Bi alditan atzeratu ondoren, bideo konferentzia bidez egin zuen astelehenean bilera Siemens Gamesako zuzendaritzak sindikatuekin. Ez zuen zehaztu lantoki bakoitzean zenbat langile bota nahi dituen, ezta neurriak 200 langile inguru dituen Asteasuko plantari eragingo ote dion. Hala ere, "ekoizpenean aritzen diren lantegietan" kaleratzerik ez dutela egingo esan du multinazionalak, beraz, pentsatzekoa da ez diola Echesari eragingo.

Azaroaren 7an komunikabideen bitartez jakin zuten langileek Siemens Gamesa taldeak hiru urteko epean 6.000 langile (lantalde osoaren %23a) kaleratzeko asmoa duela. Asteleheneko bileran, iragarpenaren inguruko xehetasun gehiago eman zituen zuzendaritzak eta berregituraketaren zatirik handiena Europa iparraldeko lantegietan egingo duela jakinarazi zuen.

Enpresa osoaren egoitza soziala Zamudioko (Bizkaia) parke teknologikoan dago, eta handik gidatzen dute lurrean jartzen diren haize erroten atala. Espainiako adarrak, guztira  1.700 langile ditu eta Euskal Herrikoak 2.300. Asteleheneko bileran multinazionalak argitu zuen estatuan aritzen diren 341 langile botako dituela aurten, eta 2020ra bitartean, beste 67. Enplegua erregulatzeko espediente baten bidez egingo ditu kaleratze gehienak.

Zenbait iturrik adierazi dute bulegoko lanpostuak direla Siemens Gamesak desagerrarazi nahi dituenak, eta ez ekoizpen lantegietakoak. Sarrigurengo (Nafarroa) egoitzatik gidatzen dituzten ingeniaritza lan gehienak, palak egiteko lantegi bat du enpresak Agoitzen (Nafarroa) eta biderkatzaileen bi planta txikiago Mungian (Bizkaia) eta Asteasun (Gipuzkoa). Echesako LABeko ordezkariek jakinarazi dutenez, "komunikabideetan ateratzen den informazioaren laurdena baino ez digute ofizialki jakinarazten". Zehatz-mehatz kaltetutako plantak eta lantegiz lantegi zenbat langile kaleratuko dituzten ez diete esan. Hala ere, badirudi neurriak ez diola Asteasuko lantegiari eragingo, asteleheneko bileran esandakoaren arabera, "ekoizpen plantetan bakarrik egingo baitituzte murrizketak".

LAB sindikatuaren irakurketa

Echesako LAB sindikatuak adierazi duenez, "beldur" dira Siemens Gamesaren erabakiak eragingo dien eta "albiste larritzat" jo dute multinazionalak joan den astean iragarritakoa. Asteasuko lantegiari begira, enplegu berme bat lortzen saiatu zen sindikatua bere garaian eta esan dutenez, "etorkizunean gure helburu nagusia, lanpostuen defentsa izango da".

Duela hilabete gutxi gauzatu zen Gamesa eta Siemens multinazionalaren arteko fusioa, "euskal instituzioen txalo artean", esan du LABek. Bide batez, gogora ekarri du, finantzazio publikoz sortu zela Gamesa eta iaz inoizko irabazi garbi handienak izan zituela. "2015ean baino %77 gehiago, 301 milioi euroko irabaziak 2016an. Aurtengo lehen hiru hilabeteetan ere 100 milioi euroko irabazi garbiak izan ditu, iaz baino %39 gehiago".

Azken sei hilabeteetan, Siemensek Gamesa erosi zuenetik hona, 135 milioi euroko galerak izan dituela jakinarazi du zuzendaritzak, 5.022 milioi euroko diru-sarrerak izan ditu, aurretik izaten zituenak baino %12 gutxiago. "Gutxiago irabazteari, 'galera' deitzen diote eta orain mundu guztiko langileek ordaindu beharko dute euren lanpostuak galduz. Ez da onargarria, ez dago eskubiderik", esan du sindikatu abertzaleak.

LABek kaleratu duen oharrean aipatu duenez, "fusioarekin akziodunek 1.047 milioi euroko irabaziak jaso zituzten. Eta fusioaren egiteko erabakia hartu zuten zuzendaritzako kideek 82 milioi euro jaso dituzten azken hilabeteetan eragiketa honen ondorioz. Hau izan da fusioaren benetako arrazoia: gutxi batzuk aberastea nahiz horren ondorioz lanpostu asko kolokan utzi".

Kritika egin dio LABek Eusko Jaurlaritzari, "ehun industrialaren zutabe garrantzitsua izan beharko litzatekeen Gamesaren egoera, industria politika ezaren ondorioa da. Zergatik txalotu zuen Arantxa Tapiak fusioa, esanez helbide soziala Euskal Herrian gelditzen zela eta hori nahikoa berme zela?". 

Sindikatuak industria politika berri baterako dekalogoa osatu zuen eta bertan, gisa honetako fusioak baldintzatzeko, "beste gisa bateko neurriak" har daitezkeela esaten zuen. Horretarako, ordea, "borondate politikoa behar da eta hemengo agintariek multinazionalei alfonbra gorria jartzen jarraitzen dute, bertako erabakiguneak desagerraraziz eta multinazional eta exekutiboen interesak babestuz".

Kaleratu nahi izango dituzten langileei elkartasuna adieraziz amaitu du oharra LABek, "instituzioek bakarrik utzi gaituzten honetan". Beraz, borrokaren bidez enplegua defendatzeko deia luzatu du sindikatuak eta Euskal Herriko planta guztietan enplegua mantentzea exijitu du. "Ez dugu kaleratze bat bera ere onartuko".

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!