«Nire euskara da, garai batean edozein herri txikitan nire adineko edozeinek zeukanaren adibide»

Iñigo Otaegi 2017ko aza. 12a, 10:16

Txirrindularitzak emandako indar eta kemenaren filosofiari esker, errealitatearen lekukotzen berri ematen dihardu Xabier Usabiagak (Asteasu, 1969). 25 urte zituela, bihotzeko gaitzak zeharo ezereztu zuen pedalei eragiten jarraitzeko zuen irritsa. Alabaina, ziklismoak berak erraztu zion bizimolde berrirako bidea; besteak beste, irratian, prentsa idatzian eta telebistan lan andana egin du. Hain ohituak gauzkan modu zintzo eta zirtolarian erantzun ditu TOLOSALDEKO ATARIA-ren galderak.

Lehendabiziko pedalkadak agudo eman zenituen.

Nire auzoan, ni baino 8 urte zaharragoa zen gazte bat ziklo-krosean oso fin aritzen zen, eta haren inbidia izaten nuen. Osabak erosi zidan lehen bizikleta, sei urte nituela. Geroago konturatu ginen, Villabonan Irrintzi Eskola sortu zela. Etxeko baimenik gabe, baina, izena ematea erabaki nuen, eta 13 urterekin hasi nintzen korritzen.

Irrintzi eskolan hasi eta denbora gutxira, arrastoa utzi zenuen.

Kadete mailan hasi nintzen onenen artean lekutxoa egiten, adibidez, Gipuzkoako Txapelketa irabazi nuen. Jubenila nintzela, Euskadiko Txapelketan txapeldunorde gertatu ostean, Orbea talde profesionaleko arduraduna, Patxi Alkorta, Asteasura etortzen zen sarri, fitxatu egin nahi ninduelako. Halaber, bazen errezelo bat Gurelesa taldea hobea ote zen formakuntzari zegokionez, eta bigarren aukerari heldu nion.

Gurelesan eroso nenbilen, Espainiako Txapelketa ere irabazi nuen. Lau urte egin nituen afizionatuen kategorian, eta azkenengoa inflexio puntu bat izan zen. Normalean, profesionaletara igarotzen zirenek hiruzpalau denboraldi egiten zituzten afizionatuetan, eta ohartu nintzen mugarri hori iritsi zela. Gainera, afizionatuen lehen sasoian, nire aita hil zen, eta bost senideetan zaharrena naizen aldetik, bizimodua aurrera ateratzeko lanpostu baten premia nuen.

Lesioak tarteko, zalantzak eta beldurrak areagotu egin zitzaizkidan. Alor psikologikoa nire kabuz landu nuen, eta azkenean, urte biribila atera zitzaidan. Euskadiko Txapelketa irabazi nuen, eta Mundukoan ere parte hartu nuen. Lasterketa horien ondoren, bi eskaintza izan nituen, Banesto eta Clas-cajastur taldeena. Bigarrena zen zehatzena, eta bat-batean sinatzeko aukera eman zidaten.

Zertan moldatzen zinen ondoen?

Esango nuke zehaztu gabe nengoela. Alderdi denetan aski txukun ibiltzen nintzen; esate baterako, Euskadiko Txapelketako erlojupekoan bigarren postua erdietsi nuen. Igotzen ere ez nintzen makala, ihesaldiko taldeen parte izaten nintzen, eta maiz, erraz errematatzen nuen. Profesionaletako lehen kontzentrazioan, gogoratzen naiz nola Angel Camarillok zerbaitetan zehaztu beharra nuela jakinarazi zidan. Nolabait esanaz, erdipurdiko lanak ez duela askorako balio profesionalen munduan. Azkenean, lesioetan espezializatu nintzen (barreak). Hainbestean hasi nintzen, profesional hasi berri bati eskatzen zaion errendimendua erakutsiz. Belauneko pare bat lesio tarteko, ez nuen egokitzapenerako aski betarik izan.

Zure garaiko ziklismoaren eta egungoaren artean hainbesteko aldea dago?

Txirrindularitza osatzen duten adarrak aldatu dira, baina, enborra bera da. Kirolari baten gaitasun fisiko eta psikologikoak neurtzen dituen kirol oso gogor bat izaten jarraitzen du. Aldatu dena ingurua da. Entrenatzeko modua esaterako, zientziari esker neurgailu gehiago daude eta errendimendua ere hobea da. Taldearen itxura bera ere aldatu da, gu autokarabana batean joaten ginen noizbehinka; orain, itxurakeria horri garrantzi handia ematen zaio. Managerren kontuari dagokionez, gogoratzen naiz Gurelesa taldeko arduradunekin bilera batean nengoen bitartean, nire aita zena poteoan zebilela. Egun, gazteetatik erraztasun handiak ematen zaizkie ziklistei.

Bestela, kirol maitatua izaten jarraitzen du, dopin kontuekin izandako arazoak kontuan hartuta. Kirolari batek hain esfortzu zintzoa eta duina egiten duenean, zaleari iritsi egiten zaio eta esker onez erantzuten du.

Gaur gaurkoz, eskualdeak eman duen uztarekin baikorra zara?

Azken urteetan, emakumeen txirrindularitzak izan du bilakaerarik onena. Zorionez, emakumeen presentzia sendotzen ari da, eta pixkanaka, merezi duen protagonismoa hartzen ari da.

Gizonezkoei dagokienean, gure garaitik asko jaitsi da, bai kopuruan, baita mailan ere. Tarteka, kopuru mugatu horretatik salbuespenak ateratzen dira; Jon Irisarri kasurako. Kopuru murritzaren ondorioz, nibela ere jaitsi egiten da; eta noizbehinka ateratzen diren txirrindulariak ere, maila ertainekoak izan ohi dira. Orokortu dena da ziklismo popularra, osasungarria dena eta edozeinek praktika dezakeena.

Orain gutxi Mikel Landak Euskadiko Fundazioa berpizteko ardura hartu du. Posible da egutegi batzuen buruan, euskal talde bat gorenean izatea?

Mikel Landa oso inplikatuta dago proiektuarekin; gainera, murgiarraren inertzia horri esker, beste kirolari ohi batzuk egitasmoan sartzen ari dira. Oraingoz ilusioa besterik ez da, baina, asmoa da, hiruzpalau urte barru, Frantziako Tourrean korritu dezakeen taldea osatzea.

Hala ere, herri honek esparru andanatan izan duen arazoa dago tarteko. Sarri, elkarri eskutik hartuta ibili ordez, elkarren kontrako proiektuak sortzen dira. Euskadi Murias-en eta Fundazioaren arteko ezkontza zaila omen da eta hori zinez kaltegarria da. Murias taldea euskaldunak ez diren txirrindulariak ari da fitxatzen, eta Fundazioa gauza bera egiten ari da. Horrek erakusten du, euskal harrobiak bi taldeetarako ez duela ematen, eta batentzat hortxe-hortxe.

Euskal afizioa, beste herrialdeetako batzuen aldean, sutsuagoa dela esaten da. Bat zatoz etiketa horrekin?

Ez da inondik inora ere. Horrek adierazten du ezagutza urria dagoela. Adibide bat aipatzekotan, Flandriako zaletasuna ez dago parekatzerik, bertako banderak lasterketa guztietan ikusten dira, bai pistan baita ziklo-krosean ere. Euskaldunok ez gara hainbesteraino ailegatzen. Egia da euskaldunak zentzu horretan ez daukagula konplexurik, baina, onenak garela esatea ere, gehiegizkoa da.

Barrutik zein lasterketetan sentitu izan duzu babes gehien?

Donostiako Klasikan. Nire bigarren urtean, Jaizkibeleko igoeran txukun aritu nintzen, eta jendearen berotasuna antzeman nuen. Halere, ordutik hona zaletasuna aldatu egin dela esango nuke. Kopurua apika ez zen orain bezainbestekoa, baina, orduan benetako zaleak ziren.

Azken urteetan, batez ere Euskaltelen indarragatik, ziklismo zale ez ziren festazale edo kirolzale asko hurbildu da, eta horiek ez dute bat egin betidanik ziklismoak izan duen filosofia garbi eta zintzoarekin. Beste kirol batzuetan, badago usadioa gogoko duzun talde edo jokalaria kritikatzekoa; eta hori batzuk ziklismora eraman zuten, ordura arte inoiz gertatu ez zenean.

Nola desegin ziren 24 urteko ziklistaren jomugak?

Behin entrenatzen ari nintzela serie batzuk egitea egokitu zitzaidan. Bihotz taupada sarriagoak eta zorabioak sentitu nituen. Ezjakintasunez eta atrebentziaz, berriz ere seriea egin nuen, eta beste behin, ondoeza. Hainbat proba burutu ostean, takikardiak zeudela esan zidaten. Konponbide bila Madrilera abiatu ginen, Geronimo Farre mediku famatuarengana; eta berarekin 8 ordu ebakuntza-gelan pasa eta gero, esan zidan ezin nuela ziklista profesionala izaten segi.

Jazoera hura hondoa jotzea izan zen niretzat. Ordura arte, bizitza guztia bai ogibide gisa, eta baita amets eta bizitza proiektu gisa ere, hara bideratu nituen, eta aterako ez zela argi izan nuenean, hondoa jo nuen. Gainera, aitaren heriotza eta formakuntza urria tarteko, ezer gabe sentitu nintzen. Bost senideen anai zaharrenaren ardurarekin, mundua behera etorrita.

Ingurugiroak nola erreakzionatu zuen notiziaren aurrean?

Herrian sekulako ilusioa piztu zen ni profesionaletara igaro nintzenean, eta albisteak lur jota utzi zituen asko. Nik irabazi izandako argazkietan ikusi izan dut, nolako poza hartzen zuen jendeak nik balentriaren bat egiten nuenean. Orenseko Itzulia irabazi nuenean, herrira iritsi eta etxafuegoak eta dena bota zituzten. Gaitza azaldu ondoren ere, omenaldia egin zidaten herrian. Asteasuarrei eta lagunei bihotzez eskertuta natzaie, bai bizikletan ibili nintzenean egin nuen apurrean ondoan izan nituelako, eta utzi nuenean babesa eman zidatelako.

Azken urte hauetan, bihotzeko antzeko arazoak gertatu dira. Baina, sasoi hartan izugarrizko albistea izan zen, ezagutza ezagatik ez zelako hainbeste zabaldu. Ziklista xumea izan arren, hamaika hedabidek jo zuen nigana.

Komunikabideetan indartsu sartu zinen.

Txirrindularitza utzi berritan, apirilean, Euskal Herriko Itzulia komentatzeko Ser irrati katetik deitu ninduten. Itzulia amaitu, eta Herri Irratiak, Radio País Vascok eta Euskadi Irratiak nirekin kontaktatu zuten. Hizkuntzagatik Euskadi Irratian aritzeko hautua egin nuen; hori bai, hilabeteko kontua izango zelakoan. Ondoren, Euskaldunon Egunkarian kolaborazioak egiten hasi nintzen, entrenatzaile nazionalaren titulua ateratzen nenbilen bitartean. Hortik urtebetera, Argia saria eman zidaten, eta beraz, Argian ere idazten hasi nintzen. Ciclismo a fondo aldizkarian ere kolaboratu nuen.

1997. urtean, Joxe Mari Oterminek, Euskal Telebistatik, natura programa batzuk grabatzeko proposamena egin zidan. Telebistarekin lehen hartu-emana izan eta segituan, Txirrindularitzako iruzkinak egiteko abagunea ere sortu zitzaidan telebistan. 2000. urtean, kirol tartea aurkezteko eskaintza jarri zidaten mahai gainean. Tartean, denetara ailegatu ezinda, kolaborazio batzuei bizkar eman behar izan nien. Azkenik, 2008. urtean, albistegiak aurkezteko aukera sortu zitzaidan, eta horri ere heldu egin nion.

Usabiaga abizena entzutean, askok euskara aipatzen dute.

Nire euskara da, garai batean edozein herri txikitan nire adineko edozeinek zeukanaren adibide. Gero, ahal dudan neurrian, etxean dugun idazlearen liburuetatik, bertsolaritzatik eta beste hainbat iturrietatik edanda aberasten joan naiz. Tamalez, nire etxetik eta Asteasuko plazatik hasita, euskara jatorraren oinarria kutsatzen ari da, beste hizkuntza eta egoerengatik. Inolako azterketa soziologikorik egin gabe, baina, egunerokoa kontuan hartuta, emandako atzerapausoak handiak dira.

Esamolde arrotzengatik ere ezaguna zara.

Norbaitek Facebook orrialde bat sortu zuen, nik botatako esaeren zerrendarekin. Umorez hartzen dudan zerbait da, ez dut kritika txarrik jasotzen. Pronostikoen kontuagatik ordea, egurtu egiten naute (barreak). Poza ematen dit, orain ohikoagoak direlako. Dena den, euskararen aberastasuna lehendik ere hor zegoen, nik ez dut ezer berezirik egin. Aitona-amonei edota herriko jendeari entzuten nizkien esamoldeak eguneroko kontaerara eraman ditut, besterik ez.

ETB-ko lan taldearen barruan, euskara maila zer moduzkoa da?

Talde batzuetan, euskara maila oso-oso ona da, eta nire ustez, ETB-k behar lukeen eredua da. Halere, beste talde batzuetan, akaso neurgailua oso goian jartzen dudalako, nibela negargarria da. Harrituta geratzen naiz, nola euskara maila horrekin, euskarazko komunikabide publiko batean lan egin daitekeen. Agian hitz gogorrak dira, baina, euskaragatik sentiberatasuna eta maitasuna sentitzen dugunok, profesionaltasunez eta seriotasun gehiagoz jokatu beharko genuke. Guk ez badugu lan hori egiten, euskara galbidera ez, baina, behar duen mailara ez da ailegatuko.

Aurkezle lanak egiten disfrutatzen duzu?

Asko. Oso barneratuta dut sekulako pagotxa dudala nire ogibidean. Inguruan ditudan lanpostu ugari dago, gogorrago eta esker txarragokoak direnak. Norbera bere bizitzaren eta errealitatearen lekuko izan, eta lekukotza horren berri emateak bere ardura badu, baina, aldi berean zoragarria da. Ziklismoko proba ikusten egon, eta zure iritzia ematea lagunartean egongo bazina bezala, ederra da. Kasu horretan zaletasuna ere tartekatzen da, ziklismoaren harra hor dago. Halere, gauza berriak ikasteko irrikaz nago, eta ez diot ezeri aterik itxi nahi. Etorriko dira erronka berriak, korrespontsal gisa lan egitea ere gustatuko litzaidake, adibidez.

Datu base bat aspaldidanik ari zara elikatzen.

Zerbaitez harro baldin banago, datu baseaz da. Hasi nintzenean inork ez zuen horrelakorik. Arestian aipatu bezala, formakuntza saio horietako bat informatika izan zen, eta ikusi nuen bide bat, informazioa modu garbi eta xehean biltzeko aukera. 1995. urtean hasi nintzen datu basea elikatzen, eta gerora inoren inbidiarik gabeko datu base bat dut, neronek partikularki egina. Gainera, ikus-entzuleak asko eskertzen du xehetasun horien berri ematea txirrindularitza emankizunetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!