«Ez da nik nahi nuen bukaera, ez baitute aitortu torturatu nindutenik»

Jon Miranda Labaien 2017ko ira. 28a, 07:40

Azken hilabeteotan Suitzan babesa eman dioten kideak eta aspaldi ikusi ez dituen eskualdeko lagunak besarkatu ahal izango ditu etzi Zurichen, 'Free Nekane' kanpainaren barruan antolatu den manifestazioan.

Zurichetik telefonoz erantzun die Nekane Txapartegik (Asteasu, 1973) TOLOSALDEKO ATARIA-ren galderei. Urteetan eskualdeko euskarazko komunikabideekin etenda izan duen kanala berriz zabalik dago; «nahi duzuenerako», esan du asteasuarrak.

Aurreko irailaren 15ean utzi zintuzten libre Zurichen. Lehen egun hauek zertan eman dituzu?

Dena azkar samar joan da eta espero ez bezalako bukaera izan du kontuak. Pixkanaka lur hartzen ari naiz. Hemen emandako elkartasuna eta babesari erantzun eta ahal dudan neurrian parte hartzen ari naiz antolatutako ekimenetan. Free Nekanekanpainaren barruan bi asteko egitaraua zegoen antolatuta eta egunotan ahal den hitzaldi guztietan izan naiz. Bizitakoa konpartitu dut hemengo jendearekin.

Azkeneko ia urte eta erdia, behin behinean eman duzu preso Suitzan. Espainiako Auzitegi Nazionalak zure zigorra preskribatutzat jo eta autoa kaleratu zuen irailaren 14an. Espero al zenuen erabakia?

Ez da nik nahi nuen bukaera, ez baitute aitortu torturatu nindutenik. Hamaika urteko espetxe zigorra ezartzetik hiru urtera murriztu didate azkenean. Egia esan, juridikoki ez nuen esperantzarik horrela bukatuko zenik. Espainiak eta Suitzak torturaren gaian posizionatu gabe eta atzeko atetik hartu duten erabakia izan da. Sorpresaz harrapatu nau, baina niretzako, hala ere, ez da kontua hemen bukatu. Erabaki guztiak torturapean egindako deklarazioetan oinarritzen dira, eta hortaz, askatasunean nago baino aitortzarik gabe. Esango nuke askatasun erdian nagoela.

Espainiako ministro kontseiluak zu estraditatzeko eskaera egin eta handik 10 hilabetera, 2016ko apirilean atxilotu zintuzten Zurichen. Tarte horretan, jarraika izan zenituen Espainiako poliziak?

2014an nabaritu nuen polizia espainolaren presentzia Suitzan. Ihesean berriro ihesi. Ikusten nuen bazetorrela berriz erasoa. Denbora kontua izango zela banekien, tentsioa eta beldurra sentitu nituen. Mendeku gosea du Espainiako estatuak eta beste inoiz egin izan duten bezala, bahiketaren bat edo muntaien bat egingo ote zuten beldur nintzen. Tentsio handikoak eta nahikoa hilabete zailak izan ziren. Atxiloketarena, berriz, 1999koa birbizitzea izan zen. Gehienbat alabarekiko kezkak, berarekin zer gertatuko zen ez jakiteak larritzen ninduen.

Atxiloketaren unean alemanez hitz egiten zuten poliziek, baina niri espainolez ere aritzen zirela iruditu zitzaidan. Nik hori argitzeko eskatu nuen eta egia esan salaketa bat irekita dago Espainiako poliziaren kontra, baimenik gabe, atzerriko herrialde batean aritzeagatik. Suitzarrek ez dute interes handirik agertu hori argitzeko.

Sistematikoki Suitzako justizia Espainiako estatuaren alde agertu da bai estradizioaren eta baita asilo politikoaren auzian. Zergatik uste duzu gertatu dela hori?

Suitzak ere azkenean ez du posizionatu nahi izan torturaren gaiarekin. Argi eta garbi, torturaren legitimazioa egin du eta Espainiako estatua babestu du. Nik batzuetan, ez nekien erabaki politikoak non idazten ziren, edo Madrilen edo Zurichen. 1999ko argudio berberak entzun behar izan ditut behin eta berriro. Suitzak neutralitatearen gorapena egiten du beti, baina aldi honetan torturatzaileei babesa eman die, lotsagabeki.

Nik uste, interes politiko eta ekonomikoak babestu eta euren artean dituzten negozio zikinak gorde nahi izan dituztela. Baina bestaldetik, ni tortura sistematikoaren adibide bat besterik ez naiz. Helburua, Europako herrialde batean sistematikoki tortura erabili dela ezkutatzea izan da. Nazioarteko komunitateak joera hori du: torturatuak ezkutatzearena tortura ez dela existitzen esateko. Nire sinesgarritasuna zalantzan jarri dute.

Nahiz eta hilabete hauetan behin eta berriro zure tortura salaketa sinesgarritzat jo duten hainbat adituk. 

Nire kasua, beste batzuk ez bezala, oso kasu argia izan da hasieratik. Mediku txostenak ere badaude tartean. Klase eta elite politikoa izan ezik, beste alde guztiak posizionatu dira eta aitortu dute torturatua izan nintzela. Nahiz eta torturaren aurkako hitzarmenak idatzi, interes ekonomiko eta politikoek garrantzia handiagoa dute giza eskubideek baino. Hemen ere gizarte zibila eta mugimendu sozialak alde batetik doaz eta gobernuak bestetik.

Hain zuzen, elkartasun sare inportante bat osatu da Suitzan. 17 hilabete hauetan, babes handia eskaini al dizute?

Izugarria izan da babesa. Ez nuen horrelako surik pizterik espero. Ezkerrak presentzia du Suitzan, gehienbat talde txikietan banatuta eta nire borroka honek batu egin ditu. Egia esan izugarria izan da elkartasuna. Nire kasuarekin Euskal Herriko gatazka Europan ikusarazi dugu eta tortura sistematikoaren gaia azaleratu da. Ni atxilotu berri nindutenean, Paco Etxeberriaren txostena atera zen eta torturatuen kopuruak eman ziren argitara. Une hori aprobetxatu genuen nire gaiarekin lotu eta tortura sistematikoaren presentzia ikustarazteko. Begiak ireki ditu jende askok, Europan praktika horiek ere ematen direla geratu zaie bistan. Jendeak sentitu du kalera ateratzeko beharra eta 17 hilabeteetan espetxe baldintza gogorrei aurre egiteko benetan izugarrizko indarra izan da babes hori sentitzea.

Suitzan zurekin batera izan al da beste preso politikorik?

Ez. Momentuan ni nintzen preso politiko bakarra. Emakume torturatua izanik, oraindik ere indartsuago erreakzionatu du jendeak, mugimendu feminista ere bogan dagoelako hemen. Preso politiko bat egon zen bertakoa zena, baina duela urtebete atera zen kalera. Egia da inor ez dela ni bezainbeste denbora eta hain baldintza gogorretan egon.

Zer nolako baldintzatan eduki zaituzte Suitzan ezagutu dituzun bi kartzeletan?

Espainiako lehenengo graduarekin parekatu dezakegu. Prebentibo nengoen espetxe batean, seguritate neurriekin, eta prebentibo geunden presoen baldintzak gogorragoak ziren, kondenatuenak baino. Dena kentzen dizute, harreman politiko, afektibo eta kulturalak mozten saiatzen dira. Abokatuari telefonoz deitzeko ere ez genuen aukerarik izaten. Minimoetan uzten zaituzte, gero sistemarekin bat egin dezazun. Preso ia gehienak atzerritarrak dira, dirurik ez dutenak. Produktu higienikoak lortzeko dirua behar izaten da esaterako, eta horretarako lana eskaintzen dizute; esplotazio eta zapalkuntzan oinarritutako sistema da espetxearena.

Gizartean emakumeek jasaten duten jazarpena oraindik ere areagotu egiten al da espetxean? 

Espetxe barruan kapitalismoaren sabelean gaude. Heteropatriarkatuaren pisua nabari dugu, bereziki, emakumeok. Gizonek gizonezkoentzat egindako erakundeak dira kartzelak eta gu hierarkia horretan azkeneko eskalan gaude. Ez geneukan ezta modulu propiorik ere: emakumeak, transexualak eta buruko gaixotasunak zituzten gizonak, denak batera, modulu bakarrean eta berezi izena ematen zitzaion horretan geunden. Sexismoa eta zapalkuntza uneoro jasaten genituen. Niretzako gogorra izan da subjektu izaten segitzeko eguneroko borroka.

Azken urte hauetan Euskal Herrian, inguruan dugun errealitatea irakurtzeko tresnak eman dizkigu feminismoak eta eraldaketarako motore ere bihurtu da. Horrela ikusten al duzu?

Bai. Nik uste dut kontzientzia kolektiboa zabaldu dela. Lehen independentzia lortzerakoan beste eraldaketa guztiak etorriko zirela pentsatzen genuen eta orain ikusi dugu denak batera joan behar dutela. Nik nire barruan, baina batez ere espetxean bizi izandakoarekin, ihesean, ama bezala... borrokarako tresna bat topatu dut feminismoan.

Nagoen lekuan borrokan jarraitu behar dudala iruditzen zait eta hautu hori egiteagatik zigor eta zapalkuntza gehiago jaso dut. Horregatik, nire eskubideen alde borrokatzen nuelako aldatu ninduten espetxez eta arrazoi beragatik bueltan ekarri ninduten Zurichera.

Suitzan administratiboki zein egoeratan zaude? Euskal Herrira itzultzeko zein aukera duzu?

Orain nire egoera erregulatu behar dut eta egunotan paperak egiten nabil hemen. Hala ere, oraindik Espainiako estatuaren mendeku gosea bizirik dagoen bitartean, arriskuan nago. Torturatu ninduten garaiko legedi antiterrorista oraindik indarrean dago eta beraz, ez dut bermerik gertatu zitzaidana berriz ez gertatzeko. Ikusten dut egoera ez dela segurua. Magoek bezala, txapela azpitik beti zerbait atera dezakete eta hori argitu bitartean nahiago nuke leku seguruan jarraitu.

Hizkuntzarekin zer moduz moldatzen zara?

Moldatzen naiz. Kalean ikasi dut. Nik izan dudan babesarekin eta hizkuntza ezagututa horrela mespretxatu banaute, jakin nahi nuke beste iheslariekin nola jokatzen duten, hizkuntza eta laguntzarik gabe iristen diren horiekin. Ez gaituzte pertsona bezala tratatzen, maleta bezala baizik, giza eskubideak oinarrizkoenak ere ez dituzte errespetatzen.

Etziko Zuricheko manifestazioaren deialdia mantendu da eta eskualdetik aspaldi ikusi ez duzun jende asko joango da. Urduri?

Ni kalean nago baina espetxeak beteta daude. Gure kideek hor jarraitzen dute eta aitortzarik ez dugu lortu. Suitzan erabaki genuen jarraitu behar genuela borrokarekin. Nik nahi dudana da adieraztea, ni ez naizela bakarra eta euskal gatazkaren barruan kontestualizatu behar dela nire kasua. Lan hori egin nahi dut. Espainiako estatuaren demokrazia eza eta euskal preso politikoekiko eta beren senideekiko mendekua ikusarazteko lana badago oraindik. Borroka ideologikoa da egin nahi dudana. Ahal dudan eta moldatzen naizen neurrian horretan segituko dut.

Egia esan, emozio aldetik blokeatuta nago, hainbeste bizi izan baitut denbora laburrean. Gogoa badut aspaldi ikusi ez dudan jendearekin elkartzeko eta alabari ezagutzen ez duen zati hori erakusteko. Nire begietatik ezagutzen du Euskal Herria, nik kontatu diodanagatik eta orain izango da momentua, hori errealitate bihurtzeko. Gogoz nago eta urduritasun puntu batekin. Hala ere, egunotan nabaritu dut, kideekin nituen harremanak bere horretan mantendu direla. Pasa den denborak ez dituela gure harremanak hautsi.

Zein iritzi duzu Euskal Herrian bizi dugun egoera politikoaz?

Hainbeste urte kanpoan pasa eta gero falta zaizkit oinarriak hausnarketa orokor bat egiteko. Ikusten dut mugimendu sozialak eta gizarte zibilaren aldetik indarra dagoela. Hori klase politikoarekin nola uztartu daitekeen ikusi beharko da. Kezka badut horrekin baina informazioa falta zait nire irakurketa egiteko. Bi mundu elkartzen ari zaizkit orain. Euskal Herriarekiko harremana segurtasunagatik etenda eduki dut orain arte eta azken aldian Suitzako errealitatea ezagutu dut. Zubi lana egin beharko dut orain eta medioek euskal gatazkaren inguruan zein mezu zabaltzen duten ikusita, nire gogoa horrekin haustea da. Horretan saiatuko naiz.

Hamar urte daramazu Asteasutik kanpora. 

Bai. Herrimina saiatu naiz albo batera uzten. Orain hemen nago eta hemen nire bizitza antolatzen nabil. Suitzan ere gustura nago. Horra bueltatzeko gogoz nago, baina nahiko nuke ordurako fase bat ondo itxi. Hemen lortu dudana, hemengo lagunak, alaba ere hemen hazi da... Dena ondo itxita bueltatu nahiko nuke. Gauzak denborarekin eta ondo egin nahi nituzke.

Zein mezu zabaldu nahi duzu Asteasuko eta eskualdeko herritarren artean?

Lehenik eta behin, babesa eta elkartasuna eskertu nahi nizkieke. 17 hilabete hauetan hor egon dira eta horrek indar handia ematen du aurrera jarraitzeko herriaren parte sentitzen baitzara. Hau borroka kolektiboa da eta preso guztiak etxeratu arte jarraitu behar dugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!