Berezia eta jendetsua

Erabiltzailearen aurpegia Josu Artutxa Dorronsoro 2017ko irailaren 24a

Egun guztian zehar, urteroko azoka berezia ospatzen ari dira Asteasun. Goizean, arroz-esne lehiaketa ospatu da, eta jana nahiz edana eskuratzeko aukera izan da, animalien nahiz bestelako produktuen postuak bisitatu bitartean.

Jaiegunak izaten dira, normalean, igandeak. Baina, iraileko igandeek badute zerbait berezia. Eskualdeko zenbait festa ospatzen dira asteburu hauetan, lehen bietan, gainera, horren ezaguna den Kontxako estropadako jardunaldiak izaten dira, eta hil honetan gainera, zazpi egunez behin, erromeria ospatzen dute, Ernion. Baina, badira zenbait herri, bertan ekoitzitako produktuak saltzen jartzeko tartea hartzen dutenak, eta aitzakia horrekin ospatzen dira, azokak. Pasa den astean Ibarran egin ondoren, gaur, Asteasuk hartu du lekukoa.

Iraileko azken igandea izanik, aurten, Oñatin aurrera ematen ari diren Gipuzkoako Ikastolen Elkartearen aldeko Kilometroak 2017 jaiarekin batera egokitu da, Asteasun, Azoka Berezia ospatzea. Berezia eta jendetsua. Ingurutik, herritar ugari bildu da, Usabarri pilotalekuan eta ondoko plazan jarritako postuak bisitatzera. Askok, Erniora igo ondorengo jaitsiera aprobetxatu dute, bertan geldialdi txiki bat egiteko.

Eskulanak, arropa, baratzeko produktuak, animaliak... denetik izan da bertan. Ikusi, dastatu eta erosteko. Herriko trikitilari gazteak ikusi eta entzuteko aukera ere izan da. Hauek gainera, arratsaldean ere ariko dira hauspoak eta panderoak astinduz, Ttipika taldearen dantzaldi gidatuaren aurretik.  Goizean, talogileek ere hartu dute beren lekua eta protagonismoa, inguruan, sekulako ilarak sortu direlarik.

Arroz-esneak eta kalabazak

Aurtengo azokako unerik garrantzitsuena, eguerdiko 12:00ak aldera heldu da. Ordu horretan, arroz-esne lehiaketako sari banaketaz gain, Asteasuko baserritarrek eramandako kalabazen artean, gehien pisatzen zuenari ere eman diote garaikurra. Kalabaza pisutsuenaren saridunak, Intxusa-goikoa baserrikoak izan dira, 49 kilogramo pisatzen zituen barazkia hezteari esker.

Arroz-esne lehiaketan, berriz, guztira, 10 parte hartzaile izan dira, eta horien artean, lehen hirurek eraman dute saria etxera. Hemen ikus dezakezue sailkapena.

Arroz-esne lehiaketako sailkapena:

1. Arantxa Eizagirre (Usurbil): 75€ eta garaikurra.

2. Pablo Etxeberria (Asteasu): 50 € eta garaikurra.

3. Oinatz Aranburu (Asteasu): 25 € eta garaikurra.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!