Nekane Txapartegi libre geratu da Suitzan

Tolosaldeko Ataria 2017ko ira. 15a, 20:49

Espainiako Auzitegi Nazionalak ostegunean auto batean preskribatutzat eman zuen asteasuarrari egotzitako delitua, eta hortaz, Espainiak bertan behera utzi du haren kontrako estradizio eskaera.

Txapartegi 1999an atxilotu zuen Guardia Zibilak eta hilabete batzuk preso eman ondoren, aske utzi zuten. 2009an 18/98 sumarioan epaitu zuten, Xaki atalean, eta sei urte eta bederatzi hilabeteko zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Nazionalak, "ETArekin kolaboratzeagatik". Epaiketa hartan asteasuarrak salatu zuen inkomunikazio aldian torturatu egin zutela, baina hala ere, torturapean egindako deklarazio horietan oinarrituta zigortu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak. Espetxeratu aurretik, ordea, ihes egin zuen.

2015eko Espainiako ministro kontseiluak Txapartegi estraditatzeko eskaera egin zion Suitzako gobernuari eta handik 10 hilabetera, 2016ko apirilean atxilotu zuten Zurichen. Harrezkero, ia urte eta erdi eman du behin-behinean preso, Suitzak Espainiako gobernuak emandako agindua noiz beteko. 

Bien bitartean, asteasuarraren defentsak jarritako helegitea aintzat hartuz, Espainiako Auzitegi Gorenak hiru urte eta sei hilabetera murriztu zion zigorra joan den otsailean. Ostegunean, berriz, Espainiako Auzitegi Nazionalak autoa kaleratu zuen esanaz era horretako delituek preskribatu egiten dutela zigorra ezarri eta bost urtera.

Honenbestez, baliorik gabe gelditu dira Txapartegiri jarritako zigorra, haren kontrako estradizio eskaera eta hura bilatu eta atxilotzeko agindua. Atzo arratsaldean Zuricheko espetxetik atera eta inmigrazio zentro batera eraman zuten asteasuarra. Senide eta lagunak beldur izan ziren Suitzatik kanporatu eta Espainiaren esku utziko ote zuten, baina iluntzeko 20:00 inguruan aske uzteko agindua eman eta zentrotik atera zuten, libre.

Egoera juridikoa

Suitzan atxilotu zutenean estradizio eskaera baliogabetzeko eskatuz, 1999an egin zizkioten torturak salatu eta frogak aurkeztu zituen Txapartegiren defentsak. Salaketa sinesgarritzat jo zuten apirilean bi psikiatra adituk eta  Istanbulgo Protokoloa erabilita ondorioztatu zuten inkomunikatuta egon zen hamar egunetan torturatua izan zela eta bere aurkako epaiak torturapean lortutako inkulpazioak zituela oinarri. Suitzak Justizia Federalak, ordea, entzungor egin zien froga horiei eta joan den uztailean berretsi egin zuen Txapartegi Espainiaratzeko agindua.

Tortura salaketa horiek berak oinarri hartuta asilo politikoa eskatu izan dio Txapartegik Suitzako gobernuari. Ukatu egin izan diote. Haren senitarteko eta lagunek aipatu dutenez, behin estradizio eskaera bertan behera geratuta, ez dute uste asilo politikoa emango dionik Suitzako gobernuak. Hala ere, asteasuarrak Suitzan bere egoera legala normalizatzeko tramiteak egin beharko ditu datozen egunetan.

2016ko apirilean Zurichen atxilotu zutenean gainean dokumentazio faltsua eramateagatik beste auzi bat ere zabaldu zion Espainiako estatuak eta hori abokatuekin argitu bitartean Euskal Herria ez itzultzeko erabakia hartu duela jakinarazi dute Txapartegiren gertukoek.

Hala ere, Suitzan datozen egunetarako iragarrita zeuden elkartasun ekitaldiekin jarraituko dute Txapartegi libre dagoen arren. Printzipioz, irailaren 30erako Zurichen deituta zegoen manifestaziorako hitzordua mantendu dute eta eskualdetik bertara joateko asmoa agertu du jendeak. Herriko tabernetan edo 615 708 732 telefonoan eman beharko da izena eta bidaiaren kostua 50 eurokoa izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!