«Orain, profesional garaian ez bezala, pilotan gozatzen ari naiz»

Iñigo Otaegi 2017ko uzt. 27a, 08:43

Maila profesionala atzean utzita, lasaiago dabil Julen Urruzola asteasuarra. Garfe enpresarekin dago orain eta gustura dagoela dio; afizionatuen mailan «zerbait polita» egiteko asmoa du Urbieta herrikidearekin batera.

Duela hiru urte jantzi zuen Julen Urruzolak (Asteasu, 1990) Aspeko elastikoa lehendabizikoz. Hiru urterako kontratua eskaini zion enpresak, baina, espero gabeko tenorea izan zen, afizionatuen mailan aparrean aritu eta gero. Orotara, 90 partida inguru jokatu ditu, denboralditik denboraldira, gutxiago. Behin Aspe eta Urruzolaren arteko hartu-emana amaituta, zorioneko aldartean dabil asteasuarra.

Pilotalekuetatik urrun ibili zara aspaldian. 

Azken neurketa orain dela bederatzi hilabete jokatu nuen, San Mateo torneoan. Norgehiagoka giltzarria izan zen gerora begira, ez baitzidaten partida profesionalik gehiago jarri. Partida oso txarra jokatu genuen Jaunarena eta biok, Arretxe II.a eta Imazen aurka. Antza, lehia hartan eman nuen itxura, aski motibo izan zen enpresako teknikarientzat karteldegietatik nire izena kentzeko. Enpresak agintzen du, eta ez dago onartzea besterik.

Kontratua indarrean egon da ekainaren 21a bitarte.

Bai, eta ez diot entrenatzeari utzi. Finean, badakit pilotari gisa are gehiago hobetzeko baliagarri izango zaidala entrenamendu bakoitza. Egia da lan saioetara ilusioz joaten dela pilotari oro; baina, asteburuko jaialdietan iragarrita ez bazaude, motibazio eskasian sentitzen zara.

Pilotari gutxik lor dezakete errendimendu ona hain partida gutxi jokatuta.

Hori da. Niri esan zidaten, erabaki horren atzean San Mateotako partida soilik zegoela.  Aurretik ordea, oso norgehiagoka gutxi jokatu nituen, eta horrela ez da batere samurra pilotalekuan maila onean aritzea. 

Ezeren okerrik ez dela, pilotariek beraien erabakiz hartzen dute erretiroa, edota, enpresak ez die kontraturik berritzen. Alabaina, hainbat kasutan etapa profesionalari agur esateko jaialdia antolatzen dute pilotariarentzat. Pena ematen dizu salbuespena izateak zentzu horretan?

Ez. Egia esanda, orain agurtzeko partida bat jartzea lotsagarria litzateke. Batetik, enpresak dirua lortuko lukeelako niretzat antolatutako jaialdia tarteko; ez litzaidake bidezkoa irudituko, nirekin ez dira eta ondo portatu. Bestetik, jokoz ere ez nago boladarik onenean. Jendeak sarrera ordaintzen duenean, ganoraz jokatuta eman behar da erantzuna, eta nik ez daukat horretarako konfiantzarik. 

Debuta egin aurreko elkarrizketan, aitortu zenuen Asteasu herri pilotazalea zela, eta pilotari profesional bat izatearen ilusioa zegoela. Amaiera iluna medio, nolako erreakzioa izan dute ingurukoek?

Jakin-mina zegoen, eta normaltasun osoz, egoera zein den azaldu diet. Halaber, garbi uzten diet nire xedea pilotan gozatzea dela, eta hori Aspen egon naizen bitartean ez dudala lortu. Azken urtean, ez nenbilen gustura jokatzen, jarraipenik gabe; lesioek ere ez zuten lagundu. Orain ordea, beste umore batean nago, gogo betez. Herritarrak ohartu dira horretaz, eta beraiek ere pozik daude.

Halere, pilota profesionala aberasgarria izango zitzaizun, ezta?

Nahiz asko sufritu dudan, pilotan jokatzen ikasi dut. Gauzak beste modu batean ikusten dituzu, beste mentalitate batekin egiten diezu aurre oztopoei. Pilotaz gehiago disfrutatzen ere ikasi dut. Horrez gain, esan gabe doa, azken hiru urtetako onena, ezagututako jende guztia dela. Orain profesionalak diren askok, izugarrizko babesa azaldu didate, eta beti hor egongo dira.

Alderdi batzuk sakontzeke zenituela aitortu zenuen debutaren atarian. Presaka jokatzen zenuela, pilotari ez zeniola posizio egokian jotzen...

Egia da. Profesional etapan ondo nengoenean, lasaiago jokatzen nuen pilotan. Halere, azken urtean ez da halakorik izan. Zenbat eta partida gutxiago jokatu, orduan eta konfiantza gutxiago, eta presio gehiago sentitzen duzu. Jokatzen nuen gutxitan, pilotazaleei erakutsi nahiak ere baldintzatzen ninduen.

Ikusitakoak ikusita, atzera eginez gero, profesionaletara jauzi egingo zenuke?

Profesional tenorea bere osotasunean aintzat hartuta, ez. Ez litzaidake gustatuko berriz pilotan sufritzea. Konplikatua da ordea, kontratuaren aurrean ezetz esaten, are gehiago ilusioz gainezka zaudenean. Alabaina, ezagutu dudan pertsona mordoa ezagutzeko parada eman dit Aspek. Gainera, pilota profesionala gertutik bizi izan dut, eta inork gutxik esan dezake hori.

Ekainaren 24an, pilotaren katedralean, ibilbide profesionalari hasiera eman zenion.

Zinez egun polita izan zen debutarena. Ezkurdia eta biok trakets jokatu genuen, Jaka eta Cecilioren kontra. Ez naiz urduri jartzen den horietakoa, baina, egun hartan dezente larritu nintzen. Galdu arren, lagunek topera animatu zidaten, ederra izan zen.

«Ni Irujo, ni Olaizola, Julen Urruzola!»

Halaxe abesten zuten (barreak). Kantxatik atera ostean ere, autobusean kantatzen jarraitzen zuten; izugarrizko giroa jarri zuten, asko bete ninduen lagunartearen babesak. Betirako gogoan izango dudan eguna da.

Finalerdi bidegabe hura gogoan duzu?

Bai. Mendizabal III.a eta biak bolada oso onean genbiltzan, ederki hartu genuen elkar. Finalera igarotzeko abaguneak bagenituela uste dut, baina, beste maila bateko bikote batekin egin genuen topo. Rico IV.a eta Larunbe zen bikote titularra, eta lesionatuta zeudenez, Asegarcek Arretxe II.a eta Apraiz jarri zituen haien ordezko gisa. Gogoan dut erabakia ez zela zaleen gustukoa izan, txistuka hasi ziren, eta Apraizek pilota jotzen zuen aldiro, ‘Larunbe!’oihukatzen zuten. Sekulako marmarra nabaritzen zen kantxatik. Azkenean, Asegarceko teknikari batek harmailetatik ospa egin zuen. Esperientzia mingarria izan zen.

Profesionaletako une garratzek zure pasioa zapuztu al dute?

Ezta pentsatu ere. Pilota nire pasioa da, eta ez diot bizkar emango. Dagoeneko partida batzuk jokatu ditut Garfe enpresarekin, eta oso gustura nabil. Gainera, afizionatuen mailan ere zerbait polita egiteko asmotan gabiltza; Xabier Urbieta herrikidea eta ni Asteasuko Atzapar taldean hasiko gara. Orain, maila profesionalean ez bezala, pilotan gozatzen ari naiz. Lasaiago ateratzen naiz kantxara.

Debutaren aurreko jokoa berreskuratzea jomuga.

Bai. Nire aburuz, debutarena ez zen kasualitatea izan. Oso maila ona nuen, orain baino hobea esango nuke. Pilotan nahiko erraz aritzen nintzen, pentsatu gabe eta natural ateratzen zitzaizkidan egin beharrekoak. Profesionaletan ez naiz maila hori erakustera iritsi. Egun, presiorik gabe nago, eta maila emango dudan esperantza dut. 

Eskualdeak emaniko uzta oparoaren parte zara.

Debutatzen ez dutenak ez dira ahantzi behar, profesionaletan aritzeko maila badute, baina, aukerarik ez zaie eman. Lana oso ondo egiten ari da Tolosaldean, etorkizun handia dago eta pilotari andana aterako da. Lehen, pilotarien sehaska Nafarroa zen moduan, orain Gipuzkoa da lekukoa kendu diona. Gainerakoan, Altuna III.a eta Artola jada goiko koskan dabiltza, eta lorpen handiak eskuratuko dituzte, lehenago edo beranduago. Dena den, pilotari sail horren aleetako bat izatea, pozgarria da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!