«Gure lana poliziaren lanarekin konparatzen dute askok»

Irati Saizar Artola 2017ko uzt. 26a, 08:45

Sorosleen lana ardura handiko lanpostu bezala defini daiteke. Gehienbat prebentziozko lana egiten dute, baina bi begiak erne edukitzea da eginbehar nagusiena.

Lau urte daramatza Ion Gorostidi tolosarrak Asteasuko igerilekuetan sorosle lanetan. Igerileku lasaitzat definitu du Asteasukoa, baina, pazientzia eta ardura beharrezkoak ditu bere lana ondo burutu ahal izateko.

Tolosaldean bi igerileku soilik daude. Jendeak zergatik hautatzen du Asteasukoa?

Nire ustez, Tolosako igerilekua udan oso masifikatua egoten da, gehienbat eguraldi ona egiten duenean. Jendeak badaki Asteasun jende gutxiago biltzen dela eta orduan, gusturago etortzen da hona.

Zer dute Asteasuko igerilekuek besteek ez dutena?

Gehienbat lasaitasuna. Jendea ere oso atsegina da; bertakoa, ingurukoa. Hori, herri txiki bateko igerilekua delako izan daiteke. Egia esan, errespetudun jendea ibiltzen da. Azken finean, 531 pertsonako edukiera du igerilekuak eta udako egunetan 500-600 pertsona inguru pasatzen dira egun guztian zehar.

Zerbait falta du? 

Nik uste dut ezetz. Taberna bat daukagu, ondo kudeatua. Agian, txikikeri bezala, toki berde pixka-pixka bat gehiago beharko luke.

Sorosleen lana garrantzitsua izango da, baina, instalazioak ondo egoteak ere izango du bere garrantzia.

Bai, hori ere gure lana bezain garrantzitsua da. Mantentzeaz arduratzen den pertsona bat dago: ura birziklatu, garbitu, kloro kantitatea neurtu, robota pasa, egunero egiten dira lan horiek. Guztira bi pertsona daude mantentze lanetarako eta hiru soroslek egiten dugu lan; txandaka moldatzen gara.

Igerilekuaz aparte beste zerbitzurik eskaintzen da?

Tabernako zerbitzua, baina, hori ez du gure enpresak eramaten. Aparteko gauza bat da.

Sorosle lanak ardura handia eskatzen du.

Azken finean, gure lan gehiena prebentiboa da, gero esku hartzeak ahalik eta gutxiena izateko; gehienbat jendea ondo portatu dadin arauak betetzeko gaude. Gure lana polizien lanarekin konparatzen dute askok; esku zorrotzarekin ibili beharra dago.

Sorosle on baten ezaugarriak zeintzuk dira?

Gehienbat pazientzia. Horrez gain, begi ona eta jendea ondo eramaten jakitea ere gauza garrantzitsuak dira. Baita bertako jendea ondo ezagutzea ere.

Herri txiki bateko igerilekua izanda, erabiltzaileak ezagunak izango dituzu. Konfiantza horrek arriskuak ekartzen ditu? 

Bai, marra gorria pasatzea ekar lezake horrek. Argi eduki behar dugu lanean gaudela; batzuk zure lagunak izan daitezke baina ezin da ahaztu zein den gure lanpostua eta ardura. Hori bereizten jakin behar du sorosle on batek.

Tolosako kloro isuriarena enteratu zinenean zer pasa zitzaizun burutik?

Hasiera batean informazio oso nahasia iritsi zen Asteasuko igerilekuetara. Jendeak gauza bat esaten zuen hasieran, eta beste gauza bat geroxeago. Informazio ofiziala atera arte itxaron genuen. Egia esan, barruko igerilekuan gertatu zen; hemen horrelako isuri bat pasatzen bada gehienez azaleko narritadurak izan litezke kalteak, ez dago arnaste arriskurik, igerileku irekia baita. Baina kontuan izan behar da kloroa gauza serioa dela, gehienbat arnastea.

Nolatan zara soroslea? Bokazioa da?

Bai, betidanik gustatu izan zait. Kirola txikitatik gustatu zaidan gauza bat izan da eta afizio hori ofizio bihurtu da. Sei urte daramatzat lan honetan eta Asteasun laugarren urtea dut.

Lehen itxuran sorosle lanak aspergarria eman lezake. 

Jendea dagoen egunetan, guztira 10 minutu egiten ditugu eserita igerileku ertzean edukitzen dugun aulkian. Igerileku inguruan biraka egoten gara normalean, gehienbat ikuspuntu ezberdinak kontrolpean edukitzeko. Eserita eguraldi txarra dagoenean egoten gara. Igerilekuetan edo lan asko daukazu, edo ez daukazu lanik.

Igerileku ingurua kontrolatzea al da zuen lana?

Gehienbat bai. Gero denbora baldin badago eta igerilekuak uzten badigu, belarretako gauzak ere kontrolatu ditzakegu. Baina lehenengo helburua uretakoa da; ezer pasa ez dadin.

Nola iritsi daiteke pertsona bat sorosle izatera? Zer bide egin behar da?

Titulazio bat dago. Bi modu daude: bata, sorosleentzako Espainiako Federazioak eskaintzen duen ikastaro bat eginda, edo bestea, Gurutze Gorriaren bidez.

Zure ibilbide profesionalean izan duzu ezustekorik?

Nik pertsonalki ez. Igerileku honetan duela hiru urte susto bat izan genuen. Nire lankideari gertatu zitzaion, haur bat bihotz-geldialdian atera zuen uretatik.

Haur talde bat igerilekura iristen denean zein izaten dira ematen dizkiezu lehen arauak?

Normalean, haurren taldeetan begirale arduradun bat egoten da. Horrekin hitz egin eta haurren zaintzan egoteko eskatzen diegu. Asteasuko igerilekuko arau nagusienetakoa da 9 urtetik beherako haurrek ezin dutela igerileku barruan bakarrik egon, pertsona heldu baten menpe egon behar dutela. Gu berez ez gara zaintzaileak, beraz, arduradunei eskatzen diegu haurrak kontrolatzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!