Behin betiko erabakiaren zain

Jon Miranda Labaien 2017ko uzt. 10a, 19:08
Nekaneren aldeko elkarretaratzea, ostiralean, Asteasuko plazan.

Aurretik hartutako erabakian ez du gehiago sakondu Suitzako Justiziak eta orain, asteasuarraren defentsak hamar eguneko epea izango du azken helegitea jartzeko.

Joan den martxoaren 23an Espainiako gobernuak Nekane Txapartegi estraditatzeko egindako eskaera onartzea erabaki zuen Suitzako Justizia Federalak. Asteasuarraren abokatuek erabakiaren aurkako helegitea jarri ondoren, Suitzako gobernuak aurreko ostegunean, uztailaren 6an, berretsi zuen estradizioa. «Uste genuena baino lehen iritsi da erabakia», esan dute Txapartegiren gertukoek.

Suitzako Justizia Federala ez da auzia aztertzera sartu. «Espainia konfiantzazko estatu demokratikoa» dela esan eta berretsi egin ditu estradizioa ebazteko martxoko epaiketan emandako argudioak. Nekane Txapartegiren anaia Josebak adierazi duenez, «bere tortura salaketak ibilbide osoa egin ez izana jarri dute aitzakiatzat, artxibatu ondoren jarri zitezkeen errekurtso guztiak ez agortzeagatik». Hurrengo egunetan aurkeztuko dute asteasuarraren abokatuek azken errekurtsoa eta senideek susmoa dute erabakia laster etorri daitekeela.

Suitzak Txapartegi Espainiaren esku uztea erabakiko balu, azken helegite bat jartzeko aukera izango luke defentsak, NBEko Torturaren Aurkako Komitean. «Abokatuek esaten dutenez, batzorde horrek esango lukeena ez litzateke Suitzarentzat loteslea izango, baina zenbait kasutan, behin betiko erabakia hartu aurretik aintzat hartu izan dute Genevak esandakoa. Beste batzuetan, ordea, erabaki horren zain egon gabe burutu dute estradizioa».

Kasu hori emango balitz, Auzitegi Nazionalak jarritako hiru urte eta erdiko espetxealdia bete beharko luke Txapartegik Espainian. «Ostegunean kaleratu zen 20 orriko txostenean gauza positibo bakarra ikusten dugu: Nekanek Suitzan preso daramatzan 14 hilabeteak hartuko lituzketela kontuan Espainian zigorra betetzeko». Horrekin batera, asilo politikoa ukatuz, martxoa bukaeran Suitzako Justizia Federalak emandako erabakiari jarritako helegitearen erantzuna hemendik gutxira espero dute Txapartegiren senideek. «Kontrakoa» izango dela suposatzen dute senideek eta hala balitz, behin betiko amaituko litzateke asilo politikoaren auzia.

Olivier Peter abokatuak ostiralean jakinarazi zion erabakia Txapartegiri Zuricheko espetxean. «Nekarentzat ustekabekoa izan dela eta hunkituta dagoela esan digu», aipatu du Josebak. Iaz egin zen bezala, aurten ere, iraila bukaeran Suitzan manifestazio bat egin asmo dago eta «printzipioz» horren antolakuntzan jarraituko dute Nekane Libre plataformatik. Bien bitartean, gutunak idaztera (Gefangnis Zurich. Rotwandstrasse 21. Postfach. 8036 Zurich. Switzerland) eta Lora irratira deitzeko deia luzatu dute plataformatik. Bihar, eguerdiko 12:45etik 13:00etara, 0041445672400 telefonoan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!