Raketisten historia erakusketan bilduta

Jon Miranda Labaien 2017ko uzt. 7a, 11:13

Asteasuko udaletxeko bigarren solairuan astelehena bitarte erakusgai izango dira emakume raketisten argazkiak.

Miren Uzkudun Tapia (Asteasu, 1922) mundu mailako lehenengo emakume kirolari profesionalen taldekoa dugu. Apretonekoa, Asteasu ezizenarekin raketista gisa ibili zen munduan zehar 18 urte luzetan. Hamabost frontoi baino gehiago ezagutu zituen, Mexikon, Kuban, Bartzelonan eta Tenerifen, besteak beste.

Raketistak Lehen Eta Orain kultur kirol elkarteak emakumezko pilotari profesional bat existitu zen herri bakoitzean ibili nahi du erakusketa. Lehen geldialdia Asteasun egin dute Ainhoa Palomo elkarteko kideak aipatu duenez: «Kronologikoki bilduma egin nahi izan dugu eta Asteasu raketista historian kokatu nahi izan dugu, jendeak jakin dezan hemen pilotari profesional bat izan zela».

1917tik 1980. urtera arte iraun zuen mugimendua izan zen emakumezko raketistena eta elkarteko kideek dokumentatu ahal izan dutenez, 150 pilotari baino gehiago ibili ziren pilotalekuz pilotaleku.

Eskaintza hirukoitza

Asteasuko udaletxeko bigarren solairuan argazki bilduma dago ikusgai eta horrekin batera Miren Uzkudunek berak utzitako argazki eta dokumentuak jarri dituzte. Asteasu pilotariak herriaren aitortza jaso zuen San Pedro festetan Raketistak Lehen Eta Orain kultur elkarteak antolatutako pilota partidaren barruan.

Jon Juanes elkarteko kideak aipatu duenez, «oraindik bizirik dauden raketista hauek hil aurretik jaso beharreko informazioa dela uste dugu, bestela haiekin batera desagertuko da altxor guztia». Hain zuzen, emakumezko pilotari hauen testigantzak jasoz dokumentala osatzen ari dira eta aurki ikusiko du argia. Erakusketarekin eta pilota partidekin batera ibili nahi dute herriz herri.

Aurrera begira, Anoeta eta Tolosan agertu dute erakusketa jartzeko interesa, baina bien bitartean Asteasun izango da ikusgai, astelehena bitartean, 18:00etatik 20:00etara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!