Asteasuko sanpedroak 2017

Tradizioa mantentzeko soka

Asteasuko San pedro jaiei, atzo eman zioten hasiera, eta gaur ospatu dute egun handia. Elizmendi inguruan izan dira goizeko ekitaldi nagusiak: diana, prozesioa, meza nagusia, soka dantza eta pilota partidak.

Asteasuko San Pedro festak aurrera jarraitzen dute, eta gaurkoa izan da bigarren eguna, herriko festen egun handia. Ekainaren 29arekin batera ospatu dute asteasuarrek San Pedro eguna, eta guztia, udaletxean hasi da. Bertatik abiatu da diana Elizmendira, udalbatzako kideak tartean zeudela. Meza nagusiaren ondoren, prozesio laburra egin dute zinegotziek eta alkateak. Bertatik, txistulariak, eliza ingurura gerturatu dira, bertan zain zituztelako dantzariak.

Elizmendi txiki geratu da

Dantzariak zain, eta ikusle ugari beren mugikor eta kamerak eskuetan zituztela, une berezirako prest. Elizmendin tradizio bihurtu den soka dantza dantzatu dute herriko zenbait mutil gaztek. Emozioa ere ez da falta izan bertan. Aurresku eta atzeskuaren arteko desafioaren ondotik, bien agurrak eta dantzari guztiek dantzatutako azeri dantza etorri dira. Gero, fandangoa eta arin-arina dantzatu dituzte herritar batzuekin batera.

Azkenik, eta goiza borobiltze aldera, jana eta edana banatu dituzte bertaratutakoen artean. Guztientzat zeuden txorizo eta haragi egosi pintxoak, baita edateko ugari ere. Eta hain justu, hamaiketako horrek girotu ditu pilota eskolako txapelketako finalak. Bi jokatu dira, aurre-benjaminen mailakoa, eta benjaminena. Lehenengoan, Unax Maioz izan da garaile, Ioritz Elolari irabazi ostean, eta bigarren finalean, berriz, garaipena Aimar Segurolarentzat izan da, Oihan Lancetari uste baino errazago irabazi eta gero.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!