2017ko sanpedro jaiak, goizean, haurren egunari ekitearekin batera hasi badira ere, ofizialki arratsaldean eman zaie hasiera, sorginaren jaitsieraren ondoren. Gogoz ari zuen euria baina, udaletxeko balkoia betetzearekin batera atertu du. Asteasuko Bertso Eskolako haurrek bertsoak abestu eta Gure Esku Dago ekimeneko kideek irakurri dute mezua. Beraiek izan dira suziria jaurtitzeko ardura izan dutenak. "Berdintasunez betetako jai euskaldunak nahi dituztela" esan dute, jende ugari bildu den plazari begira.
Horren aurretik, ordea, pilota partiden txanda izan da, eta Arkupeko Pilota Txapelketako nahiz Gizonezkoen Pala Txapelketako finalak jokatu dira. Txupinazoaren ondoren, berriz, kalejira egin dute herriko kaleetan zehar, bertako txistulari, buruhandi eta erraldoiekin, haurrek berriro ere protagonismo handia hartu dutelarik. Buruhandiekin jolasean, izua, poza, eta susto txikiren bat edo beste nagusitu dira Asteasun. 22:00etatik aurrera, egunari amaiera emateko, bertso saioaz gozatzeko aukera izango da plazan.