Amorruaren aurkako neurriak Asteasuko artxiboan

Ataria 2017ko maiatzaren 25a

Argazkia: Asteasuko Udal Artxiboa, 0017-02.

Amorruaren aurkako babes neurriak hartzeko idatzitako bi gutun topatu dituzte Asteasuko artxiboan, bata 1853koa eta bestea 1867. urtekoa. Ereiten elkarteko kide eta Asteasuko artxiboko arduradun Amagoia Piak eman ditu argibideak:

Denek dakigu nor den Louis Pasteur (1822-1895), pasteurizazio prozesu famatuaz gain beste hainbat aurkikuntza egin zituen medikuntzaren inguruan. Antisepsiaren gurasoetako bat izan zen, ebakuntzetan erabiltzen zen materialaren esterilizazioari esker heriotza eragiten zuten hainbat gaixotasun saihestuaz. Baina gainera, infekzio-gaixotasunen ikertzaile handia ere izan zen. 1880 urtean hegaztien koleraren inguruko ikerketak egin zituen eta 1885 urtean amorrua (hidrofobia izenez ere ezaguna) gaixotasunaren aurkako bakuna lehenengo aldiz frogatu zuen haur batean.

Bitartean Asteasun Osasun Batzordeak hainbat neurri abian jartzea erabaki zuen 1867 urteko gutun batean ikusi dezakegun bezala. Hidrofobia gaixotasun kutxakorrak hain eragin beldurgarriak zituen neurri benetan zorrotzak proposatzen zirela. Batetik, zakurrek gaixotasuna hartu ez zezaten: “...todos los perros de esa villa (...) se encierren por un periodo cuando menos de 40 días (...) disponiendo acto continuo la muerte de todo aquel que se encuentre fuera de su casa...”; bestetik, gizonen bat kutsatua izan den ikusteko “...el hombre mordido por dicho perro será observado todos los días por los facultativos(…) durante al menos 40 días (...) y propinándole durante dicha observación los medicamentos que aconseje la ciencia”; eta gainontzeko aziendak kutsatu badira, “Respecto  a los ganados mordidos se reconozcan todos los días y a la menor indicación de estar enfermos (...) se matarán sin consideración de ninguna especie y serán enterrados con una profundidad conveniente.”

Honelako babes neurriak hartzeko idatzitako 2 gutun ditugu artxiboan, bata 1853 eta bestea 1867 urtekoa. Azken hau da goian aipatutako neurri zorrotzak agintzen dituena. Lehenengoan, 1853 urtekoan, behi batek zakur gaixotu baten hozkada jaso zuela eta listua jariatzen zegoenez hil eta sakon lurperatzeko agindu zuten, baserriko gainontzeko aziendak ere ikuskaritzapean geratuko zirelarik.

Baina, 1889 urtean Pasteur jaunaren amorruaren inguruko aurkikuntzak ongi ezagunak ziren. Ordundik aurrera ditugun gutunetan azienden babes-neurriak berdinak izaten jarraitzen zuten arren, gaixoturik gerta zitezkeen pertsonenak oso bestelakoak ziren. Honela dio gutunak: “...que un perro ha mordido al niño José Manuel Sarasola...disponga su envío al Instituto Pasteur de Paris o al de Ferran de Barcelona…”. Haur honen kasu zehatzean Parisera bidali zuten gastuak Udalak eta Foru Aldundiak erdibana ordaindu zituztelarik.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!