Muskerraren bidea orain mugikorretan

Jon Miranda Labaien 2017ko mai. 11a, 13:34

Herriko txokoak jasotzen dituen ibilbide turistikoa azaltzeko mugikorretarako Asteasu Obaba aplikazioa aurkeztu dute.

Bernardo Atxagaren Obabakoak eleberriaren geografia fisikoa osatzen duten tokiak Muskerraren bidean daude bilduta 2015eko azarotik. Bi kilometroko ibilbidean, zazpi interpretazio panel daude jarrita, testu, ilustrazio, mapa eta argazkiekin eta tokiko informazio zabalarekin. Orain Asteasu Obaba mugikorretarako aplikazioarekin, «esperientzia osatuko dute bisitariek», Pili Legarra Asteasuko alkatearen hitzetan, «eskura izango baitute informazio osoa».

Donostiako Alambre estudioak egin du aplikazioa eta Android eta iOS sistema eragileak dituzten mugikorretan doan deskarga daiteke, euskaraz eta gaztelaniaz. Behin deskargatuta ez da sarerako konexiorik beharko. Alde batetik Muskerraren bidea ibilbidearen mapa kontsultatu ahal izango da aplikazioan eta geldialdi bakoitzari buruzko informazioa emango da. Testu eta argazkien bidez, tokien, eraikinen eta pertsonaien inguruko informazioa jasoko du bisitariak.

Eneko Uriarte, mugikorretarako aplikazioa garatu duen Alambre enpresako kideak nabarmendu duenez, Bernardo Atxagak berak emandako azalpen audioak daude aplikazioan eta azalpenok ibilbidean dauden interpretazio panelen informazioa osatzen dute. «Lokuzio profesionalekin egin izan dira horrelakoak, baina egokiagoa iruditu zitzaigun azalpen hauek Atxagaren ahotsean entzutea». Museografia eta kulturarekin arduratuta, Gida izeneko proiektua garatu zuen Alambre enpresak eta Asteasu Obaba aplikazioaren aurretik antzekoak egin dituzte Hondarribian, Iruñean edota Bartzelonako Park Güellen.

Mundu osoan ezagun egin den alegiazko lurralde literarioa inspiratu zuen parajea bertatik bertara ezagutzeko gonbita egin die bisitariei Legarrak. Foru Aldundiaren laguntzari esker garatu duten mugikorretarako aplikazioa hartu eta «Asteasuko eta Aiztondoko ikuspegi ederrak ikusi eta bertako historia eta pertsonaiak ezagutzeko aukera izango dute».

Iturri bueltako lehen apustua

Hain zuzen, Asteasuren eta Obabaren «ondare zabala eta anitza» ezagutarazteko, Muskerraren eguna antolatu du Asteasuko Udalak lehen aldiz. Helburu bikoitza aipatu du alkateak: «batetik, bisitariak erakartzea Asteasu esperientzia erakargarri eta eraikitzaile baten bidez ezagutu dezaten; eta bestetik, Muskerraren bidea herri komunitatea sendotzeko nortasun elementua den neurrian, herritarrei zuzendutako eguna antolatzea».

Maiatzak 21, igandea
10:30. Muskerraren bidea: Bernardo Atxagarekin.
11:30. Muskerraren bila: jolasa familientzat.
12:30. Mokadua.
13:00. Apustu herrikoia Asteasuko plazan.
18:00. Ez dok hiru antzezlana Usarrabi frontoian.

Eguerdiko 13:00etan plazan dagoen iturriaren bueltan apustu berezia antolatu dute gainera. «Jakina da herri apustuzalea dela gurea eta Atxagak Muskerraren bidea liburuan jasoa du bere garaian iturri horretan egin zen apustua; Gero ere errepikatu izan da erronka gisa eta orain ofizialdu egingo dugu», esan du Legarrak.

Iturriari hogei buelta ahalik eta denbora gutxien erabilita ematea da apustuaren helburua. Iturriaren bueltan bi bide daude: bata barrukoa, iturriaren bueltan dagoena eta bestea kanpokoa, iturriaren kontrara metro batera dagoena. Bikoteko kide batek barruko bideari 10 buelta eman beharko dizkio eta beste kideak, aldiz, beste hainbeste kanpoko bideari. Bien denborak gehituta ateratzen dena izango da bikote horrek lortutako denbora.

Bikote guztiek apustuan parte hartu ostean sailkapen bat osatuko da eta bertan lau denbora onenak dauzkaten bikoteek finala jokatuko dute. Bertan erabakiko da I. Iturri bueltako apustuko txapelduna. Egunean bertan eman ahal izango da izena, baina baita aurrez ere, Asteasuko udalera goizez deituta, 943 69 19 07 telefonora edo Asteasuko tabernetan dauden izen emateko orrietan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!