Eskualdean, urteko lehen festak, Elizmendikoak

Tolosaldeko Ataria 2017ko api. 28a, 11:00

Asteasuko auzoan bihar eta etzi ospatuko dizute Santa Krutz jaiak eta urteroko musa, trikitia eta herri kirolak izango dira.

Urteetan ospatu gabe egon ondoren duela 20 berreskuratu zituzten Asteasuko Elizmendi auzoko festak. Santa Krutz egunaren bueltan antolatu izan dituzte eta aurten, maiatzaren 6 eta 7an Aiztondon maskaradak emango direnez, aurreko asteburura aurreratu dituzte. Bihar eta etzi murgilduko dira jaietan.

Asteasun San Pedroak eta Santamañako festak izaten dituzte, ekaina bukaeran eta uztaila erdialdean, hurrenez hurren. Elizmendiko Santa Krutzek, ordea, badute berezgarria herri giroko festak baitira. Joxe Ramon Aiertza antolatzaileak aipatu duenez, «trikitilari onak ekartzen ahalegin berezia egiten dugu». Azken urteetan berdinak ibili izan dituzte eta bihar, adibidez, Izer eta Alabier izango dira Asteasun, «ingurunea ondo ezagutzen dute eta jendearen gustukoak dira». Igandean, Laja eta Narbaiza gonbidatu dituzte Elizmendiko festetara.

Ximon, festaren ikur

Bihar 16:00etan emango zaie hasiera Santa Krutzei eta elizako kanpandorretik Ximon jaitsiko dute. Aiertzak azpimarratu duenez umeak «zoratzen» egoten dira horrekin. Igande iluntzean igoko dute berriz ere festei amaiera emateko.

Herriko haur guztiak ibiltzen dira Elizmendin egun hauetan eta haiengan pentsatuta haur jolasak eta merienda prestatu dituzte bihar arratsalderako. Helduek berriz, hitzordu garrantzitsua izango dute 20:30ean, herri afaria izango baita erretore etxean. «Aurreko urteetan, esate baterako, ehun lagun inguru bildu izan dira».

Beste herri batzuetan Santa Krutzak ospatu arren Larraul, Villabona eta Zizurkilgo jendeak badu Elizmendira gerturatzeko ohitura. Aurten ere espero dituzte Asteasuko auzoko festetan.

Egitaraua:

Apirilak 29, larunbata

16:00 Txupinazoa.

Ondoren. Haur jolasak eta merienda.

16:30 Mus txapelketa herrikoia, eskola txikian. 16 urtetik gorakoentzat. 15:45ean hasiko da izen ematea. Bikoteko partaide bat Asteasun erroldatutakoa izan beharko da.

Ondoren. Zezen txiki eta poneyak.

19:30. Izer eta Alabier.

            Buruhandiak.

20:30. Herri afaria Erretore etxean. Txartelak apirilaren 27ra arte salgai Elizmendiko Ogi Zurin, udaletxean goizez eta kultur etxean arratsaldez.

22:30. Zezen suzkoa.

23:00. Erromeria, Izer eta Alabierrekin.

Apirilak 30, igandea

11:30. Meza Santa Kruz ermitan.

Ondoren. Hamaiketakoa eta toka txapelketa.

17:00. Herri kirolak eta buruhandiak.

Ondoren. Laja eta Narbaiza.

22:00. Jaien amaiera.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!