Nekane Libre geratu arte mobilizatzen jarraitzeko deia luzatu dute Asteasun

Tolosaldeko Ataria 2017ko api. 6a, 21:37

Asteasuko Udalak Txapartegiren kasua gertutik jarraitzeko eta Suitzar agintariei bere inguruko informazioa eskatzeko konpromisoa hartu du, Nekane Libre plataformak aurkeztu duen mozioa onartuta. Ondoren, 19:30ean herriko kaleetan zehar manifestazioa egin da duela urte bete atxilotu zuten Txapartegiren libre utzi dezaten eskatzeko.

Joan den martxoaren 23an Suitzako Justizia Federalak Espainiako gobernuak egindako estradizio eskaera onartzea erabaki zuen. Nekane Libre plataformako kideek ostiralean azaldu zutenez, «alperrik izan dira abokatuen lanak eta aurkeztutako dokumentazio guztia, Nekane torturatua izan dela ez omen delako frogatu». Asteasuarraren defentsak proba ugari aurkeztu ditu azkeneko urtebetean 1999an Guardia Zibilak atxilotu zuenean torturatua izan zela frogatzeko: «Paco Etxeberriaren taldearen txostena, tortura salaketari sinesgarritasuna ematen dioten Suitzako psikologoen txostena, Istanbulgo protokoloa, Amnistia Internazionalen salaketa eta OMCT Torturaren Aurkako Mundu Erakundeak egindako aitortza».

Plataforman biltzen diren senitarteko eta lagunek esan dutenez, «Nekanek urte bete oso bat pasa du lehen erabakiaren zain, alabarengandik banatuta, espetxeko baldintza txar eta oso gogorretan eta horrek guztiak egunerokoan sortzen duen sufrimendu eta ezinegonarekin». Txapartegi estraditatzeko Suitzako Justizia Federalak eman duen baimenari helegitea jartzeko hilabeteko epea dute orain abokatuek. «Bigarren erabakiaren zain geldituko da Nekane, berriro ere erabaki hori noiz iritsiko den jakin gabe eta kartzelako egoera gogorra jasaten», esan dute plataformako kideek.

Zurichen preso duten Txapartegiren egoerak gatazka politikoaren konponbideari «eraso zuzen» bat egiten diola uste dute Nekane Libre plataformako kideek. «Espainiako gobernuak beste behin ere oso garbi utzi du zein den bere alternatiba bakarra herri honentzat: askatasuna eta demokrazia oinarri dituen egitasmoa gelditu nahi ditu eta horretarako espetxea eta errepresioa dira bere alternatiba».

Uste dute aurkeztutako probak eta dokumentuak «ezin argigarriagoak» direla eta galdera luzatu dute: «proba hauek ez badute balio nola frogatu daiteke tortura kasu bat? Ematen duenez, bai Espainian eta bai Suitzan poliziaren hitzak bakarrik balio du. Injustiziak alde guztietan».

Horregatik aurkeztu dute mozioa Asteasuko Udalean eta gaur 19:00etan egin duten ez-ohiko osoko bilkuran onartu dute Asteasu Batuz taldeko zinegotzien aldeko botoekin. EAJk mozioa alternatiboa aurkeztu du baina talde horretako ordezkaririk azaldu ez denez, mahai gainean uztea erabaki dute bildutako zinegotziek.

Asteasuko Udalak, honenbestez honako puntuak onartu ditu:

1.-Gure babes eta estimu osoa adierazi nahi diogu Nekaneri, ama bezala bere alabarekin ez egoteak suposatzen duen guztiagatik. Modu berean babes osoa bere senide eta gertuko lagun denei. Eta nola ez bere alabari.
2.-Udal honek bere konpromisoa hartzen du kasu hau gertutik jarraitzeko eta  Suitzar agintariei Nekaneren inguruko informazioa eskatzeko.
3.-Modu berean, Espainiako Gobernuari erasoak eten eta euskal herritarrei etorkizun demokratiko eta baketsu bat eskaintzeko deia egiten diegu. Modu berean, Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen Sailari, Nekane Txapartegik salatu zituen tortura kasu larriak aztertu eta kasuaren jarraipena egin dezala eskatzen diogu.
4.- Azken egun hauetan Euskal Gatazkaren inguruan berri asko eta mobilizazio asko iragartzen ari dira eta gure aportaziorik onena hauetan partehartzea da, bai Baionan apirilaren 8an egingo den bileran, eta bereziki  “Nekane Libre plataformak”  datorren apirilaren 6 an, Asteasun antolatu duen manifestazioan.
5.-Asteasuko Udalak, adierazpen hau, komunikabide guztiei helaraziko die.

Manifestazioa jendetsua Asteasun

Urtebete da gaur Nekane Txapartegi Suitzan atxilotu zutela. Horregatik goizean Bilbon, Suitzako kontsulatuaren atarian elkarretaratzea egin dute eta iluntzean Asteasun manifestazioa burutu da. Eskualdeko jende ugari gerturatu da bertara. 

Behin manifestazioa bukatuta, poesiak, kantuak eta hitzartzeak izan dira. Txapartegiren gertukoek mobilizatzen jarraitzeko deia egin dute Nekane Libre geratu arte. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!