Aurrekontu zuhurra eta plaza berritzea helburu 2017an

Ataria 2017ko mar. 8a, 07:55

Astelehenean, ohiko osoko bilkuran, Asteasuko udalbatzak aurrekontua onartu eta aurten egingo dituen inbertsio nagusiak zehaztu zituen.

Herriko plaza birmoldatzeko aurreproiektua idazteko 20.000 euro bideratuko ditu aurten Asteasuko Udalak. «Gure proiektu izarra da eta udal taldearen nahia da plaza oinezkoentzat egokitzea», esan du Pili Legarra alkateak. Urteak daramatza udalak asmo horrekin baina gaia beti egon da herriko enpresa pribatu baten egoerari eta atzeko bide bati lotuta. Auzia hurrengo urterako ebatzita egotea espero dute eta 2018an, beraz, «pauso zehatzagoak» ematea plaza egokitzeko. Besteak beste, partaidetza prozesu bat martxan jartzeko asmoa aipatu du Legarrak.

2017rako aurreikusitako inbertsioetako bat izango da plazaren birmoldaketaren proiektuarena; ez bakarra, ez diru kopuru handiena eramango duena bai «garrantzitsuena». Aurrekontutik 156.000 euro inguru geratuko zaizkie Asteasun inbertsio berriak egiteko. Legarrak aitortzen du ez dela «nahi adina» diru eta inbertsio horietako asko beste erakundeetatik jasotako laguntzen menpe daudela, baina herrian «zerbitzu asko» eskaintzen dituztenez gastu finko hori estaltzen joaten zaiela aurrekontuaren zati handi bat. «Herritarrek eskatzen dituzten zerbitzuak dira eta funtzionatzen dute, baina horiek mantentzeak kostu handia dakar».

Astelehenean egindako ohiko osoko bilkuran 2.214.950 euroko aurrekontua onartu zuen udalbatzak. «Iaz baino 30.000 euro gehiago» nabarmendu du alkateak. «Zuhurtzia» da udal taldean erabiltzen duten irizpideetako bat diru kontuak prestatzerako orduan: «Gastu guztiak eta ziurtasun osoz jasoko ditugun sarrerak baino ez ditugu kontenplatzen». Proiektuak finantzatzeko diru laguntza eskaerak eginak dituzte aurten ere eta horiek jasoz gero, kreditu aldaketa batekin gehituko dizkiote aurrekontuari.

Aurreko urteetan ekitaldi ekonomikoaren bukaeran diruzaintzan geratzen den dirua erabili izan dute Asteasun inbertsio berrietarako. Martxoa bukaeran jakingo dute zenbatekoa den iazko gerakina baina ez du uste Legarrak hori erabiltzeko aukera handirik izango dutenik: «Udalen Finantzaketarako Foru Funtsaren 2016ko likidazioa negatiboa dela jakinarazi digute eta hortaz udalek dirua itzuli beharko diogu Aldundiari. Asteasuk, 19.000 euro baino gehiago. Gainera, berriki, Eusko Jaurlaritzatik jaso dugu beste abisu bat eta esan digute Espainiako estatuari ordaintzen zaion kupoan egon daitekeen desadostasunak inpaktua izan dezakeela udaletan eta badaezpada, gerakinetik diru kopuru bat gordetzeko».

Zuhurtzia da legez ezarri beharreko irizpideetako bat aurrekontua osatzerako orduan eta ahalegin hori egina du Asteasuko udalak azken urteetan. Zorra gutxitzeko «kontu handiarekin» ibili direla aipatu du alkateak eta udaletxeko langileak «asko inplikatu» direla nabarmendu du. Gaur egun 834.000 euro inguruko zor bizia du udalak eta aurten zor hori amortizatzeko erabiliko duten kopuruarekin %33,03an geratuko da zorpetze maila. «2011n udalean sartu ginenean topatu genuen egoerarekin ez du zerikusirik», esan du Legarrak.



ASKOTARIKO INBERTSIOAK

Asteasuko Udalak beste hainbat eragileren proiektuak laguntzeko dirua gorde du 2017ko aurrekontuan. Zehatz esateko, 244.000 euro. Besteak beste, kopuru bat bideratuko dute memoria historikoa ikertzen jarraitzeko Aduna eta Zizurkilgo udalerriekin elkarlanean. Euskal Fondoari emandako laguntza handitu eta bikoiztu egingo dituzte gizarte larrialdietarako Eusko Jaurlaritzatik urtero jasotzen diren laguntzak, «bestela urte erdirako amaitu egiten baitira», zehaztu du alkateak.

Asteasuko plaza birgaitzeko aurreproiektua osatzeko jarritako diru kopuruaz gainera beste bide asko egokitu nahi ditu udalak 2017an. «Aurreko urteetan bezala herri bide batzuk konpondu nahi ditugu, beharra baitago horretarako». Irisgarritasun plana ere osatua dute herrian, eta zatika, aktuazioak egin asmo dituzte herriko gune diferenteak egokitzeko. Hala ere, Legarrak arreta jarri du Elizmendiko eskolako eremua eta Santa Krutz auzoa lotzen dituen bidean: «Guk estrata deitu izan diogu. Elizmendi auzokoek erabili izan duten bide naturala da eta txukundu egin nahi dugu aurten». 11.775 euro bideratuko dituzte horretara.

Energia eraginkortasunaren bidean urratsak ematen jarraituko dute aurten ere Asteasun eta argiteria berrituko dute Elizmendi auzoan eta inguruetan. «2018an amaituko dugu eta orduan argiteria publiko guztiak led sistema bitartez funtzionatuko du. Aurrezpen energetiko handia suposatuko du». Lan horiek egiteko, aurreko urteetan bezala EVEri eta Foru Aldundiari laguntza eskatuko die udalak.

Izan ere, aurrekontu proiektuan jasotako inbertsioetako batzuk zuzenean daude lotuta balizko laguntzetara, eta jasoko ez balituzte ezingo lituzkete egin «edo ez behintzat hainbesteko kopuruan» baieztatu du alkateak. Proiektu horietako bat da udalak dohaintzan jaso duen padel pista jartzeko Lamiategiko eremua egokitzeko egin beharreko lana.

 

INBERTSIO NAGUSIAK

INBERTSIOA KOPURUA

Argiztapena berritu: 46.744

Irisgarritasun plana egikaritu: 20.000

Dotaziozko ekipamenduak Lamiategi eremuan: 12.000

Herri bideen konponketa: 41.850

Elizmenditik Santa Krutzera doan estrata konpondu: 11.775

Plazaren birmoldaketa: 20.000

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!