«Eskien azpian ‘foka’ izeneko tela bat jartzen dugu; atzera irrist ez egiteko»

Ataria 2017ko ots. 22a, 10:28

Alpino Uzturre Elkarteko Xanti Saizarrek bidali zigun albistea: Euskadiko selekzioarekin asteasuar bat dabil, emaitza bikainak lortzen. Lorpen horien atzean zegoen Txomin Ortiz de Zarate (Asteasu, 2000) kadetea.

Bazen behin Asteasun eskiatzaile bat, kadeteetan Espainiako txapeldun geratu zena bi probetan. Ondoren, Ostegun Gizena iritsi eta Italiara joan zen, handik Frantziara...

Zein da orain zure bizitzaren erritmoa?
Lasterketa askotan parte hartzen ari naiz, ia astebururo. Gero entrenamenduak daude. Espainiako txapelketak joan dira, eta mundukoak datoz; aste honetan.


Bazen behin Asteasun eskiatzaile bat. Horrela hasten da historia.
Bai, bai... (barreak).


Eta eskiatzaile hori, Espainiako txapeldun gelditu zen. Hain ezaguna ez den mendiko eski lasterketan.
Geroz eta gehiago entzuten da, jendea ere praktikatzera gehiago animatzen delako.


Nola laburtu zer den?
Eskiekin mendiak igo eta jaistea. Eskien azpian foka izeneko tela bat jartzen dugu. Alpinismo modu bat da, denetik duena: eskiatzea, korri egitea...


Biziraupen ukitua ere badu, beraz.
Baita ere.


Ibilbidea ondo markatuta edukiko duzue, ezta?
Lasterketetan bai.


Eta entrenamenduetan?
Entrenatzeko garaian gure ibilbideak egiten eta prestatzen ditugu. Ongi zehaztu behar izaten da dena. Eskiak hartu aurretik ondo ikusi behar da elurraren egoera, elur-jausi arriskua, eguraldia...


Eskietan ‘foka’ izeneko tela aipatu duzu. Hori al da ezaugarri bereziena, materialari begiratuta?
Lehen foka azala erabiltzen zen eskien azpian. Orain sintetikoa da. Aurreraka irrist egiten uzten dizu, baina ez atzeraka. Horrek aldapak igotzen asko laguntzen dizu. Teknika aldetik iraupen-eskiaren antzekoa da; nahiz eta kasu honetan eskiak zabalagoak izan. Gero hauek bizkarrean jarri eta korri egin behar duzu. Oinetakoak ere horretarako egokituak dira.


Espainiako txapelketan, banakako proban, lau aldiz igo zenuten mendi bat.
Zirkuitu bat zen, eta lau igoera eta lau jaitsiera egin genituen ibilbide horretan, 900 metroko bataz bestekoarekin. Ordubete eta 10 minutu behar izan nituen proba bukatzeko. Lasterketa luzea denez, ez nintzen topera atera, denbora guztia pentsatzen pasa nuen; kontrolatzen.


Eta banakako lasterketarekin ez zinenez asebete, esprinta irabaztea erabaki zenuen.  
(Barreak) Hau hiru edo lau minutuko lasterketa izaten da. Ahalik eta azkarren egin behar izaten da dena, baita korri ere, eskiak bizkarrean jarrita. Gero igoera eta jaitsiera bat ere izaten da.


Bi modalitateetan korrikako zatiak daude. Zergatik?
Lasterketa mota hau horrela izaten da. Irteeratik puntu batera eskiatzen joaten zara, eta leku jakin horretan eskiak motxilan jarri behar izaten dituzu, korrika jarraitzeko. Markatutako zati hori amaitzen denean, berriro eskietara.


Nola ezagutu duzu modalitate hau?
Hiru urte nituenean hasi nintzen eskiatzen. Gurasoek sartu didate zaletasun hau; baita mendiarekin harremana duten ia kirol guztiena ere. Gero anaia hasi zen modalitate honetan lehiatzen. Bera ikusi eta gustatu egin zitzaidan. Horrela sartu nintzen mundu honetan. Lehiaketetan berriz, hiru urte egitera joango naiz.  


Espainiako txapelketetara itzuliz, laugarren postua ez da podiuma, baina kontatu beharko dugu.
Igoera proban izan zen hori. Bertikal moduko bat da, 600 metroko bataz besteko positiboarekin. Ez da nire gustuko proba, nahiago izaten dut iraupenekoa; banakakoa deitzen zaiona.


Baina hor ez da bukatzen albistea. Aste honetan munduko txapelketara zoaz, Italiara.  
Ostegun Gizenean joan eta astebete inguru egongo naiz Italian. Iaz, Europako txapelketetan izan nintzen, eta bi urtez behin biak txandatzen direnez, aurten mundukoa tokatzen da. Hor ere hiru modalitate horietan aterako naiz.


Eta zein izango da helburua?
Lehen hamarren artean sartzea. Hori izugarria izango litzateke.


Nazioarteko maila duten lasterketa horietan, zer aldatzen da?
Lasterketa hauek gehienetan Alpeetan izaten dira. Zaletu gehiago joaten da, Italia eta Suitza gertu baitaude. Maila handia egoten da, eta ibilbideak egiteko modua ere desberdina da. Mendiari lotutako gauza gehiago sartzen dituzte.


Parte hartzaileen arteko giroa zer moduzkoa da?
Ona. Mendiko eskian harreman onak egiten dira. Denok ezagutzen gara, eta lasterketan bakoitza berea egitera doa, baina behin lehia bukatzen denean, elkarrekin egoten gara giro oso onean.


Eta lasterketa honetan, ikasketak non geratzen dira?
Orain arte justu samar ibili naiz, baina orain hobeto nabilela esango nuke; kontzentratuago.


Ez da erraza izango erritmo horretara dena egokitzea.
Entrenamenduak ere nire kabuz egin behar izaten ditut. Astean zehar hemen ibiltzen naiz korrika, eta asteburuan eskiatzera edo lasterketetara. Eta ikasketak hor egokitu behar izaten dira.


Babesleren bat ba al daukazu?
Materialarekin Sportiva markak laguntzen dit, eta finkatzeekin Plum-ek. Hortik aurrera gehiago etortzen baldin badira, ongietorriak izango dira; laguntza handia ematen baitute.


Italiara joatea nahikoa ez eta Frantzia geratzen zaigu.
Horrela da. Binakako lasterketa.


Norekin osatuko duzu bikotea?
Frantses batekin. Dena batera egin beharko dugu: aldaketa puntuetara iritsi, helmugara...


Nola aurkitu duzu bikotea?
Hemen ez nuen bikoterik, eta entrenatzaile frantses batekin hitz egin genuen. Berak bat bazuela esan zigun, eta duela bi aste elkar ezagutu genuen.


Eta elkarrekin, Pierra Menta lasterketa mitikora...   
Fama handiko lasterketa da; onenetakoa. Iaz egon nintzen bertan. Guk junior eta kadete mailan parte hartzen dugu. Seniorren lasterketak lau egun irauten ditu, eta gureak bi. Aldi berean, Grande Course izeneko ligako lehen lasterketa da. Hor lasterketa handienak daude, eta gure mailako proba guztietan parte hartzea gustatuko litzaidake aurten, baina ikusi beharko da, bikoteak zer dioen eta abar.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!