Tolosaldeko Giltzarria

Erabakiaren aroa abiatu da, baita Asteasun ere

Ataria 2017ko otsailaren 20a

Ostiralean herriko plazan egin zuten aurkezpen ekitaldia eta martxoaren 4an Aiztondo mailan egingo den egun osoko ekitaldian parte hartzera animatu dute jendea.

"Herriari entzuteko tenorea iritsi da". Hori uste dute aurreko ostiralean Asteasuko plazan bildu ziren herritarrek eta bat egin zuten beraz, Giltzarria adierazpenarekin. "Gure Esku Dagok egindako hausnarketa sakona oinarri hartuta, hemen bildu garenok herri honen etorkizuna erabaki nahi dugu demokrazia sakonean sinesten dugulako".

Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea egikaritzeko bidean Tolosaldean egindako "ekarpen" bezala aurkeztu dute ariketa, "asteasuarroi dagokigu nolako Euskal Herria nahi dugun erabakitzea" esan zuten ostiraleko ekitaldian. Erabakitzeko eskubidea, "gizarte kohesiorako tresna, bizikidetza eta elkarbizitzarako oinarria" dela uste dute, eta honenbestez, adierazpena onartu dute: "Bat, herri bat garela, erabakitzeko eskubidea dugula eta herritarron garaia dela adierazi nahi dugu; Bi, erabakitzeko eskubidearen inguruan adostasun eremu zabalak ditugula eskualdean, gure bidea zilegitzen duena; Hiru, erabakitzeko eskubidea errealitate bihurtzeko Giltzarria bultzatuko dugula, herritarron parte hartzea ahalbidetuko duen prozesua; Eta lau, elkarrizketaren eta elkarlanaren bidetik, ezberdinen arteko adostasunak bilatzen jarraitzeko konpromisoa hartzen dugula adierazten dugu".

Erabaki nahiaren espresio jotzen dute martxoaren 19ko galdeketa. Nahi al duzu euskal estatu burujabe bateko herritarra izan? galderari erantzun ahal izango diote 16 urtetik gorako asteasuarrek. Jakinarazi dutenez, herriko plazan izango da bozkatzeko aukera, 09:00etatik 20:00ak arte. Gaur, astelehena, otsailak 20 kultur etxean bilera egingo dute 19:00etan antolaketa martxan jartzeko.

Martxoak 4, Aiztondoko ekimena

Aiztondoko herrietan burutuko ditu ekimenak Tolosaldeko Giltzarriak. Urkamendira igoko dira goizean eta gainerako herrietako kideekin argazkia aterako da. Ondoren Asteasutik joandako sei pertsonako taldeak herri kiroletan parte hartuko du (horretarako aurrez eman beharko da izena). Gero, Zizurkilgo frontoian bazkari herrikoia egingo da eta bazkarirako txartelak salgai dira daogneko. Arratsaldez, Villabonako bi zubiak –Zubimusu eta oinezkoa– elkarrekin inguratuko dituzte giza kate bat osatuz. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!