Aiztondora Eguna zortzigarrenez

Ataria 2016ko aza. 18a, 09:30

Iaz, Villabonan burutu zen Aiztondora eguna

Asteasun ospatuko da bihar. Goizez ekitaldi instituzionala egingo da udaletxean eta arratsaldez festa frontoian.

Herriz herri txandakatzen dute Aiztondora Egunaren antolakuntza eta aurten, zortzigarren edizioan, Asteasuko herriari egokitu zaio bailarako preso eta iheslarien aldeko ekimena antolatzea. Bihar ospatuko dute, aldarrikapena eta festa uztartzen dituen eguna.

Eguerdian ekitaldi instituzionala egingo dute Asteasuko udaletxean eta bailarako udalek atxikimendua agertuko diote elkarrekin adostu duten adierazpenari. «Ohikoa da estatu Espainiar eta Frantziarra, nazioarteko legediari jaramon egin gabe salbuespenezko legediak aplikatzen ikustea. Euskaldunontzat ad hoc egindako legediak. Eta dispertsioa horixe bera da, presoak makurtzeko aitzakian senideak etengabe zigortzen dituen legedia».

Euskal presoei zuzentzen zaizkien neurri bereziak ere aipatu dituzte Aiztondoko udalek. «Isolamendua, kondena beteta duten presoak kartzelan mantentzea, Frantziar estatuan arrazoi beragatik pasatako kartzela urteak kontuan ez hartzea, gaixorik eta espetxean mantentzen dituzten presoak... Onartezina da».

Euskal Herrian sortu den egoera politiko berrian, «Espainiako gobernuak bakea lortzeko inolako urratsik emateko borondaterik ez duela argi geratu da azken urteetan» bailarako udal hautetsien ustez. Horregatik «eskubide urraketa hauekin amaitzeko ezin dugu zain egon, Euskal Herrian bertan dago giltza eta denon artean lortu behar dugu dispertsioarekin behin betirako amaitzea». Bide batez, Aiztondoko udalek, euskal iheslari politikoek bizi duten egoera «konpondu beharreko afera» dela uste dute.

Aldarrikapen hauek guztiek tokia izango dute eguerdian egingo den ekitaldi instituzionalean. Arratsaldez, Usarrabi frontoian jarraituko du egitarauak. Antolatzaileek esan dutenez, «berogailu sistema egongo da jarrita pilotalekuan, beraz hotza ez dadila izan aitzakia ez bertaratzeko».

Nekane Txapartegiren egoera gogoratuko dute Aiztondora Egunean

Asteasuarra apirilaren 6an atxilotu zuten Suitzan, Espainiako Poliziak eta hango Polizia Federalak elkarlanean eginiko operazio batean. Hasiera batean Zurichen bertan espetxeratu zuten eta gero, ekaina hasieran Dielsdorfeko kartzelara lekualdatu zuten. Joan den astean Zuricheko espetxera eraman zuten bueltan Txapartegi.

«Bizi baldintza berdinak mantentzen ditu Zurichen. 22-23 orduz zeldan bakartuta edukitzen dute eta alabak astean behin bisitatzen du. Familiakook ere ordubeteko bisita egin ahalko diogu, baina beti ere, aste barruan», esan dute Txapartegiren senideek.

Presoaren gertukoek ez dakite zertara datorren espetxe aldaketa: «Egia da abendu hasieran Istanbuleko protokoloa egingo diotela Nekaneri eta hori egiteko austriar forentse bat joango zaiola. Bisita hori errazte aldera, Zurichera aldatu ote duten esaten dute. Baina ez dago garbi, hipotesi hutsak dira».

Bien bitartean, Txapartegik zain jarraitzen du Espainiak egindako estradizio eskaerari Suitzako gobernuak zer erantzungo. Hasiera batean, iraila edo urria alderako espero zuten erabakia baina luzetsita daude senideak. «Esan digutenez litekeena da urtea bukatzea eta erabakia hartu gabe egotea. Ziurgabetasun horrek guri eragiten digu, baina pentsa horrek Nekaneri zer desgaste dakarkion».

Gertukoek Nekaneri idazten jarraitzeko deia egin dute. Hau da espetxean duen helbidea: Nekane Txapartegi. Gefangnis Zurich. Rotwandstrasse 21. Postfach. 8036 Zurich. Switzerland. Bestalde, . hemendik aurrera asteartero 12:45tik 13:00etara eta 15:45tik 16:00etara elkartasun eta sostengu mezuak bidali ahal izango dira Lora irrati librearen bidez, berak zuzenean entzun ahal izan ditzan. Telefono zenbakia honako hau da: 0041445672400. 

AIZTONDORA EGUNA: EGITARAUA

AZAROAK 19, LARUNBATA

17:30. Xiba herri kirol jaialdia.

18:30. Ekitaldia.

19:00. Bertsopoteoa: Haritz Mujika, Oihana Iguaran, Unai Mendizabal eta Jexux Mari Irazu.

21:00. Afaria pilotalekuan.

23:00. Bertsolariak: Haritz Mujika, Oihana Iguaran, Unai Mendizabal eta Jexux Mari Irazu.

Ondoren. Kontzertua, Xabi Solano eta Zigor DZ.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!