Txirrita bertsolaria hil zela 80 urte bete dira aurten eta efemeridearen harira, Xabier Letek idatzi eta 1982an estreinatutako Gabon, Txirrita antzezlana berriro taularatu zuten irailean Donostian eta Urnietan. Proiektu beraren barruan, antzerki lan horretan oinarrituta D2016k obra berri bat idazteko enkargua egin zion Atxagari.
Hasierako ideia hori –Gabon, Txirrita egokitzearena– eraldatzen joan eta Xabier Lete eta Lourdes Iriondo hartu zituen gogoan asteasuarrak eta haien bizipenei bereak propioak erantsi zizkien. Bere begiradatik bi sortzaileen unibertsoa agertu eta kontakizun poetikoa osatu du: Lu eta Le antzezlana.
Juan Carlos Perezek jarri dio musika obrari. Perkusioa oinarri nagusitzat hartu eta lagun bakar bat ariko da zuzenean, orkestraren perkusio osoa jotzen; eta hari laguntzen soprano baten ahotsa entzun ahal izango da. Kantatu ez ezik, antzeztu ere egingo du Klara Mendizabalek eta ondoan izango ditu Ramon Agirre eta Joseba Apaolaza. Ados Teatro taldeak taularatuko du lana eta Garbi Losada aritu da zuzendari lanetan. Abenduaren 4ean Donostiako Victoria Eugenian taularatuko dute lehen aldiz.
'Harriaren hiztegia' lana
Haur eta gazteentzako disko-liburua kaleratu du Bernardo Atxagak Jabier Muguruza musikariarekin. Asteasuko idazleak aitortu du "liberazio ariketa bat" izan dela diskorako testuak idaztea. Urte hasieran egin zion irungo musikariak kanta bilduma sortzeko proposamena eta orain ikusi du argia Harriaren hiztegia lanak.
Jabier Muguruzak disko jostaria egin nahi izan du eta 1989an kaleratu zuen Ja!Ja! diskoa eta Atxagarekin sortutako Nafarroa Oinez-eko kanta hartu ditu erreferentziatzat. Gainera, orduan bildutako musikari talde ia-aia berbera elkartu da oraingoan: Michel Longaron baterian, Txema Garces baxu elektrikoan, eta Jon Mari Beasain gitarra elektrikoan. Hauekin batera, oraingoan, Naroa Zamora eta Daniela Etxeberria Donostiako Easo musika eskolako ikasleak aritu dira kantari.