[Herri Kiroletatik] Atutxaren txapela eta gero, bigarren mailako finala

Joxe Anjel Sarasola 2016ko urr. 27a, 11:54

Aizkorak urtean duen egunik handiena igandean izan genuen. Euskal Herriko Txapelketaren finala jokatu zen Bilbon. Leitzako kanporaketan sailkatu ziren sei onenak hortxe aritu ziren. Kritikak ere izan dira, aizkolariez gain beste herri kiroletako erakustaldiak eta abar jarri zituztelako.

Baina gauzak horrelaxe izaten dira. Aizkolariak ez daude horretara ohituta. Ordu asko sartu ondoren, momentua hori izaten delako, eta urduritasun handiko uneak izaten direlako. Antolatzaileek jaialdia bete egin nahi izango zuten, jai giro bat emanaz. Hurrengo urtean agian ez dute ezer jarriko, eta hemendik bira berriz bai. Nire ustez, kritika horiek onak izaten dira.

Ikusleek erantzun zuten, 1.000 inguru. Euskal Herri guztitik joaten da jendea, eta itxura oso ona hartu zuen finalak. Irabazlea, hirugarren urtez jarraian, Aitzol Atutxa dimarra izan zen. Lau kana erdiko, lau oinbiko eta lau 60 ontzako ebakitzen 44:47ko denbora behar izan zuen. Esan behar da, denbora ona ez dela. Azken 30 urteetan lan hori egiten dute txapelketan, eta garai bateko denborak begiratuta, asko dela esan beharra dago. Markak begiratzen hasita, 30 minutu azpitik daude. Baina markak albo batera utzita, badira urteak 35 minutu azpitik ibilitakoak ere. Lehengo garai onenetan, 42-43 minutuan ere ibili dira Mindegia eta. Horrek esan nahi du, egur gogorra jartzean denbora pasa egiten dela. Guzti honekin ez dut esan nahi lan txarra egin zutenik igandean. Duen guztia eman zuten, eta lan ona egin zuten guztiek. Horixe da dagoena, eta dagoena zaindu eta animatu egin behar da.

Bigarren Joseba Otaegi zizurkildarra gelditu zen, ia lau minutura. Azken postuetan ez geratzea zen bere helburua, eta aurreko lanak hobetzea. Baita lortu ere, eta nola gainera. Ikuskizun oso polita eskaini zuten Otaegik eta Larrañagak, bigarrenak eta hirugarrenak. Zizurkildarrak atzetik aurrera egin zuen, eta Larrañaga azken aurreko enborrean harrapatu eta pasa zuen. Azkenean, 15 segundoko aldea atera zion. Baina esan beharra dago, bigarrena eta seigarrenaren artean hiru minutuko aldea besterik ez zela egon. Horrelako lanetan hori adar begi baten gorabehera izan daiteke. Beraz, lehen esan bezala, guztiek lan oso txukuna egin zuten. Gertatzen dena da, Aitzol Atutxa oraindik koxka bat gorago dagoela.

Iker Vicentek laugarren egin zuen. Kanporaketa irabazi ondoren, txapela irabazteko faborito ere bazela esaten zuten. Presio eta urduritasun handia izan zituen, eta ordubete lehenago botaka ere aritu omen zen. 19 urteko gaztea da Vicente, eta oraindik denbora asko dauka. Orain badaki zer den final hori, ezagutu du, eta ikasteko baldintzarik onenak berak dauzka. Zorterik onena desio diot, gazte bat horrela etortzea beti baita ona.

Irabazleak 2.200 euro irabazten omen ditu. Norbaitek pentsatuko du dirutza ederra dela, baina aizkolariek duten gastua kontuan hartuta, oso gutxi dela esango nuke nik. Ideia bat egiteko: Anjel Arrospidek Leaburun jokatu zen finala irabazi zuenean, hurrengo urtean Zumarragan uste dut izan zela, milioi erdia jaso zuen dirutan, gaur egungo 3.000 euro. 20 urtetik gora pasa dira ordutik ona, eta ez da txapela berdin ordaintzen dutela, ez, orain gutxiago ordaintzen dutela da kontua.

BIGARREN MAILAKO FINALA

Larunbat honetan, Azkoitian, 18:00etan, Euskal Herriko Bigarren Mailako Aizkolari Txapelketaren finala jokatuko da. Irabazleak eta bigarrenak hurrengo urtean lehenengo mailako kanporaketan sartzeko moduan izango dira. Eneko Otaño beizamarra; Migeltxo Mindegia Mindegia handiaren semea; Oihan Larretxea Donatoren semea; Aurtizeko Ander Erasun; Arria V.aren aurka apustua jokatuko duen Kañamares eta bertako Jon Alberdi. 10 enbor ebakiko dituzte, aurreko finalean baino bi oinbiko gutxiago. Gertatzen dena gertatuta ere, ez da ezustekorik egongo, faborito argirik ez baitago. Eneko Otaño izan zen onena kanporaketan, baina edozeinek egin lezake marka Azkoitian. Pasatzen direnak pasata ere, normala izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!