Gaztelekua, orain, Lizardin

Tolosaldeko Ataria 2016ko urr. 19a, 12:33

Asteasuko 10 eta 15 urte arteko gaztetxoek ostiral eta larunbat arratsaldeak pasatzeko aukera dute Gazteleku berrian, zerbitzua zabalik izango da 16:00etatik 20:00etara.

Lekuz aldatuta eta adin tarte zabalagoa hartuta hasi du ikasturte berria Asteasuko gaztelekuak. Pili Legarra alkatearen esanetan, «10-11 urteko umeak ez bateko eta ez besteko geratzen ziren, zaharregiak ludotekan ibiltzeko eta gazteegiak gaztetxera salto egiteko. Beraz tartea zabaltzea erabaki dugu, adin horretako umeek ere non egon eduki dezaten». 10 eta 15 urte bitarteko 140 ume daude herrian eta horietako asko gerturatu ziren, ostiralean, ikasturteko lehen saiora. 50 bat umez osatutako taldea inguratu zen Kale Nagusian kokatuta dagoen Lizardi etxera.

Aurreko ekainera arte, Asteasuko gaztelekua Elizmendin zegoen kokatuta, garai bateko eskolaren egoitzan. «Umeek komentatu ziguten, urruti egiten zitzaiela eta eguraldi txarrarekin asko etxean geratzen zirela. Lizardi etxea kultur ekimenetarako erabiltzea erabaki genuen bere garaian eta herrigunetik gertuago dagoenez gaztelekua bertara ekartzea erabaki dugu», esan du Legarrak.

LEKU BERRIAN, ASMO BERRIAK

Haur, nerabe eta gazteentzako zerbitzuak eskaintzen dituen Maindi elkarteak kudeatzen du Asteasuko gaztelekua eta lehenengo aldiz dinamizatzaile lanetan arituko da bertako langile Garazi Jauregi. «Ilusioz hasi dugu ekimena eta denen artean, modu parte hartzailean osatzen joango gara».

Gaztelekua ireki bezperan, Asteasuko Pello Errota ikastetxeko geletatik pasa zen Jauregi, Lizardi etxean eskainiko zutenaren berri emateko. «Goxokia jarri genien ahoan eta badirudi gustatu zaiela».

Asteasuko gaztetxoei gune atsegin eta polita eskaintzea da helburua, «aisialdia bertan eman dezaten eta dibertitu daitezen». Oraingoz, Lizardi etxeko lehen solairuko gelak erabilera ezberdinetarako baliatu dituzte: billarra, ping-pong gela, futbolina eta egongela.

«Asmoa, lekuaren antolaketa, arauak, materialak eta ekintzak denen artean pentsatzea da. Horretarako astean behin batzar bat egingo dugu», esan du Jauregik. Lehen egunean dagoeneko identifikatu dituzte hutsune batzuk eta horiek zerrendatuz abiatu dute gaztelekuaren aro berria.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!