Egia, justizia eta erreparazio printzipioak sustatu nahi dituzte Asteasu, Zizurkil eta Adunako udalerriek. «Gure aitona-amonak oroitu nahi ditugu, borroka egin eta ondorengo diktadura frankistaren errepresioa jasan zutenak. Etxeko bakardadean, gerra galdu ostean, umiliatu eta isilarazi zituzten, baina ez zuten lortu haiek memoria gabe uztea», esan du Amilibiak aurkezpen ekitaldian.
Intxortan, Lemoan edota Bilboko burdin hesian eman zen erresistentzia ezaguna da eta orain kaleratu den liburuarekin, «Hernio azpian izan zena eman nahi dugu ezagutzera». Helburu horrekin, 3.000 ale argitaratu dituzte.
Asteasu, Zizurkil eta Adunan etxe guztietara dohainik banatuko dute argitalpena eta Euskal Herriko liburutegietara helaraziko dute. Egunotan herriz herri egiten ari diren aurkezpenetan ere banatuko dute.
Atzo, Asteasuko udaletxean egin zen ekitaldian, omenaldi xume bat egin nahi izan zieten liburuan parte hartu eta errepresioa jasan zuten herritarrei, «instituzioetatik babes minimo bat izan dezaten», esan zuen Pili Legarra alkateak.
AURKEZPENAK
Urriak 5, gaur
19:00. Adunako kultur aretoan egingo dute aurkezpena eta besteak beste, Juan Kruz Igerabide herritarrak hartuko du parte.
Urriak 6, bihar
19:00. Zizurkilgo udaletxeko pleno aretoan egingo dute aurkezpena.