Lan hitzarmen duinaren alde, Echesako langileak borrokan

Hitzarmen duin baten alde mobilizazioak hasi dituzte Asteasuko Echesa lantegiko 200 langileek.

Astean hiru egunetan, bi orduz behin, ordu pare bateko lanuzteak egingo dituzte datozen hiru asteetan. Enpresak egindako eskakizunak aintzat hartzen ez baditu, lanuzteak egunero egingo dituztela iragarri dute langileen ordezkariek. Abendura bitarteko mobilizazio egutegia adostu dute.

"Lau urte daramatzagu soldata berdinarekin. Beti entzun izan dugu lehiakorrak izan behar dugula eta ez dela hau igoerak egiteko momentua. Zenbakiek bestelakoa erakusten dute ordea, hilabetetik hilabetera irabaziak bikoiztu egiten dira eta uste dugu langileak badugula partea azken hiru urteetako martxa onean. Gerrikoa estutu behar zenean estutu dugu, baina orain merezi duguna jasotzeko momentua dela uste dugu". Horrela adierazi du, Alberto Zabala, Echesako LAB sindikatuko delegatuak.

Asteasun kokatuta dago Echesa. Eoliko arloko Gamesa enpresako lantegietako bat da eta haize errotek barruan daramaten biderkatzailea egiten dute bertan. "Errotaren hegalak mugitzen dituen engranajez beteriko pieza egiten dugu, kotxe batean abiadura ontziaren funtzioa betetzen duena". Ia 200 lagun dabiltza lanean, "ikusten dugu ikaragarrizko aberastasuna sortzen dugula inguruan, beraz ez du balio gauza batzuetarako harro ibiltzea eta beste batzuetarako zuhurkerietan", esan du LABeko ordezkari Josu Zubillagak.

ELAk bi delegatu ditu Echesan eta LABek zazpi. Bi sindikatuek egoeraren inguruko diagnostikoa konpartitzen dute, oro har, eta plataforma bateratu bat osatu dute langileen eskakizunekin. Carlos Martinez, ELAko sail sindikaleko buruak hiru ardatz nabarmendu ditu: "alde batetik parte ekonomikoa dago, lau urte daramatzagu soldata berdinarekin. Garai hobeak zetozenean gure eskubideak berreskuratuko genituela esan ziguten. Egoera hori iritsi da, eta orain ez dute konpentsazio hori eman nahi. Ez dute agindu zutena bete". Urte bakoitzeko puntu bateko igoera eta aurtengoari dagokiona eskatzen dute langileek. Bestalde, "gaixo egoteko eskubidea" ere aldarrikatzen dute Etxesako langileek eta ezgaitasun egoeragatik %100 kobratzea. Hala ere, malgutasunean jarri du arreta Martinezek: "Enpresak malgutasun handiagoa nahi du eta ikuspegi horretatik, honezkero egon dira gehiegikeria batzuk. Langileen komiteak uste du, hitzarmen probintzialak eskaintzen duen malgutasuna nahikoa dela eta larrialdi kasuetarako beste zenbait erreminta ere eskaintzen dituela".

Azken urteetan lan kargak gora eta langileen baldintzak behera egin dutela nabarmendu du Zubillagak eta baieztatu duenez, "geroz eta istripu gehiago izaten dira. Iaz ia hil zitzaigun gure lankide bat eta eskapada handiak izan ditugu. Geroz eta nagusi gehiago ditugu eta geroz eta gehiago estutzen gaituzte. Erreta eta nekatuta gaude langileak". Metal arloko Gipuzkoako hitzarmenak 1.697 ordu ezartzen ditu eta hori baino gutxiago lan eginda irabaziak mantendu daitezkeela uste dute langileen ordezkariek. "Gipuzkoako metal arloko enpresa bakarra izango gara, lurraldeko hitzarmeneko orduak mantentzen dituena".

Negoziazioak urte hasieratik

Joan den urteko abenduaren 31n bukatu zen aurreko hitzarmena eta ordutik negoziazioetan jardun dute langileek enpresa zuzendaritzarekin: "Hasieratik esan genien negoziazio duin bat nahi genuela. Alderantziz, genituen eskubideak kendu nahian hasi ziren, zerotik beharrean minusetik abiatu zuten elkarrizketa. Mahaitik altxa eta eseri ibili gara azken bederatzi hilabeteetan baina ez dugu aurrerapausorik eman. Harrokeriaz eta txuleriaz jardun dute gurekin, adarra jotzen aritu zaizkigula iruditzen zaigu. Abariziaz eta egoismoz jokatu dute. Horrelako etekinak dituen enpresa batek langileekin mespretxuz jokatzea ez dugu onartuko". Alberto Zabalaren hitzak dira. 

Negoziazio mahaian gezurretan aritu izana egotzi diete langileek Gamesako ordezkariei. "Behin eta berriro esan izan digute, Gamesako beste enpresekin alderatuta guk daukagula hitzarmen hoberena eta guk ditugula soldata handienak. Baina gaur egun, hitzarmenak publikoak dira eta komunikazioa errazagoa da enpresen artean. Jakin dugu, Gamesak berak, beste planta batzuetan eta krisi garaian, orain ukatzen dizkigun baldintzak onartu dituela", dio LABeko Unai Barrutiabengoak. Langile ordezkariek baieztatu dutenez, Gamesako beste lantegi batzuetan ezgaitasun egoeretan ordainsariaren %100 jasotzen dute eta bulegoetako langile batzuk, lan ordu gutxiago dituzte.

Mobilizazioak progresiboki egin dituztela azpimarratu dute ELAko eta LABeko ordezkariek. "Negoziazio prozesua blokeatu ondoren, euren aurrean kontzentratzen hasi ginen; aurrena delegatuak eta ondoren, euren lan orduetatik kanpora, langileak. Pankartak ere jarri ditugu hainbat tokitan. Presio neurri horiek ez dute ezertarako balio izan eta azkenean mobilizazio diseinu hau egin dugu". Langile batzarraren gehiengo batek babestu du aukera.

Fusioarekiko mesfidati

Echesak duen lan karga, dituen aurreikuspenak eta irabaziak ikusita, lan hitzarmen duin baten aldeko borroka abiatu dute, beraz, langileek. Epe motzera –ofizialki datorren otsailean–, Siemens Alemaniako multinazionalak erosiko du Gamesa eta konglomeratua eoliko arloko enpresa garrantzitsuena bihurtuko da nazioartean. Siemensek arlo honetan 10.000 pertsona ditu lanean eta Gamesak 4.000.

Sindikatuetako ordezkariak, ordea, zalantza dute gertatu daitekeenarekin: "Gaur egun, Gamesak erabakigunea Zamudion du, baina fusioa gertatzen denean Alemanian, Danimarkan edo jakin ezazu non egongo den. Esaten digute ez dugula beldurrik eduki behar, ona izango dela guretzat, lan gehiago izango dugula, beste merkatuetara zabaldu eta itsasoko merkatua gertuago izango dugula. Baina beldur gara, ez ote den Arcelorren bezala gertatuko. Atzerriko jabeak tarteko direnean, batek daki". Bateratutako enpresa berrian, %62a izango du Siemensek eta gainerakoa Gamesak. 

 

 

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

BATAK BESTEA DAKAR


EGIN ATARIKIDE!