50 postu inguru egongo dira Asteasuko azokan

Imanol Garcia Landa 2016ko ira. 22a, 11:37

Igande honetan egingo da, eta 10:00etan jarriko da abian; Asteasuko 13 postu egongo dira.

Irailean Asteasuko hitzordu garrantzitsuenetako bat da azoka. Igande honetan egingo da, eta guztira 50 postu inguru izango dira, horietatik 13 herrikoak. 10:00etan zabalduko da eta 14:00ak arte egongo da goizean eta 17:00etatik 19:00etara arratsaldean. Goizean ohiko ganadu erakusketa izango da, eta esne eta larre behiak, zaldiak, mandoak, idiak, ardiak, ahuntzak eta txerriak ikusi ahalko dira. 12:30ean esne behien erakustaldia egingo da.

Txekor errearen pintxoak 11:00ak aldera jarriko dituzte salgai, eta aurten berritasuna taloak izango dira. Ez da faltako ere Arroz Esne Lehiaketa. 11:00etarako eraman behar dituzte parte hartzaileek beren arroz esneak frontoira, eta sari banaketa 12:00etan izango da. Ohiko beste erakusketa mikologiarena da, Aranzadi elkarteak jartzen duena. Halere, egin duen eguraldiarengatik, ez da ziurra erakusketa egin ahal izatea.

Asteasutik postua jarriko duenetako bat Jose Mari Beldarrain izango da, izen bereko harategiarekin. Negozioa hartu zuenetik jartzen du postua, orain zortzi bat urte, harategiaren aurreko jabea ere azokan izaten zelako eta Beldarrainek jarraipena eman dio. «Etxean egindako txerrikiak eramaten ditugu: txorizoa, odolkia, txistorra, hirugiharra, saiheski adobatua, gazitutako txerri hankak...», azaldu du Beldarrainek. Aste honetan lan handia izaten du: «Lan guztia kolpera izaten da, kalkulatu egin behar duzu eta askotan ez da erraza izaten. Lanpetuta ibiltzen gara, baina aste ederra ere izaten da... gero saltzen bada behintzat». Urtero kopuru berdintsua saltzen duela dio: «Ondo saldu izan dut, eta beti oso gustura geratu naiz. Ea horrela jarraitzen dugun».

Eguraldiak bere eragina du horrelako ekimenetan, baina eguraldi oso ona ez izan arren jendeak erantzuten duela dio Beldarrainek, eta gaineratu: «Niri ateri egitea, baina oso beroa ez izatea komeni zait, bestela txorizoak-eta izerditzen hasten dira». Azokan postua jartzeak gero harategian eragina izaten du: «Izan da azokaren hurrengo egunetan etorri den jendea, postuan erositakoa izugarri gustatu eta harategian berriz erostera».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!