«Borrokaz bakarrik lortuko dugu Nekaneren estradizioa gelditzea»

Ataria 2016ko ira. 15a, 13:29

Nekane Txapartegik «nahi duen lekuan eta nahi duen pertsonekin bizitzeko» duen eskubidea aldarrikatu dute eta datozen egunetarako mobilizazioak iragarri dituzte.

Estradizio eskaerari «ezezko borobilarekin» erantzun diote Askapenak, Eleak mugimenduak, Sortu alderdiak, Tortura Sexistarik Ez taldeak, Nekane Libre plataformak eta 18/98 sumarioko kideek . «Edozein izanik ere leporatzen zaion delitua, inor ezin delako epaitua izan egituraz oinarrizko eskubide zibil eta politikoen eta giza eskubideen urratzaileak diren epaitegietan». Gaur, Donostian egindako agerraldian baieztapen hori egitearekin batera, datozen egunetarako iragarrita dauden mobilizazioen berri eman zuten.
1999an atxilotu zuten Txapartegi, 2006an epaitu Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta 2007an zigortu, 18/98 auziko Xaki atalean —11 urtetik sei urte eta bederatzi hilabetera jaitsi zion zigorra Auzitegi Gorenak 2009an—. «Ondoren, estatu espainiarretik alde egin zuen, berriro atxilotua edota torturatua izateko arriskutik ihesi». Orduz geroztik Suitzan bizi izan da eta Espainiaren estradizio eskari baten ondorioz, apirilean atxilotu zuten, Zurichen.

Txapartegiren defentsak berehala aurkeztu zituen estradizioaren aurkako dokumentuak. Batetik, Paco Etxeberria auzi medikuaren lantaldeak egindako ikerketaren ondorioak —Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Tortura: 1960-2013 ikerlanaren barruan dago Nekaneren kasua ere—. Eta horrez gain, beste txosten bat ere bidali zioten Espainiari: Suitzako psikologo batek egindakoa. Txapartegiri egindako azterketa baten ondoren, psikologo hark ondorioztatu zuen trauma osteko estresa jasan zuela iheslariak, 1999an Guardia Zibilak egindako torturen ondorioz.

Hori ikusita, Suitzako Justizia Bulego Federalak haren tortura salaketari buruzko informazioa eskatu zion Espainiari eta honek erantzun, epaitegietan ikertu zela tortura salaketa, eta delitu zantzu faltagatik artxibatzea erabaki zutela hainbat epaitegi eta epailek.

Nekane ez estraditatzeko eskaera luzatu duten eragileen ustez, ordea, begi bistakoa da asteasuarra torturatua izan zela: «Suitzar gobernuak tortura zantzuak izanez gero, estradizioa ukatu behar luke, beraien legeek horixe diotelako. Hor dago, Torturaren Aurkako Mundu Erakundeak (OMCT) egindako eskaera». 300dik gora gobernuz kanpoko erakunde biltzen ditu OMCTk eta Nazio Batuetarako eta beste instituzio batzuentzako txostenak egiten ditu. Txapartegi ez estraditatzeko eskatu dio erakundeak Suitzako gobernuari, hura Espainiako justiziaren esku uzteko eskaerak jatorria duelako «torturapean egindako deklarazioetan oinarritutako epai batean». OMCTk oroitu du Espainia zortzi aldiz zigortu duela Giza Eskubideen Europako Auzitegiak, tortura salaketak «behar bezala» ez ikertzeagatik.

Txapartegiren aurkako prozedura torturan eta bortxaketan oinarrituta dagoela uste dute eragileek eta horrekin batera, demokrazian legezkoak behar luketen jarduera politikoengatik zigortu nahi dutela azpimarratu dute. «Nekaneren jarduera politiko eta soziala publikoa izan da ezkerreko mugimendu sozialetan. Gure herriaren eskubideen defentsan borrokatzea erabaki duen militantea da. Bederatzi urte luzez erbestea ezagutu duen emakumea eta bien bitartean ama izan dena».

Nahi duen lekuan eta nahi duen pertsonekin –bere alabarekin bereziki– bizitzeko eskubidea aldarrikatu dute asteasuarrari babesa eskaini dioten eragileek. Arrazoi hori dela medio, Txapartegik asilo politikoa eskatu zion Suitzako estatuari, «eta agente federalekin hainbat elkarrizketa izan ostean, horren inguruko lehen erabakia laster jasoko dugu».

Estradizio prozesuaren inguruko erresoluzioa ere, epe motzean espero dute Txapartegiren hurbilekoek, «ziurrenik hilabete honetan bertan». Horregatik, pausu bat gehiago emateko beharra ikusten dute Nekane Libre dinamikan bildu diren eragileek. «Argi dugu, borrokaz bakarrik lortuko dugula Nekaneren estradizioa gelditu eta nahi duen lekuan, nahi duen pertsonekin libre izatea».

Igandean, irailak 18, Zelatunen babes argazkia aterako da 12:00etan eta asteartean, irailak 20, Suitzako kontsulatuaren aurrean, Bilbon elkarretaratzea egingo dute. Datorren astean, hilaren 24ean, Bernan (Suitzan) manifestazioa dago deituta. «Aipatzekoak dira han egiten ari diren elkartasun dinamikak. Suitzan sortu duten Free Nekane plataformaren bitartez, beste behin erakutsi dute injustizien aurrean, euskal preso politikoak ez daudela bakarrik».

Bien bitartean, Nekane Txapartegi Dielsdorf herriko espetxean daukate preso, inkomunikazio egoeran. «Egunean 21-22 ordu pasatzen ditu ziegan bakarrik, 23 asteburutan. Bere alabarekin –ikuskaritzarekin baina kristalik gabe– astean behin ordubeteko bisita izaten du eta familia eta lagunekin berriz, astean beste ordubete, kristal atzean».

MOBILIZAZIOAK

IRAILAK 18, IGANDEA
12:00. Zelatunen babes argazkia burutuko dute.

IRAILAK 20, ASTEARTEA
12:00. Bilboko Suitzako kontsulatuaren aurrean, Mazarredo kaleko 15. zenbakian elkarretaratzea.

IRAILAK 24, LARUNBATA
16:00. Bernan (Suitza) manifestazioa. Bertara joateko autobusetan izen emateko: joseba.txapar@gmail.com

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!