Santamañan, festaren itzalean

Ataria 2016ko uztailaren 18a

Gaur izan dute Asteasuko Goibailaran festa egun handia. Santa Marina eguna ospatu dute izen bereko ermitan. Beroari planto egin eta giro ederrean pasa dute goiza.

Eguerdian eguzki izpiek gogor jo dute Hernioren magalean. Santamaña ermitaren barrualdean, elkartearen babesean eta zuhaitz azpitan bildu dira herritarrak beroari aurre egin eta festa egun handia ospatzeko.

Meza ondorenean hamaiketakoa egin dute herritarrek eta Iosu Arrizabalaga "Izer" eta Unai Narbaiza aritu dira soinu eta panderoarekin. Bertsotan, berriz, Anjel Mari Peñagarikano eta Jexux Mari Irazu. Halako beroarekin dantzan hasten denari monumentua egin beharko litzaiokeela kantatu dute bertsolariek eta botatako amuari soinua jarri diote trikitilariek: porrusalda, arin-arin eta fandango doinuak ibili dituzte eta ez dute asko behar izan asteasuarrek dantzara ateratzeko. Saio ederra egin dute beroak gehien jotzen zuen unean.

700 kiloko harriarekin desafioa egin zuten asteburuan auzoko gazteek zaharrenen kontra –gazteak atera ziren garaile–. Eta gaur, eguerdian ere herri kiroletan jardun dute bi taldeek elkarren kontra: lokotx-biltzen, trontzan, harri jasotzen, txingoka eta txingan ibili behar izan dute.

Arratsaldean, 17:30ean kalejiran aterako dira auzotarrak eta afal aurretik Tranpazuloren jaitsiera egingo dute. Gauean, Izer eta Narbaiza ariko dira ermita atarian.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!