Festen aurretik, korrika Santamañara

Irati Saizar Artola 2016ko uzt. 10a, 13:30

Santamañako XVI. kros igoera izan da goizean. Aurtengoan, Raul Gomez eta Aitziber Ibarbia izan dira garaileak. 

Goizeko 10:30ean atera dira 76 korrikalariak Asteasuko plazatik. Zazpi kilometro zituzten aurretik zain eta eguzkiak gogor jotzen zuen. Herrian barrena bi buelta eman dituzte lehendabizi eta Santamañara igo dira ondoren.

Gizonezkoetan Raul Gomez izan da garaile 28'51ko denborarekin eta Patxi Urizar eta Mikel Rodriguez iritsi dira jarraian ermitara. Gomezek laugarren aldiz parte hartu lasterketa honetan, baina, bigarren eta hirugarren postuak irabaziak zituen arren, gaurkoa izan da lehen garaipena. Emakumezkoetan, Aitziber Ibarbia zizurkildarra heldu da lehenengo 34'43ko denboran eta Lourdes Colomo eta Maialen Muñoz izan ditu podiumeko lagun. Ibarbiak laugarren garaipena eskuratu du.

Sari banaketan, lehen herritarrak ere saritu dituzte. Laugarren postuan helmugaratu den Peio Izagirre eta 42.ean iritsi den Amagoia Otegi. 

Festen atarian, Santamañara bisita bat egin, korrikalariak animatu eta hamaiketakoa dastatzeko aukera izan dute bertaratu direnek. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!