Santamaña berriro ere igotzeko ordua

Asier Imaz 2016ko uzt. 7a, 12:02

Asteasuko krosaren 16. edizioa igandean izango da, 10:30etik aurrera; iaz, 7 kilometroko ibilbidea egiten lehenak Hassan Ait Chaou eta Aitziber Ibarbia izan ziren

Asteasun jaiak amaitu diren arren, zerikusia eta zeregina oraindik ere bada. Igandean bi kirol hitzordu daude bertan. Bata, ikusteko, Gipuzkoako Sega Txapelketaren finala jokatuko baita 12:00etan. Bestea, ikusteko eta baita parte hartzeko ere: Santamaña XVI. Kros Igoera. Santamaña elkarteak antolatzen duen 7 kilometroko lasterketa edonork egin dezake, eta horretarako, izen ematea lasterketa baino ordubete lehenago zabalduko dute. Hala eta guztiz ere, aurrez apuntatu nahi duenak telefonoz egin dezake (943 69 68 96-943 69 34 00). Parte hartzaile bakoitzak 4 euro ordaindu beharko ditu.

10:30ean hasiko da krosa, Asteasuko plazan. Lehenik herriari bi itzuli emango dizkiote parte hartzaileek, eta ondoren hasiko da Santamañarako igoera, helmugarako ia bi kilometro faltan.

Lasterketa herrikoia den arren, maila handiko korrikalariek parte hartu ohi dute Santamañako igoeran. Iaz, adibidez, Hassan Ait Chaou eta Aitziber Ibarbia izan ziren krosa irabazi zutenak. Hala eta guztiz ere ez zuten markarik haustea lortu. Horiek, Iban Sanchezen (25:50) eta Elena Loyoren (30:57) esku jarraitzen dute.  
Lasterketa bukatuta hamaiketakoa, sari banaketak eta zozketak egongo dira. Parte hartzaile guztiek izango dute, beraz, saria etxera eramateko aukera. Krosa irabazten duenak 120 euroko saria izango du; bigarrenak 90 eurokoa eta hirugarrenak 60koa. Errekorra jartzen duenarentzat ere sari berezia egongo dela esan dute Santamaña elkartekoek.

Azkenik, antolatzaileek jakitera eman dutenez, Santamaña ermita ondoan dutxatzeko aukera izango da; eta korrikalarien boltsak bertara eramango dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!