Txapartegiren tortura kasuaz informazioa nahi du Suitzak

Ataria 2016ko uzt. 5a, 11:28

Informazio eskaerarekin batera, Paco Etxeberriak zuzentzen duen ikerketan jasotakoa eta psikologo batek egindako txostena bidali dira Espainiara.

Aurtengo apirilean atxilotu zuten Suitzan Nekane Txapartegi, Espainiak egindako estradizio eskaeraren ondorioz. Espainiaratzeari uko egiteko, Txapartegik argudiatu du haren aurkako epaiak torturapean lortutako inkulpazioak zituela oinarri eta Espainiara bidaliz gero, sakabanatua izateko arriskua duela. Gainera, hurbilekoek azaldu izan dutenez, alabarekin bizimodu «arrunta» zeraman iheslariak Suitzan.

Estradizio prozeduraren barruan, Suitzako Justizia Bulego Federalak Txapartegiren tortura salaketari buruzko informazioa eskatu dio Espainiari. Gutunarekin batera, asteasuarraren defentsak aurkeztutako dokumentazioa bidali du. Batetik, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Tortura: 1960-2013 ikerlanaren barruan Txapartegiren kasuari buruzko informazio guztia jaso du eta horrez gain, Suitzako psikologo batek egindako txostena ere bidali dio Espainiari. Txapartegi aztertu ondoren, psikologoak ondorioztatu du trauma osteko estresa jasan duela iheslariak, eta hori, 1999an egindako torturen ondorio dela. Uztailaren 15a baino lehen erantzun beharko dio Espainiak Suitzari.

Bestalde, 2015eko urtarrilean artean Espainiak estradizioa eskatu gabe zuela Suitzan hiru polizia segika ibili zitzaizkiola salatu du Txapartegik. Hurbilekoek azaldu dutenez, «Gobernuaren baimenik gabe eta atzerriko estatu baten interesei erantzunez jardutea ez du begi onez ikusten Suitzak, eta beraz, gertatutakoa aztertuko duela hitz eman du».

Aurrez aurre, alabarekin

Zurich inguruko kartzela batean dute orain Txapartegi eta aurreko astean bere alabarekin egoteko aukera izan zuen, aurrez aurre. Apirilean atxilotu zutenetik, lehen aldiz. «Hala ere, komunikazioa kontrolatu eta grabatu egin zuten», asteasuarraren senitartekoek jakinarazi dutenez.

«Oraingoz, bere gutunik ez zaigu iritsi Dielsdorfeko kartzelatik eta pentsatzekoa da kontrolatuagoa egongo dela han». Datorren astean, bertan bisitatu ahal izango dute senideek eta lehen eskutik jasoko dute informazioa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!