Sanpedroak 2016

Erretirodunak ere festa gogoz Asteasun

Erabiltzailearen aurpegia Ane Urkola Agirrezabala 2016ko ekainaren 30a

Erretirodunen eguna izan da ostegunean Asteasun. 11:00etan meza izan da, eta hamaiketakoa egin dute gero Aitzondo elkartean. 13:00etan, herri kirol saioa izan da herriko plazan. 

Aimar Irigoien eta Izeta II harri jasotzaileak elkarren aurka lehiatu dira 113 kiloko harriarekin. Bi minututan hamazazpi aldiz jaso du harria errezildarrak; Izeta II.ak, aldiz, hamasei aldiz. Izeta II.ak erakustaldia egin du ondoren; hamar aldiz jaso du 100 kiloko kopa 30 segundotan.

Ugaitz Mugerza eta Iker Vicente aizkolarien txanda izan da gero. Lehenengo, bi enbor ebaki dituzte eta Mugertzak irabazi dio Vicenteri. Sei kanaerdiko ebaki dituzte ondoren, eta Vicente gailendu da. Plazako karpa jendez bete da erakustaldia ikusteko, eta Juanjo eta Amelia trikitilariek alaitu dute bazkalordurako tartea. 

Bazkaria, bertsolariek alaituta
 
14:30ean, frontoian elkartu eta bazkaria egin dute, Telleria eta Lizaso bertsolariak eta Juanjo eta Amelia trikitilariak lagun zituztela. 18:00etan, trikitixa eta pandero eskolaren musika emanaldia izan da. 22:30ean, EGAN taldearekin dantzaldia izan da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!