«Aitak esan zidan lantegia utzi eta soinutik bizi behar nuela»

Jon Miranda Labaien 2016ko eka. 27a, 12:39

Eleuterio Tapiaren semea da. Juanito Tapiaren iloba. Joseba Tapiaren lehengusua. Xabier Tapiaren anaia. Aiora Tapiaren aita. Baina batez ere, eskualdeko soinu eta pandero jotzaile askoren irakasle maitea da Juan Tapia.

Asteasuko Beballara auzoko Mindegia baserrian egin dugu hitzordua Juan Tapiarekin (Asteasu, 1963). Muttuya du jaiotetxe, izan du lantoki eta dauka gaur egun, bizitoki. Soinuaren sehaskan egin dugu hitz aspertua.

Mindegia edo Muttuya. Nola esan behar zaio? 

Muttuya izenarekin entzun izan dut nik. Niri ere, ezizen horrekin deitzen didate: 'Noa hoa Muttuya?' esaten izan didate herriko zaharrenek. Mindegia omen da berezko izena, baina nik neuk Muttuyakoa naizela esaten dut. Bost urte zituela etorri zen aita hona, Errotarrieta baserritik. Hura, Goiballaran zegoen, Andazarratetik gertu, eta gaur egun erorita dago. Hamabost senide ziren gure aita-eta. Oraindik ere bizi ditut izeba-osaba batzuk.

Zein ofizio zuen zuen aita, Eleuterio Tapiak?

Etxe ondoan karea egiteko karobizuloa zegoen. Hor hasi omen zen lanean, baina denbora gutxi eman zuen. Gure aita, ez dut uste fabrika batean denbora pasatzekoa zenik. Baserria zen garai hartako bizimodua. Baina horretan ere gehiegi ez zen ibiliko. Soinua izan zen bere mundua. Bailara bakoitzean soinu jotzaile bakarra izaten zen. Eta handik atera zuen bizibidea.

Eta kiroletik ere bai.

Esango nuke, gure aitak benetan maite zuena herri kirola zela. Segan hoberena zen bere garaian eta sega ez bazen, aizkora, aizkora ez bazen harria, beti bazuen zerbait. Aizkorarekin ez, baina harri jasotzen ibili zen. Segan, bai, jokatutako guztia irabazi zuen. Mutilak prestatzen ibili izan zen. Esate baterako, etxe honetan morroi ibili zen Pascualsoro. 18 urterekin etorri eta ezkondu bitartean hemen bizi izan zen. Semea bezala hartu genuen etxe honetan. Garai hartan horrela asko ibiltzen ziren. Gure aita ere kanpoan asko ibiltzen zenez, baserriko lanetan aritzen zen, laguntzen. Paskualsoro eta biak, Endañetaren aurka, apustua jokatu zuten 238 kiloko harriarekin. Jendeak porrot handia izango zela uste zuen eta azkenean, etxekoek irabazi zuten.

Nola ikasi zuen zuen aitak soinua jotzen? 

Osaba Manuelek bertsotarako joera handia zuen eta aitona zena ere ibiltzen omen zen. Izeba batek ere kantuan ederki egiten zuen. Bazuten musikarekiko grina etxe honetakoek. Legarralde baserritik ekarri omen zuen aitak lehenengo soinua. Jotzen jakin ez baina probatu egin nahi. Gau hartan bertan soinua jotzen hasi eta etxeko senide guztiak esnatu eta erabat haserretu zitzaizkion. Astean zehar, soinuak kieto behar izaten zuen, ezin zen ukitu ere egin. Garai batean Elizak gogor jo zuen kontu horrekin. Asteburuetan, Zizurkilen bazen organista bat eta aita zenak harekin ikasi zituen pieza batzuk. Zizurkilen bertan egin omen zuen lehen erromeria, sei piezekin. Hemezortzi urte zituela izango zen, gerra pasa eta berehala. Dirua orain asko ez eta orduan ere gutxi izaten zen. Gure aitonak, ez zuen gustuko izango gure aita soinua jotzen ibiltzea, baina dirua ekartzen zuela ikusita pasatzen utziko zuen.

Zer nolako piezak ziren garai hartan jotzen zituztenak? 

Fandangoak, arin-arinak eta horrelakoak. Lotutakoak ere bai, baina debekatuta egoten zen garai hartan. Ezin ziren elkarrengana arrimatu ere egin. XIX. mende bukaeran iritsitakoa zen trikitia Euskal Herrira. Instrumentuak Larrinaga etxekoak ziren eta baserri gutxi batzuetan egoten ziren. Ahoko soinua ere oso famatua zen eta etxe honetan ere zaleak ziren. Pentsatzekoa da, sueltoko pieza horiek, aurretik jotzen zirela beste instrumentu batzuekin. Pieza asko, txistulariek jotakoak direla esaten dute. Soinu handiak ere fama handia zuen. Andoainen, Berastegin... baziren soinu jotzaile sona handikoak. Handik edango zuen trikitiak gero. Soinu txikiak bazuen beste bizitasun bat. Jotzeko arinagoa zen. Eta anplifikadorerik ez zen garaian, indarra behar izaten zen. Do eta do sostenido erabiltzen zuten trikitiek. Soinu agudoak ziren eta horrekin errazago entzunarazten zen. Beharrak bultzatuta moldatu zen soinu txikia hemengo girora.

Zein izan zuen maisu zuen aitak?

Elgetaren eskuetatik pasa ziren gure aita bezala, beste asko ere: Sakabi eta Laja adibidez. Hamabost egun pasatzen zituen etxe bakoitzean, apopilo. Jaiki, gosaldu, purua hartu eta eskolak eman. Patxadatsua omen zen. Gizon oso diskretua. Beste etxeetan pasatzen zenaren berri ez omen zuen ematen, saltsarik ez zuen jartzen. Gazte haiei erakusten zien, tonuak moldatu eta piezak bere kabuz ikasteko gai ziren arte. Tonu menorrak eta ez ziren garai batean asko erabiltzen eta Elgetak egin zuen lana, ikaragarria izan zen, lehenengo oinarria jarri baitzuen. Orduan ez zen solfeorik izaten. Hartu, aurrez aurre jarri eta piezak erakusten zizkien. Eta aitak ere, gurekin berdina egiten zuen. Guk ikusitakoa jotzen genuen, imitazioz, nolabait. Aitak bazuen solfeoa eta partiturak leitzen ez jakitearen pena.

Non ibiltzen zen zuen aita?

Gipuzkoan ez zuen herririk izango pasatu ez zuenik. Bizikletan joaten zen, esaterako, Errezilera. Garai batean, ostiralean joan eta astelehenean bueltatzen ziren. Autobusez joan eta bi hiru egun ematen zituzten bertan. Urrutira ere ez hasieran baina gero aurrenetako kotxea inguru honetakoa gure aitak ekarri zuen seiscientosa eta horrekin Bizkaia eta Nafarroan ibili zen. Oso ezaguna zen. Eta berekin batera, bere jirakoak, Maltzeta, Egurrola, Zendoia, Auntxa, Sakabi... eskualdeka partitzen zituzten plazak. Azkoitia-Azpeitia inguru horretan eta Zumarragan ere tradizio handia zuten. Eguerdian ezkontza eta gauean erromeria izaten zuten askotan. Gure aitak, abuztu batean 28 emanaldi izan zituen. Eta ez ordu eta erdikoak. Meza ondorenean hasi eta goizaldeko hirurak arte, erabat ibiltzen ziren garai hartan. Lajak oraindik ere jarraitzen du eta hori txalotzekoa da, urteetan aurrera baitoa.

Zein ibili zuen bikote panderoarekin? 

Txapelketan gehien ibili zuena, Juan Orbegozo, Alegiakoa. Egañazpi, Astiasaran eta Landakanda ere ibili zituen. Sakabik bakarrik zuen bere biteko fijoa: Egañazpi. Bikote bat finkatuta edukitzea ere gauza ona da, baina garai batean ez zen horrela izaten. Jendeak eskatzen zuen zein pandero jotzailerekin nahi zuten aita azaltzea. Edo baldin eta zein soinu jotze mota zen, pandero jotzaile bat edo bestea eramaten zuen.

Txapelketetan ere jardun zuen. 

Gure aita zenak 45 urte bete zituenean lehenengoa atera zen txapelketan eta Lajarekin enpatea egin zuen. Desenpatea ez zuen egin nahi izan, Laja hobea zela eta hura atera zen aurrera. 1971ean izan zen txapelketa hura eta handik aurrera maiz xamar ospatu ziren. Gu irratia jarri eta entzuten aritzen ginen, Muttuyan.

Etxean bertan ematen zituen eskolak zure aitak?

Etxeko jantokian aurrena eta gero jendea mugitzen hasi zenean, etxe ondoan lokal txiki bat egin genuen. Berarekin ikasten ibili ziren Martin, Astiasaran eta Joseba, gure lehengusua. Anai-arrebetan nik bakarrik probatu nuen soinu txikia. Ikaragarri gustatzen zitzaidan, baina beldurra ere banuen, maila ez ote nuen emango. Santa Ageda kopla batzuk probatu nituen aurreneko aldian eta nahiko erraz ikasi nituen, nik uste baino errazago. Izugarrizko gogoa neukan, eta segitu egin nuen, gaur arte. Garai hartan hamabost urte ingururekin hasten ginen. Anaia Xabierrek soinu handia jotzen du. Eta orain, nire alabak segitzen du etxeko ohiturarekin, soinu txikiarekin.

Elgetaren sekretu guztiak erakutsi al zizkizuen zuen aitak?

Nik esango nuke, garai bateko mentalitatea horrelakoa zela eta ez zela dena erakusten. Adibidez, erromerietan, Aisterrazun eta horrelakoetan, trikitilariren bat azaltzen bazen, bere ustetan behintzat, zeukan piezarik onena ez zuen jotzen. Beti egoten zen abisua ematen zuen norbait, 'halako trikitilari hemen zegok' eta orduan, gorde egiten zen pieza hori. Garai bateko mentalitatea da hori.

Erakusle bezala zer moduzkoa zen zuen aita?

Ahal zen guztia ematen saiatzen zen. Nire aita, gizon beroa zen, baina erakusle bezala izugarrizko pazientzia hartzen zuen. Etorri, ikasleari kanta ateratzen ez, eta segi eta segi egiten zuen. Erakusteko asko balio zuen. Etxean bertan ere nortasun handiko gizona zen, baina soinua hartu eta erabat aldatzen zen.



Sormenerako joera ba al zuen?

Ez hainbeste. Piezaren bat edo beste bai, baina erraztasun handia zuen, nonbaiten entzun eta pieza hori gero ateratzeko. Inprobisatzeko ere abilidade handia zuen. Osaba Joanito zena zuzena zen bezala, aitak bazuen gaitasun hori. Isidro Larrañagarengana ere joaten zen tarteka teknika hobetzera. Entzutea gauza bat da, baina nota guztiak ezin dira belarrira etorri, eta aitak inprobisatzeko gaitasun handia zuenez, berehala ateratzen zituen piezak.

Nola hasi zinen zu soinua jotzen?

Nik solfeoa eta harmonia ikasi nituen. Hamazazpi urterekin, Enara taldearekin hasi nintzen kanpora ateratzen. Zizurkilen oilasko biltzetan eta erromerietan parte hartu eta hemezortzi urterekin hasi nintzen aitari eskolekin laguntzen. Erromeriak aita hil zenean utzi nituen bere ikasleak ere nik hartu nituelako eta karga handia zelako. Ez zait erromerietara hala moduz joatea gustatzen, prestatu gabe. Beraz, erabakia hartu nuen, irakaskuntzara bideratzeko bizitza. Nik delineatzaile ikasi nuen eta fabrika batean hasi nintzen lanean. Aitak esan zidan lantegia uzteko, soinutik bizi behar nuela. Horrek indar handia eman zidan, aitak esaten bazuen, zerbaitegatik izango zen.

Gau eta egun ibiltzen zineten soinua jotzen?

Astean orain ordubete sartzen duten bezala garai horretan egunean bi ordu pasa genitzakeen soinua jotzen eta entseatzen. Garai hartan ez zegoen deskantsurik, ezta oporraldirik. Etenik gabe jarduten genuen. Joseba berak, hemen egonaldiak egiten zituen. Kanpora atera, soinua hartzea izaten zen aurreneko kontua. Bat edo bestea imitatzen saiatzen ginen. Belarretatik buelta, edo artajorratik etortzean, zerbait jan eta soinua hartzen genuen.

Duela 28 urte hil zen zuen aita.

Bai eta ezagutu zuen aldaketa. Aurrerazalea zen, zentzu horretan. Aldaketa handia Martinekin etorri zen. Beste akorde batzuk, beste hots mota bat, beste patxada bat ibiltzen zen soinuarekin. Digitazioari garrantzia ematen zitzaion garai batean eta beste erregistro batzuk lantzen hasi ziren Martin eta bere garaikideak. Josebak ere ekarri zituen aldaketak. Bakoitzak bere ekarpena egin zuen. Bakoitzak, aurretik ikasitakoari erantsi dio zerbait, inor ez baita hutsetik hasten. Gero beste musika estilo batzuen eragina gehitzen joan da eta instrumentua ere aldatu egin da. 80eko hamarkada, birtuosismoaren garaia izan zen. Sorginkeriak egiten zituzten soinu txikiarekin.

Ikasleek ere izar haien antzekoa izan nahi zuten?

Ikasleek baino gehiago gurasoek nahi zuten euren umea horrelakoa izatea. Momentu batean bazirudien, ikasleak jo behar zuela ez dakit zeinek bezala. Onak, edozer gauzetan, gutxi izaten dira. Gurasoak oso gainean egoten ziren. Etxe honetara etorri, eta ordubetean bueltaka ibiltzen ziren hemen seme edo alabaren zain. Orain ez bezala, esango nuke. Ikasleak asko mimatu ditut eta esan diet argi, txapelketa batek zein alde on eta txar dauzkan.

Txapelketaren aldekoa zara?

Bai. Ume bat ezin da behartu eta askotan kalterako izango da. Baina, helduen kasuan, dudarik gabe, onena izango litzateke eta bultzada handia emango lioke trikitiari. Txapelketak bezala, gerora fama ikaragarria eman ziotenak gure mundu honi, taldeak izan ziren. Hamar urterekin, adibidez, etortzen bada ikasle bat eta erreferentzia bat baldin badauka Etzakit, Gozategi, Maixa eta Ixiar, Alaitz eta Maider horrek izugarri laguntzen du. Haren edo beste honen kantua ikasi nahi izaten zuten ikasleek. Orain erreferentzi falta bat badago. Pozten naiz, hala ere, azkenaldian, adibidez, Kepa Junkerarekin ibiltzen den Sorginak taldearekin, pandero joleak etorri zaizkidalako ikasi nahi dutela esanez. Begira zein gauza polita.

Bikote formatuak, badu etorkizunik?

Gisa horretara ibiltzeko plazak badaude. Izer eta Alabier, Elustondo anai-arrebak, Ansorregi eta Larrañaga, adibidez, badabiltza. Gaur egun, ikasleekin lana errazago egiten dut talde bezala. Erreferentzia hori nahiago dute. Taldearen babesa gauza inportantea, taldean lanak banatu egiten baitira. Sakrifizio asko eskatzen du bakarrik aritzeak eta erantzukizun handia da. Errepertorio guztia buruan eduki, eta bertso guztiak gogoan hartu... Hori ez da uste bezain erraza, erromeriak luzeak izaten baitira.

Zenbat ikasle izaten dituzu zuk?

Asko. Etxean ematen genituen eskolak garai batean, baina duela dozena bat urte Asteasuko kultur etxean ematen ditut saioak. Beasainen eta Usurbilen ere ematen ditut eskolak. Artzain batek ez omen du esaten zenbat ardi dauzkan... eta ni ere antzera. Baino esan dezaket mordo bat direla.

Berezkoa al da soinua jotzeko abilidadea?

Ikasi dena egiten da eta sorpresa bat baino gehiago hartu izan dut zentzu horretan. Musikarekiko gogo hori gaztetatik sumatzen da. Gaitasuna, abilidadea, belarri ona izan dezakezu, teoriak dira horiek denak. Gero digitazioa dago, ordea, behatzen azkartasuna eta garbitasuna. Musikalki ona izan eta jotzeko mugatuta egon zaitezke. Musikalki zeinek balio duen azkar antzematen da. Beste hori, eskua ba ote daukazun, hori beranduago atzematen da. Teknikoki onak diren ikasleak ere izan ditut, baina gero ikasteko zailtasunak dauzkatenak. Lau pieza ondo jotzea erraza da baina erromeri bat egitea gauza diferentea da.

Solfeoa darabilzu zuk irakasteko.

Solfeoa hizkuntza bat da, partitura irakurtzeko modu bat. Hori ikasiz gero, aukera duzu beste instrumentu batean ere erabiltzeko. Musikak abantaila handia du alde horretatik. Nik oinarri hori ematen diet ikasleei eta gero partitura kendu eta buruz aritzera ere behartzen ditut, edo aurrez aurre. Hor memoria eta belarria lantzen dira. Nik esango nuke, denak balio duela eta norbera erosoen nola ibiltzen den ikusi behar dela. Bakoitzetik hoberena aukeratu behar da. Zortzi urteko ikasketak dira bataz beste, eta umeak gaur egun beste gauza askotan hasten direnez, ez dute nahikoa denborarik hartzen.

Zuk irakasteko bokazioa duzu?

Ikastea beti gustatu izan zait eta dakidana erakustea ere bai. Nik bai ez dudala sekreturik gordetzen. Esan izan didate, 'hi Tapia hik baino hobeto jotzen ditek hire ikasleek'. Nik horixe nahi dut, bada, hori seinale ona da.

Soinua, trikitixa, trikitia... Nola esan beharko genuke?

Orain erabat onartua dago trikitixa. Edozeini galdetuta horrela esaten dute. Trikitixa pieza mota bat da. Porrusalda, fandangoa edo arin-arina diren bezala. Ez dakit zergatik aldatu den. Ni dagoeneko ohituta nago izen horretara baina soinu txikia ateratzen zait niri. Soinu handia eta soinu txikia esaten ziren garai batean eta nik horren aldeko apustua egingo nuke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!