Espetxez aldatu dute Txapartegi

Ataria 2016ko eka. 17a, 14:39

Zurichetik ordu erdira dagoen beste espetxe batera aldatu zuten atzo. Senideek gaur bisitatu ahal izan dute.

Aste honetan zuten bisita dela eta Txapartegiren anai-arrebek asteazkenean jaso zuten deia Suitzatik, Nekane espetxez aldatu zutela adieraziz. Atzo trasladatu zuten Zurichetik ordu erdira dagoen Dielsdorf hiriko kartzelara. Bertan ikusi ahal izan dute gaur goizean bere senideek.

Nekaneren, anai-arrebek, Jokin eta Josunek jakinarazi dutenez, ondo joan da bisita eta ondo ikusi dute presoa. "Kartzela txikia da Dielsdorfekoa eta 50 preso inguru daude bertan".

Espetxe berriko funtzionamendua, oraindik ez du ondo ezagutzen Nekanek, "baina momentuz zeldatik ateratzeko aukera gehiago du aurreko kartzelan baino, ordu pare bat ateratzen uzten omen dute". Astean behin ordubeteko bisita izaten jarraituko du eta senideei baieztatu dietenez, "alabareki kristalik gabe egin ahal izango ditu, aurrez aurre". Hala eta guztiz ere, espetxe berrian bisitak aste barruan izango dituztela jakinarazi diete, "astelehen edo astearteetan".

Hurrengo egunetan, Nekaneren egoeraren inguruko informazio gehiago jaso eta horren berri emango dute senideek. Bien bitartean, Nekaneri gutunak bidaltzen jarraitzera animatu dituzte herritarrak, "azken aldian gutun gutxi jasotzen ari da, ez dakigu geldituta ote dituzten edo gutxiago idazten ari garen. Beraz, jendea animatu nahi dugu idaztera". Hau du helbide berria:

Nekane Txapartegi
Gefängnis Dielsdorf
Spitalstrasse 5
Postfach 115
8157 Dielsdorf

Gutunak Suitzako Justizia ministroari

Txapartegiren senideek, Euskal Herriko mugimendu feministako kideek, Eleak-Libre paltaformakoek, Jaiki Hadi elkartekoek, torturatuak izandako emakume eta gizonek eta 18/98 sumarioko kideek Donostian agerraldia egin zuten atzo, gutun bidalketa masibo bat iragartzeko Suitzako Justizia ministroari luzatuko diote Nekaneren estradizioa geratzeko eskaria.

Espainiak egindako estradizio eskari baten ondorioz atxilotu zuten asteasuarra apirila hasieran Zurichen. Atzo Donostian bildutakoek salatu zutenez, Txapartegiri oinarrizko eskubide zibil eta politikoak ukatu zaizkio. "Torturen ondorioz egindako auto-inkulpazio batean oinarritu dute bere aurkako akusazioa".

Bide batez, tortura sexistaz hitz egin zuten Donostian eskainitako agerraldian. "Indarkeria mota hori ere sexu bereizkerian eta botere harreman patriarkalean oinarritzen baita hein batean". 

Oihana Etxebarrieta mugimendu feministako kideak eman digu ekimenaren berri:

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!