Arnasa hartzen hasteko kontuak

Jon Miranda Labaien 2016ko eka. 9a, 10:08

Asteasuko herri bideak konpondu eta argiteria egokitzera bideratuko dute aurtengo aurrekontuan inbertsioetarako gordetako diruaren zati nagusia

Asteasuko Udalak 2.184.900 euroko aurrekontua izango du 2016an. Kopuru horretatik 221.750 euro bideratuko dituzte inbertsioetarako. «Egia da aurreko urteetakoa baina kopuru altuagoa dela, baina ez du askorako ematen. Harrokeriarik gabe, tentuz ibiltzea dagokigu», dio Pili Legarra alkateak.

Aurreko legealdian gastua kontrolatu eta zorra kitatzeko ahalegin handia egin zuen Asteasuko Udalak. «Hitzarmen urbanistiko baten epeak ez betetzeagatik zigorra jaso zuen udalak duela urte batzuk. Azkenean dirutan gauzatu zen konpromiso hori eta dagoeneko 642.000 euro ordaindu dizkio udalak zegokion familiari. Azkeneko interesak ordaintzeaz aurten bukatuko dugu eta zorra betirako kitatuta geratuko da». Eneko Alberdi, arlo ekonomikoko udal administrariaren esanetan, egun Asteasuko Udalaren zorpetzea %39,13koa da legez, %80ko muga ezartzen diete. Legarraren esanetan, «2011n, adibidez, %75eko mailan geunden. Egindako ahaleginari esker, gaur egun eramangarria da zorra».

Horrekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundiaren edo Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza lerroetara aurkezten da udala hainbat proiekturi ekin ahal izateko. «Esate baterako, hondakin organiko guztia herrian kudeatzen dugu eta horretarako etxola bereziak egin behar izan ditugu. Horretarako, laguntza jaso genuen Diputaziotik», gogoratu du Legarrak.

AURTENGO INBERTSIOAK

Herri bideak konpontzeko ere jaso izan dute laguntza Aldunditik. Aurten, 221.750 euroko partidatik, kopuru handi bat herri bideak konpontzera bideratuko dute: Sorrarain-zahar bidea Larraulgo Udalarekin elkarlanean eta Bulanoko bidea ere egokituko dituzte aurten.

Iaz hasitako lan batek ere, argia ikusiko du aurten: «Asteasuko herri bide historikoen inguruko dokumentu bat osatzen ari da historiagile bat». Aurten kaleratuko dute lana eta inbertsioen kapituluan sartu dute egitasmoa. Baita, Aranzadi zientzia elkartea Sasetako defentsa sistemaren inguruan burutzen ari den lanketa ere. Aduna eta Zizurkilgo udalekin batera gauzatzen ari den proiektua da. Ondare historikoa berreskuratzeko ahaleginean, aldiz, Burdina taldearekin batera, aurten, Errekaldeko garbitokia berrituko dute.

Muskerraren bidea eta eraginkortasun energetikoaren izenean herrigunean argiteria egokitzeko lanek eramango dute inbertsioetarako bideratutako diru partidaren beste zati bat.

TRAFIKO PLANAREKIN HASTERA DOAZ

Asteasuko Udalak herriko trafiko arazoei aurre egiteko asmoz hainbat neurri hartuko ditu epe motzera. Aparkalekuekin dute arazoetako bat. Udalak jaso dituen datuen arabera, herriko erdigunean 576 auto daude eta aparkaleku kopurua, aldiz, 580 ingurukoa da 288 garaje eta 290 aparkaleku. Legarraren esanetan, «horrez gain, hurrengo hilerako Lamiategi urbanizazioan aparkatzeko 90 leku berri egongo dira. Beraz, ez da leku falta egongo. Ohiturak dira aldatu beharko ditugunak».

Kezka ez da Asteasuko Udalarena soilik, gurasoek behin eta berriz adierazi dute autoak gaizki aparkatzearen ondorioz, haurrak une oro arriskuan dabiltzala. Beraz, «arazo guzti horiei irtenbide adostu bat eman nahian, parte hartze prozesu bat abiatu genuen. Sei bilera egin ondoren, herritarren proposamenak bildu ditugu trafiko plan berria egiteko», dio Legarrak.

Ezertan hasi aurretik, Obaba kaleko, plazako eta Kale Nagusiko seinalizazioa eta arautegia eguneratu egingo dituzte. Behin, Lamiategiko aparkalekuak bukatzen dituztenean, aguazila kontratatzeari ekingo diote: «jendeak egindako eskaera izan da eta isunak jartzeko eskumena izango du langile horrek».

Sei hilerako proba egingo dute aguazilarekin, eta Legarrak azpimarratu duenez, beste eginkizun batzuk ere izango ditu «hondakinak kontrolatzeaz eta bandoak zabaltzeaz arduratuko da, adibidez». Beste hainbat udalek bezala, Asteasukoak Ertzaintzarekin hitzarmena sinatuko du eta aguazila lanean ez den orduetan, isunak jartzeko eskumena izango du.

Planaren ingurukoak bildu dituzte www.asteasu.eus helbidean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!