«Esker onez, oroimenez eta maitasunez» gogoratu dute Marijuli

Mikel Iraola 2016ko mai. 20a, 19:26

Manuel Larramendi Kultur Bazkunak ohorezko lehendakari izendatu zuen Marijuli Azkue 2015eko batzar nagusian, eta atzo iluntzean aitortza egin zioten haren sendiari Asteasuko udaletxean.

Mari Juli Azkue Arrastoa asteasuarra Manuel Larramendi Kultur Bazkunaren sortzaileetako bat izan zen orain ia 24 urte, 1992an, eta zuzendaritza batzordean lan egin zuen 22 urtez, Asteasuko ahaldun, idazkari eta lehendakariorde gisa. “Hutsune handia utzi zuen Marijulik, eta zorretan geunden berarekin”, aitortu zuen atzokoan Jon Unanue, Bazkuneko zuzendariak.

22 urte horietan egindako lanari esker ona adierazteko asmoz, Bazkuneko bazkide batek jaso lezakeen izendapenik altuena jaso zuen Marijulik pasa den urteko batzarrean: hilondoko izaeraz, ohorezko lehendakari izendatu zuten.

Izendapen horren erakusgarri bezala, ekitaldia egin zuten atzo Asteasuko udaletxean. Aitor Amutxastegik sortu eta Marijuliren bizitzari gainbegiratua egiten dion ikus-entzunezkoa proiektatu zuten. Musika doinuak ere izan ziren, besteak beste, Ubedatarren, Mujika-Dumaldarren, Lorratzak taldearen eta Asteasuko Txistulari taldearen eskutik.

Ekitaldiaren amaieran, esker onaren adierazle gisa Bazkunaren agiria jaso zuen bere bikotekide Alito Garciak; Julik, bere amak, Bazkunaren eraztuna, Euskararen eraztuna gisara ere ezagutzen dutena, jaso zuen. “XIX. Mendean zehar eta XX. Mende hasieran eraztun horiek erabili ohi ziren euskal herriko eskoletan ikasleek euskara hitz egiteari uzteko tresna gisa. Eraztuna jartzen zioten euskaraz hitz egiten harrapatzen zutenari. Bazkide batek proposatu zigun eraztuna berreskuratzea Bazkunaren ikur gisa, baina beste zentzu batekin, euskararen erabilera sustatu eta bultzatu beharraren lekukotasun gisa, alegia”, azaldu zuen Unanuek. 22 urtetan Larramendi Bazkunan egindako lanaren “esker onez, oroimenez eta maitasunez” jaso zuen Juli Arrastoak, eraztun hori.

Hona hemen txistulari taldearen azken emanaldiaren bideoa:

Aitortzaren "beharra"

Marijuli, Larramendi Bazkunaren proiektua Beterri-Aiztondo bailaran finkatu eta zabaltzerako orduan “giltzarria” izan zela dio Unanuek. “Oso galera handia izan zen, gure ardatz nagusienetako bat izan zelako. Hutsune hori nabaritzen dugu oraindik ere, bere lanak utzitako arrastoa handia delako. Pertsona eta lagun batzuk oso beharrezko gertatzen dira, eta Marijuli horietakoa zen”.

Zentzu horretan, familiak ere aitortza bat merezi zuela uste du Unanuek: “Azkue Arrastoa familia ekimen handiko familia izan da. Anai-arreba guztiak daude txistulari taldean eta herrian antolatu izan diren ekintzetan beti izan dira murgilduta. Familia izateaz gain, gauza askotarako ere talde bat izan dira”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!