Larramendi Bazkunak ohorezko lehendakari izendatuko du Marijuli Azkue

Ataria 2016ko mai. 17a, 12:59

Ostegunean, maiatzak 19, 19:00etan jarri du hitzordua Manuel Larramendi Kultur Bazkunak: Asteasuko udaletxeko ekitaldi aretoan Marijuli Azkue Arrastoa asteasuarra ohorezko lehendakari izendatuko du, hilondoko izaeraz, Bazkuneko bazkideak, familia eta lagunak elkartuko dituen ekitaldi musikatu batean.

Mari Juli Azkue Arrastoa asteasuarra Manuel Larramendi Kultur Bazkunaren sortzaileetakoa izan zen orain ia 24 urte, 1992an, eta Kultur Bazkunaren Zuzendaritza Batzordean lan egin zuen geroztik, 22 urtez, Asteasuko ahaldun, idazkari eta lehendakariorde gisa. Larramendi Bazkuneko arduradunen hitzetan “asko da Marijuliri zor dioguna, gure bileretan eta, bereziki, gauzak oker eta gaizki zetozkigunean ukendua bezalakoxea baitzen, beti zentzudun eta errealitatea neurrian haztatuz. Beti itxaropena suspertzen zetorrenari aurre egiteko. Ikaragarri nabari dugu bere hutsunea”. Larramendi Bazkunaren ekimen nagusietan parte hartu zuen zuzenean urte horietan guztietan, Aiurri aldizkariaren sorreran, esate baterako; baita, bereziki, Euskal Literaturazaleen 111 Akademiaren hastapenetan ere.

Baina Marijuli Azkue Larramendi Bazkunaren sortzaile eta ekintzaile baino gehiago izan zen. Gizarte laguntzaile ikasketak amaitu ostean Donostian, Larramendi Bazkunaz kanpoko ekimen ugari jarri zuen martxan, bereziki Asteasun, baina baita herritik kanpo ere: Aisialdiko begiraleen prestatzaile izan zen eta Hezkide Eskolako arduradun Larraulen, Asteasuko Odol-emaileen Elkartea sortu zuen, Iturri Zaharretik Elkartea, Merkataritza Zuzeneko ekimenetan parte hartu zuen; bolada batez Martuteneko presondegian lan egin eta baita Donostiako Kaletartuen Harrera-etxe edo Aterpean ere.

Askatasuna maite zuen eta jendeak bizitza, kultura askatasunez bizi zezan, munduari eta aurrerabideari irekia, baina belaunez belaun jasotako ondasunak baliatuz, haiek galtzen utzi gabe. Hori izan zen bere ezaugarrietakoa Larramendi Bazkunaren baitan egin zuen lanean, hori eta aiurri gozo, baikor eta eskuzabala.

Hori guztia eskertzeko baina, bereziki, Manuel Larramendi Kultur Bazkunaren baitan izan zuen eragina eskertzeko ohorezko lehendakari izendatu zuen Bazkuneko Biltzar Nagusiak 2015eko maiatzean, aho batez. Izendapen hori jaso duen bigarren laguna da, 1997. urtean Martin Ugaldek jaso baitzuen aurrenekoz, Martin artean bizi zela.

Marijuliren familiak izendapenaren ziurtagiria eta lehendakariaren eraztuna jasoko dute. Eraztunak, orain urte batzuk bazkide baten ekimenez ezarria, euskara belaunez belaun Euskal Herrian lau haizeetara zabaldu beharraren gaineko ardura eta ahalegina adierazten ditu; ez baita ahaztu behar XIX. eta XX. mendearen hasieran guztiz bestelako helburuekin erabiltzen zela eraztuna Euskal Herriko eskoletan. Jokabide hura gaitzetsi eta kontrakoa suspertzearren ezarri dute oraingoa.

Osteguneko ekitaldian honako musikariek parte hartuko dute: Asteasuko Txistulari Taldea –bertako kide zen Marijuli txikitatik–, Juan Tapia, Lorratzak taldea, Imanol & Jon Ander Ubeda eta Mujika-Dumaldarren laukotea. Musikaz gozatzeaz gain, bertaratzen direnek Aitor Amutxastegik osaturiko 25 minutuko bideoa ikusi ahal izango dute, zeinak gainbegiratua ematen dion Marijuliren bizialdiari.

Bertaratu nahi dutenek izena ematea komeni da bazkuna@larramendi.org helbidera idatzita.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!