Usarrabik jartzen du Asteasu kantari

Jon Miranda Labaien 2016ko mai. 13a, 11:16

Adunan eskainitako kantu jiran jasotako irudia, iazko kultur astearen baitan

Bihar, Asteasuko San Pedro elizan Musikalis abesbatzak eskainiko duen kontzertuan bi kantu eskainiko ditu Usarrabik

Pablo Sorozabalen Bihotz eta Giuseppe de Marzi italiarraren Signore delle Cime kantuekin parte hartuko du Usarrabi abesbatzak, bihar, 19:30ean Asteasuko San Pedro elizan antolatu den kontzertuan. Marga Jimenez, abesbatzako kideak azaldu duenez, «bigarren kantu hori, Italiako Alpeetako herri txikietan kantatzen dute. Duela urte batzuk izan zen mendi istripu batean hildakoen omenez osatu zuten eta ezbehar bat gertatzen den aldiro kantatzen dute orain. Oso hunkigarria da». Usarrabiko kideen ekarpena izango da hori eta elizako korutik jardungo dute kontzertuaren lehen zatian. Musikalis abesbatzako kideek, Mozarten Txolarrearen meza eskainiko dute aurrena eta organoan Ana Belen Garcia eta biolinarekin Mirari Irurzun ariko dira.

Musikalis abesbatza, bakarlariek osatutako korua da, «maila handiko kantariek osatzen dute eta Iñaki Carcamo izaten dute zuzendari», Jimenezen esanetan. Kontzertuaren bigarren zatian, aldaretik eskainiko dute emanaldia eta musika profanoa landuko dute, polifonia eta folklorea. Besteak beste, Sting, Laboa eta Guridiren piezak eskainiko dituzte. «Gure helburua, musika klasikoarekiko zaletasuna sustatzea da eta geroz eta jende gehiago erakartzea. Horretarako, errepertorio anitza prestatzen dugu, pixkanaka ohitzen joan dadin».

Duela lau urte Asteasuko organoak ehun urte bete zituen eta herritarrek abiatu zuten instrumentua berritzeko lana, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Asteasuko Udalaren laguntzarekin. «Urtemugaren bueltan ekimen batzuk antolatu genituen eta konpromisoa hartu genuen urtean pare bat kontzertu antolatzeko. Gure organoari bizitza ematea da helburua, oso organo polita baita eta pena da mezetarako bakarrik erabiltzea. Herritarrak konturatu daitezela zein altxor dugun Asteasun», aipatu du Usarrabi abesbatzako zuzendariak.

Usarrabi taldea, egonkortuta

Hamabi urte inguru dira Asteasuko kantu jira taldea sortu zela eta urte guzti hauetan, harmonia eta musika klasikoan sakontzen joan dira. Jimenezen ustez, «euskal kantuak jorratu, berreskuratu eta ahalik eta gehien zabaltzea da gure helburua. Hortik gatoz eta horrek biltzen gaitu. Gero joan gara gure esparrua zabaltzen, pixkana».

Asteartero biltzen dira Asteasun entsegua egiteko Usarrabi abesbatza osatzen duten 17 kideak. «Hemen biltzen gara, baina Zizurkilgo, Villabonako, Alkizako eta Larraulgo jendea gerturatzen da». Hain zuzen, herri horietan egiten dituzte kantu jirak, hilean behin, gutxi gorabehera eta festa edo ekitaldi bereziak izaten direnean. «Beste herrietako kantu jirekin ere badugu harremana eta aurreko astean, adibidez, Baionan izan ginen. Gustatu zitzaizkigun bi kantu ekarri ditugu guk entseatu eta hemen kantatzeko».

Badituzte gustuko kantuak, beti kantatzen dituztenak. Koldobike Lekeitio ingurutik ekarri zutena eta Baratze bat aipatu ditu Jimenezek. «Gehienetan, gitarraren laguntzaz ematen ditugu abestiak, tonua hartu eta erritmoa jarraitzeko, baina azkeneko jiran musikari gehiagoren laguntza jaso genuen». Musika doinuak Aiztondon zabaltzea da, Usarrabi abesbatzaren helburua.

MAIATZAK 14, LARUNBATA

MUSKERRAREN FESTA
11:30. Bernardo Atxagak Muskerraren Bidea gidatuko du. Irteera Elizmenditik izango da, Pello Errota eskolaren ondoan. 10:45ean salda hartuko da Asteasuko plazan.

KULTURARTEKO FESTA
17:00.Asteasun bizi diren herrialde desberdinetako herritarren kultura eta gastronomia ezagutuz festa izango da. Haur eta helduentzako jokoak, Ekuadorreko musika taldea, herrialde ezberdinetako jakiak eta kultura ezagutzeko aukera.

MUSIKA
19:30. Usarrabi abesbatzak San Pedro elizan eskainiko du udaberriko kontzertua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!