Muskerraren bidea, kulturarteko festa eta kontzertua, maiatzaren 14an

Ataria 2016ko maiatzaren 5a

Muskerraren bidea erakutsiko du Bernardo Atxagak, maiatzaren 14an, 11:30ean. Arratsaldez, kulturarteko festa egingo da eta iluntzean Usarrabi koruak kontzertua eskainiko du elizan.

Maiatzaren 14an goizeko 11:30ean Bernardo Atxagak Muskerraren Bidea gidatuko du Asteasun. Irteera Elizmenditik izango da, Pello Errota eskolaren ondoan. 10:45ean salda hartuko da Asteasuko plazan.  Ibilbideak bi orduko iraupena izango du eta izen ematea aldez aurretik liburutegiaalderdieder@donostia.eus helbidean egin beharko da. Donostia Kulturak antolatutako Literaktum jardunaldien barruko ekimena da, maiatzaren 14rako antolatu dutena.

Arratsaldeko 17:00etatik aurrera, Kultura ezberdinak ezagutuz ekimena egingo dute. Asteasun bizi diren herrialde ezberdinetako herritarren kultura eta gastronomia ezagutzeko festa egingo da. Haur eta helduentzako jokoak izango dira aurrena, gero Ekuadorreko musika taldeak emanaldia eskainiko du eta bitartean herrialde ezberdinetako jakiak eta kultura ezagutzeko aukera izango da.

Usarrabi abesbatzak, 19:30ean Asteasuko San Pedro elizan eskainiko du udaberriko kontzertua. Organoan Ana Belen Garcia arituko da eta biolinarekin Mirari Irurzun. Iñaki Carcamo ariko da zuzendari lanetan eta Musikalis abesbatzako kideek ere parte hartuko dute. Mozart, Bach, Mendelssohn, Laboa, Guridi, Busto, Sting eta beste hainbat autoreren lanak eskainiko dituzte.

Hurrengo eguna, maiatzak 15, San Isidro eguna izango da eta beraz, Asteasuko baserritarrek beren eguna ospatuko dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!