Matxintxulo Gaztetxearen IV. urteurrena ospatuko dute larunbatean

Jon Miranda Labaien 2016ko api. 21a, 11:51
Defentsa pertsonal ikastaroa izan zuten apirilaren 2an

Orain arte ekimen ezberdinak antolatu dituzte eta ospakizunak borobiltzeko egun osoko festa egingo dute larunbatean

Lau urte bete ditu Asteasuko Matxintxulo Gaztetxeak. Elizmendi auzoan dago kokatuta eta udalarena da lokala. Maddi Otaegi gazte asanbladako kideak sortze prozesua bertatik bertara ezagutu zuen: «Urte batzuk dira herriko hainbat gazte batu ginela gauzak antolatzeko gogoz. Pentsatu genuen ondo egongo zela leku bat edukitzea mugimendua aurrera eramateko».

Eskaerari kasu egin eta garai batean haurtzaindegia izandako lokala gazteen esku utzi zuen udalak. «Sabaia erori ondoren lekualdatu zuten haurtzaindegia eta obra batzuk egin ondoren gure esku utzi zuten». Gazteak izan dira lokala bere erara moldatu dutenak: «Paretak bota, altzariak aldatu, lokala margotu eta gure gustura jarri dugu».

19 eta 24 urte arteko 30 bat gazte ibili izan dira Matxintxulon, baina azken urtean 18 urte ingurukoak ere inguratu zaizkie. Otaegiren esanetan, «belaunaldi berriak lotzen ari dira gaztetxearen dinamikara eta horrek etorkizuna ziurtatzen digu. Asko pozten gaitu lekukoa hartuko dutenak egongo direla jakiteak».

Gaur egun Matxintxulo dagoen tokian gaztetxea egon zen baina urte askotako etena egon da ondoren. «Aurreko belaunaldietatik nola lan egin jakiteko eredu bat ez dugu jaso», dio Otaegik. Horregatik, datorren larunbatean, urteurreneko ekitaldiei hasiera emateko, asanbladaren funtzionamenduaz eta botere harremanez hitz egiteko dinamika parte hartzailea egingo dute. «Gaur egun, urte hasieran biltzen gara hurrengo hilabeteetako ekimenak pentsatzeko eta garaia heltzen denean gauzak antolatzeko egiten ditugu bilerak. Baina berandu xamar mugitzen gara eta ez oso modu finkoan».

Euren ekimen propioa garatu nahi dute gazte asanbladako kideek eta ekarpena egin nahi diote herriari. Duela gutxi, Asteasuri buruzko ikus-entzunezko lanak ekoizten hasi dira. Bestalde, Asteasu feminismorantz lelopean hilero dokumentalak eskaintzen dituzte gaztetxean eta herriko hainbat ekimenetan ere parte hartzen dute.

Laugarren urteurrena ospatzeko azken asteetan defentsa pertsonal ikastaroa eta dokumental emanaldiak eskaini dituzte eta larunbatean izango dira ekimen nagusiak. «Badakigu, Alegian gazte asanbladen topaketa dela, baina hala ere, inguruko gazteak gonbidatu nahi ditugu gerturatu daitezen». Egun osoko festa izango da, indarrak hartu eta beste hainbeste urte bete ditzan Matxintxulok.

APIRILAK 23, LARUNBATA

10:00. Dinamika parte hartzailea, Asanbladaren funtzionamendua eta botere harremanak izenburupean.
14:00. Herriko eskoletan, bazkaria: hestebetea, paella, saiheskia eta fruta. Tiketak Iturriondon eta Patinen salgai, 15 euroan.
18:00. Trikipoteoa eta jolas alternatiboak egingo dituzte Asteasuko herrian zehar.
23:00. Kontzertuak izango dira Matxintxulo gaztetxean: Arto Bixar, Pornox eta Cillinbassion taldeen eskutik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!