Asteasutik Suitzara, elkartasuna

Tolosaldeko Ataria 2016ko api. 15a, 21:23

Elkarretaratze jendetsua egin dute Asteasun Nekane Txapartegiri elkartasuna adierazteko. Joan den astean atxilotu zuten Suitzan eta gaur izan du estradizio eskaeraren inguruko lehen auzi saioa, poliziaren aurrean.

Espainiak bere kontrako estradizio eskaera bat duela jakinarazi diote Txapartegiri eta hori ukatzeko zein arrazoi dituen azaltzeko aukera izan du. Asteasuarraren senitartekoek gaur jakinarazi dutenez, "atxilotu zutenean egin zizkioten torturak eta alabaren egoera lasai azaltzeko aukera izan du eta abokatuak gustura geratu dira gaurko saioa nola joan den ikusita". Orain, 14 egun izango dituzte estradizio eskaera ukatzeko argudioak prestatzeko eta beharrezko dokumentazioa aurkezteko.

Nekaneren anaia Josebak jakinarazi duenez prozesu luzea izango dela aurreikusten dute: "abokatuek ia ziurtzat ematen dute estraditatuko dutela, baina esan digutenez, urtebete joan liteke erabakia hartu aurretik". Bien bitartean, Zuricheko kartzelan edukiko dute. "Espetxe gogorra dela jakinarazi digute, 23 ordu zeldan eta patio ordu bakarra izaten dute. Telefono bidezko komunikaziorik ez da izaten eta esan digutenez, animoa emateko gutunak poliziaren eskutik pasa eta euskaraz idatziz gero asko atzeratzen dira presoaren eskutara iritsi aurretik". Hala ere, Nekaneren senideek gutunak idaztera animatu dituzte herritarrak, "norberak ikusiko du zein hizkuntzatan". Hau da helbidea: Nekane Txapartegi Nieve. 
Gefängnis Zürich, Rotwandstrasse 21. 8004 Zürich. Suitza.

Astean behin izango dute Txapartegiren senide eta lagunek bera ikusteko aukera. "Abokatuarenaz gain, bisita bakarra izango du, kristalarekin". Dagoeneko abokatuak asteartean izan zuen aurrez aurrekoa presoarekin eta atzo bere alabaren tutoreak bisitatu ahal izan zuen. "Ondo eta animatuta ikusi dutela esan digute eta hori guretzako lasaigarria da", esan du Nekaneren anaiak.

Babesa adierazteko sarea

Familiaren izenean Josebak eskerrak eman ditu aste osoan Euskal Herrian bertan jasotako babesagatik eta baita aurreko astean Suitzan izan zirenean jasotako tratuagatik. "Eskuzabaltasunez" hartu zituztela jakinarazi du. Izan ere, Suitzan kanpaina solidario bat egiteko asmoa dute Txapartegiri babesa emateko eta bihar, Zuricheko kartzela ingurura joango dira, espetxe kanpotik presoa animatzeko.

Estradizio eskaerarekin ados ez dagoela eta Nekaneren egoerarekin kezkatuta daudela jakinarazteko, bestalde, Asteasuko Udalak gutuna bidaliko dio Suitzako justizia ministroari. Herritarren ekimenez kanpaina bat ere jarriko da martxan babes ekonomikoa bilatu nahian: "Familiakoek eta lagunek orain bisitak egiteko Suitzara bidaiatu beharko dute eta horrek dakarren gastu ekonomikoari aurre egiteko bonu laguntza batzuk aterako ditugu". Hileko azken ostiraletan, 20:00etan, Asteasuko plazan elkarretaratzea egiteko asmoa dutela ere jakinarazi dute herritarrek.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!