EAJk Nekane Txapartegiren atxiloketaren harira aurkeztutako mozioa:

Tolosaldeko Ataria 2016ko api. 14a, 13:00

Aho batez onartu zen mozio hau:

1.- Azkeneko urteetan Euskadi/Euskal Herriak itxaropenez beteriko etapa berri bati ekin dio bakearen, bizikidetzaren eta normalizazioaren bidean. Panorama berri honetan, aktore guztien partetik jarrera desberdinak eskatzen ditu, aipaturiko helburu horiek gauzatzeko. Giza eskubide guztien eta demokraziaren baloreen defentsak erreferentzia politiko, instituzional eta soziala izan behar du, bake integral bat eta bizikidetza demokratikoa eraikitzen joateko.

2.- Gure kezka azaldu nahi dugu, Nekane Txapartegiren eta bere alabaren egoeraz eta protesta irmoa egin baita bere senitartekoek eta/edo lagunek berarekin egoteko jasaten ari diren oztopo eta zailtasunagatik. Zentzu honetan, Eusko Legebiltzarraren gehiengo zabal bat maiz esan duen bezala, adierazi nahi dugu urteetan indarrean egon den espetxe politika errotik aldatu behar dela, eta ondorioz, printzipio humanistei egokitu behar dela erabat. Ez dugu onartzen, mendekuan oinarritzen den espetxe politika hau.

3.- Tortura giza eskubideen urraketa gaitzesgarrietan gaitzesgarriena da. Fenomeno hori gerta daiteke, zeren atxilotuekiko tratuak gertatzen diren tokiak eta atxilotzealdia kontrolpetik at gera baitaitezke. Opakutasunak zigorgabetasun-egoerak  sortzen  ditu  eta  zigorgabetasunak,  aldi  berean,  horrelako  praktiketarako  egoera  ezin hobeak. Tortura gertatzen den susmo zentzuduna izate hutsak zalantza hori argitzera bultzatu beharko luke giza eskubideekin eta demokraziaren balioekin konprometitua dagoen pertsona edo erakunde oro, baita fenomeno hori ez gertatzeko hartu beharreko neurriak hartzera ere.

4. Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikeditzarako Idazkaritza Nagusiak berriki Euskal Herriko Unibertsitateko aditu talde bati Euskadin izan diren torturak ikertu eta txosten zabal bat egiteko eskatu dio. Zentzu honetan, eskatzen dugu lan horretan sakonki ikertu dezatela Nekane Txapartegik bere garaian salatu zituen torturak eta onartezinak diren tratu txarrak. Gai honek ere, memoria, justizia eta erreparazioa behar du.

5.- Elkarbizitzaren bidean, honoko konpromiso hau hartzen dugu geure gain: Arrazoi politiko bat bera ere ezin da etikaren eta giza eskubideei errespetuaren oinarrizko printzipioen  gainetik jarri. Giza eskubideak edozein arrazoiren gainetik dagoen absolutu etiko bat dira. Gure konpromiso etikoa giza duintasunaren alde izan behar da: giza duintasunarekiko, pertsonarekiko eta berarengatik datozen giza eskubideekiko errespetuaren balioa, bizitza, lehenik eta behin, Estatu-arrazoia edo edozein zergati edo ideia politiko baino garrantzitsuagoa eta lehenagokoa da.

Asteasu, 2016ko apirilaren 12an

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!