Nekane Txapartegiren atxiloketa salatu dute herritarrek

Tolosaldeko Ataria 2016ko api. 8a, 09:20

Informazio gutxi eta nahasia dute senideek asteasuarraren egoeraz. Abokatuek ezin izan dute komunikaziorik izan berekin, baina alabak Zuricheko komisarian bisitatu ahal izan du goizean.

Asteazken arratsaldean komunikabideen bitartez jakin zuten senitartekoek Txapartegiren atxiloketaren berri. Atxiloketaren unean, 8 urteko alaba eskolan zegoen. Umeak gaur goizean bisitatu ahal izan du bere ama Zuricheko komisaldegian.

Konfiantzazko abokatuek ez dute komunikaziorik izan gaur asteasuarrarekin baina jakin ahal izan dutenez, atxiloketaren unean Txapartegik bere tortura salaketa jasotzen duen txostena aurkeztu ahal izan zion epaileari. Senide eta lagunen esanetan, "Suitzak ez du araudi jakinik estradizio kasuetarako eta erabakia hartzen luzatu egiten dira". Itxura guztien arabera, Zurich inguruko kartzela batera aldatu dute Txapartegi eta bihar abokatuek bertan bisitatuko dute.

Asteasuarraren anai-arrebak eta alabaren aita une honetan Suitzan dira. Ez dakite noiz ikusi ahal izango duten bere senidea. Gaur jakinarazi dietenez, hemendik 10 egunera izan dezakete komunikazioa.

Asteazkenetik egunero ari dira elkarretaratzeak egiten Asteasun, Nekane Askatu. Errepresioa gelditu orain lelopean. Gaur, ostirala, beste elkarretaratze bat deitu dute, 20:00etan, Asteasuko, plazan.

Estradizio aukera

Asteasun HBko zinegotzi hautatu zuten Txapartegi 1995ean eta 1999an. 1999ko martxoan atxilotu zuten, beste hiru lagunekin batera. Torturatu egin zutela salatu zuen. Epaiketan azaldu zuenez, Intxaurrondoko kuarteleko guardia zibilek atzeman zuten, Tres Cantoseko komisarian (Madril) elektrodoak eta poltsa ezarri zizkioten, eta bortxatu ere egin zuten.

Handik hilabete gutxira libre utzi zuten eta urte batzuk geroago, 2006an, 18/98 sumarioan epaitu zuten. Auzi harengatik, sei urte eta bederatzi hilabeteko zigorra ezarri zioten Xakiko kide izatea eta, beraz, Baltasar Garzon instrukzio epailearen arabera, «ETAren kanpo harremanetarako ministerioko» kide izatea egotzita.

2007ko abenduan bere bila etorri arren, guardia zibilek ez zuten etxean topatu eta haren aurkako euroagindua eman zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak 2012ko abenduaren 3an. Espainiako Ministroen Kontseiluak, berriz, bere estradizioa eskatu zuen 2015eko ekainean.

Espainiako Estatuak egindako eskaera hori atzera botatzeko, Nekane Txapartegik, Audientzia Nazionalean egindako tortura salaketa aintzat hartzea espero dute senide eta lagunek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!