Nekane Txapartegi atxilotu dute Suitzan

Ataria 2016ko apirilaren 6a

18/98 sumarioan sei urteko espetxe zigorra ezarri zioten eta haren estradizioa eskatu zuen Espainiako Gobernuak 2012an.

Gobernuaren arabera, Espainiako Poliziak eta Suitzako Polizia Federalak (FEDPOL) elkarlanean Zurichen eginiko operazio batean atxilotu dute gaur arratsaldean Nekane Txapartegi asteasuarra. Operazioak zabalik jarraitzen duela jakinarazi du Espainiako Barne Ministerioak. Emandako informazioaren unean dokumentazio faltsua zeramala adierazi du poliziak. Zortzi urteko alaba du Txapartegik, eta familiak «ez daki atxiloketaren unean berarekin zegoen edo ez». Familiako kideek Suitzarako bidea hartu dute.

18/98 sumarioko Xaki atalean auzipetu zuten Txapartegi, eta epaiketan salatu zen torturapean deklaratu zuela. Azaldu zuenez, 1999ko martxoan, Intxaurrondoko kuarteleko guardia zibilek atzeman zuten, eta Tres Cantoseko komisarian elektrodoak eta poltsa ezarri zizkioten. Bortxatu ere egin zuten, baina auzitegi medikuari ez zion gertatutakoaren berri eman. Tortura salaketa hori, 2001ean artxibatu zuten.

1999ko azaroan aske geratu ondoren, 2007an 18/98 sumarioan epaitu zuten eta 6 urte 9 hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten. Espainiako Auzitegi Nazionalak 18/98 auzian epaitutako 52 pertsonetatik 46 atxilotzeko agindua eman zuen 2007ko azaroaren 30ean. Eskualdeko beste bi ere atxilotu zituzten –Joxe Mari Olarra eta Mikel Egibar– eta Txapartegiren bila ere joan ziren guardia zibilak baina ez zuten etxean aurkitu. Haren aurkako euroagindua eman zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak 2012ko abenduaren 3an eta Espainiako Ministroen Kontseiluak bere estradizioa eskatu zuen 2015eko ekainean. ETArekin lotura duelakoan atzeman dutela esan du Espainiako Barne Ministerioak.

Gaur, 20:00etan, Txapartegiren egoeraren inguruko informazioa emateko batzarra deitu dute Asteasuko plazan. 150 lagun inguru gerturatu dira bertara eta Nekane Askatu lelopean atxiloketa salatu dute.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!