«Bikotekidea preso duten emakumeek hartzen dute zaintzaren ardura osoa»

Jon Miranda Labaien 2016ko mar. 18a, 09:10

Aizan taldearen eskutik ‘Emakumea eta kartzela’ lana emango dute gaur Asteasuko gaztetxean (18:30). Bertan parte hartzen du, gaian aditua den Oihana Etxebarrietak.

Nola sortu zitzaizun dokumental honetan parte hartzeko aukera?
Duela urte batzuk, ikasketa feminista eta generokoen masterra egin nuen eta amaierako lan bezala espetxea eta emakumea gaia aztertu nuen. Erlazio afektibo sexualak espetxe garaian askatasun (g)une? Hainbat euskal emakumeren esperientziak tesina landu nuen. Gaiari tiraka jarraitzen dut oraindik ere eta horregatik izan nuen dokumentalean parte hartzeko aukera. Gaia, egia esan interesekoa da. Eta nahi baino toki gutxiagoetan aritzen gara, zenbait lekuetan zaila izaten baita  emakumeaz eta espetxeaz hitz egitea. Hamaika Telebistako programaren harira egon garen lekuetan, ordea, jende gehiagok ezagutu du egin dugun lana eta asko mugitu izan gara batetik bestera. Interesa sortu duen zerbait izan da.

Zuk zergatik aukeratu zenuen gai hau tesinarako?
Nik bikotea espetxean izan nuen. 2009ko azaroan atxilotu zuten Segiren aurkako operazioan eta 19 hilabetez espetxean egon zen. Horrek eragindakoa eta bisitetan beste lagunekin hitz egindakoa  barruan bueltaka nerabilen eta orduan erabaki nuen ideia horiek paperera eramatea. Tesinek badute metodo zientifiko bat jarraitu beharra eta oso polita izan zen beste jende bat elkarrizketatu behar izatea nire bizipenak konpartituak ote ziren jakiteko. Gai interesgarri asko atera zen. Barrutik asko mugitu ninduen baina, aldi berean, behar nuen gauza bat zen. Gaur egun ere asko maite dudan bide bat zabaldu zitzaidan.

Nor elkarrizketatu zenuen lanerako?
Ez nuen jakin horretan mugatua izaten eta jo nuen haien bikotekidea espetxean izan zuten hiru emakumerengana. Espetxean emakumeek bizi duten egoera aztergai nuenez, lau emakume preso ere elkarrizketatu nituen eta kontrasterako hiru mutilekin ere egon nintzen: bi espetxean egondakoak eta  bikotekidea barruan zeukan beste bat. Abaniko zabala izan nuen. Tesina batek ez du askorako aukera ematen eta gainetik landu behar izan nuen, baina auker aizan nuen ikusteko kanpoan dauden pertsonak, batez ere emakumeek, nola bizi dituzten harremanak haien bikotekidea barruan dagoenean. Ikusi nuen baita ere, barruan dagoen hori emakumea dagoenean zer gertatzen den.

Alde handia al dago?
Oso ezberdina da bizipena. Emakumeen protagonismoa alde batean edo bestean egon oso diferentea da. Espetxetik kanpo dagoen bikotekideak bere gain zaintza lan handiak hartzen ditu –paketeak prestatu, dirua bidali, beharrizanak kontuan hartu–, bestea ondo egotearren egin beharreko lanak dira. Bikotekidea barruan zuten emakumeen kasuan, lan guztiak bere gain hartzen zituzten eta mutilen kasuan, orokorrean, zaintza lan hauek gehiago banatzen zituzten lan horiek familia eta lagunekin. Nik elkarrizketatutako emakumeei karga handia suposatzen zien zaintzak.

Euskal presoen kasuan babes sareak eratuta daude. Hori ez al da lagungarri izaten?
Txanponaren bi alde daude hor. Alde batetik ezin da ukatu babes sare hauek familiari eta inguruneari gauzak errazten dizkiola. Euskal presoen kasuan ez da estigmarik ematen, preso sozialen kasuan bezala eta hori sare horrek sostengua ematen du, bai ekonomikoki edo baita bisitetan ere. Sare horiek oso garrantzitsuak dira horrelako egoerak aurrera eramateko, baina momentu batean presio guneak izan daitezke. Nik tesinan ikusi ahal izan nuenez, emakumea eta presoa hainbeste babestu nahi izate horrek, bizitza pribatuetan sartzea dakar. Harreman nola daramazun aztertzen du jendeak. Demagun, maitasun harreman irekiak izatea erabakitzen duela bikoteak, bada erabaki hori askotan zigortu egiten da. Harremana momentu batean uztea erabakitzen denean ere berdina gertatu daiteke. Babes sare hori, kontrol sare bilakatzen da. Muga fina dago babesa eta kontrolaren artean, baina hori gizartean orokorrean gertatzen da. Lagunartean ere pasatzen da, askotan ez dugu jakiten zenbateraino sartzen dugun muturra besteen bizitzetan. Interesgarria da gaia mahai gainean jartzea, ez inor gaizki sentitzeko, baizik eta gogoeta egiteko. Geure buruari galdetu beharko genioke nola jokatu dugun horrelako kasuetan eta zein puntutan lagundu diogun bikote horri. Kalean, bikotekidea barruan duen emakumea topatuz gero, beti galdetzen zaio preso dagoen horren inguruan eta ahaztu egiten dugu parean dugunak sentimenduak eta beharrak dituela. 'Zer moduz zaude zu?' galdetu behar genuke hasteko eta gero barruan dagoenaz interesa agertu. Ez da erraza bikote harremanak egoera horretan eramatea eta beraz, kanpoan geratu denak behar du babesa, maitasuna eta sostengua.

Norberaren identitatea lausotu egiten dela esango zenuke?
Ni-aren galera bezala izendatu nuen tesinan. Bat-batean beste horren luzapen bat bilakatzen zara. Preso dagoenek ezin duenez egon, zu joaten zara kuadrillako bazkarira, zu egoten zara familiarekin, zu izaten zara ez dakit zein ekitalditara joango dena... Zu izateari utzi eta beste horren bozeramale bihurtzen zara. Egia da zuk duzula informazio asko presoaren inguruan baina gehiegizkoa da bere ordezkaritza bikotekideari bakarrik eskatzea. Neurrian asmatzea garrantzitsua da ni-aren ezabapena gerta ez dadin eta aldi berean, preso dagoen horren egoera zabaltzen jarrai dezagun. Ordezkaritza hori ez du zertan bikotekideak bakarrik hartu behar, lagunak, herritarrak gaude atxikimendu hori adierazi dezakegunak.

Zer ikasten da gisa honetako prozesuetan?
Nik elkarrizketatu nituen emakume guztiek ahalduntze prozesu bat egin zuten, oso interesgarria. Ohartu ziren, egoera horietan bazeudela egoera batzuk gehiegi gustatzen ez zitzaizkienak. Maitasun erromantikoaren baitan garatzen ditugu normalean gure harremanak eta horrek suposatzen duenaz hausnartu dute elkarrizketatuek. Pertsona batekin denbora asko pasatzea bezala ulertu ohi dugu maitasuna, eta kasu honetan ezin duzu denbora asko pasa. Baina aldi berean pertsona gehiago dituzu inguruan eta beharrizan afektiboak –eta batzuetan sexualak– beste leku batzuetan topatu ditzakezula konturatzen zara. Maitasun harremanak zabaltzen doaz, lagun eta jende berriaren artean, zure zaletasunak gehiago jorratzen dituzu, nortasuna indartu eta ondo sentiarazten zaitu horrek. Bada prozesu interesgarria. Bikotekidea preso duen pertsonaren askatasuna eta pozik bizitzeko aukera onartzen ez ditugunean sortzen da arazoa. Bikotekidea preso izateagatik etengabe gaizki eta triste egon behar duzula dirudi. Egia da egoera oso gogorra dela baina kapazak gara egoera txar horietan aurrera egin eta bizitza ahal bezain duin eramateko. Egoera ahalik eta gustukoenak eta gustagarrienak bizitzen saiatzen gara. Kanpoan geratzen den bikotekideari onartu behar diogu bere garapen pertsonala eta babestu behar dugu, indarrak hartu ditzan eta egoera gogor horietan ahalik eta osoen egon dadin.

Preso daudenen artean sexualitatea nola bizi da?
Espetxea berak modu oso diferentean garatzen du emakume eta gizonezkoen sexualitatea. Adibidez, Frantziako espetxeetan aurrez aurreko intimorik egiteko aukerarik ez da egoten. Ez da horrelako espaziorik sortzen eta bisitetan kristalik egon ez arren, sexu harremanak izatera behartuta sentitzen dira bikotekideak. Elkarrizketatutako emakume presoek aipatzen zuten, beraiei askoz gehiago zelatatu eta zigortzen zaiela. Espetxe sistemak ulertzen du, gizonezkoek beharrizan gehiago dutela emakumeek baino. Emakumeak goxoak, esanekoak eta otzanak izan behar dugu eta ezin dugu desira sexualik adierazi, gizonezkoen kasuan naturaltzat hartzen denean.  Nabarmena da espetxe sistemak, maskulinitatean oinarritutako eredu bat nahi duela eta horren barruan sartzen ez diren gizon eta emakumeek asko sufritzen dute.

Aurrez aurrekoak estereotipatutako espazioak dira?
Batzuentzat oso momentu gogorra bihurtzen da hori, batez ere espetxealdiaren lehen momentuan. Miaketak pasa, arku bat zeharkatu eta haiek esandako ordu, leku eta gela horretan, nolabait behartzen zaituzte sexu harremanak izatera. Eta badirudi, gainera, nola hilean behin den bisita hori, horretarako baliatzen ez baduzu galdutako aurrez aurrekoa dela. Presio handia da eta zaila egiten da egoera horretan goxo egon eta sexu harremanetarako gogoa edukitzea. Agian espazio hori nahiago lukete batzuk besarkatuta egon eta kontutxoak elkarri esateko baliatu. Emakume batzuk sentitzen dira objektu sexual bezala, nahiz eta maite duzun pertsona batekin izan. Nik uste, desakralizatu beharko genituzkeela espazio horiek. Denborarekin bilakatu daitezke espazio goxo eta erotikoak.  

Zenbaterainoko arrastoa uzten du espetxeak bikote harremanean?
Espetxea bizitzea tokatu zaien guztiei –barrutik edo kanpotik– sumatu dute eragina, norberaren nortasunean arrastoa uzten du espetxealdiak. Momentu oso muturrekoak bizitzera garamatza eta espetxealdia amaitzen denean ere, harremana birnegoziatu eta birmoldatu egin behar izaten da. Bestea berriz ezagutzeko denbora hartu behar dugu. Prozesu horiei behar duten denbora eman behar zaie. Babes sare horiek difuminatu egiten dira espetxealdia amaitzerakoan, eta beste sare batzuk antolatzea garrantzitsua da. Laguntza psikologikoa ematen duen Jaiki Hadi edo Harrera elkartearen lanak oso beharrezkoak dira. Eta, noski, gu guztion elkartasuna ezinbestekoa da. Gertuan ditugun pertsona horiei gure belarria eta sorbalda eskaini behar dizkiegu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!